Artearen puntu amankomunak

27 artistaren lanak biltzen ditu Zarauzko Photomuseumeko 'Mysterion. Artea ez dago espero den lekuan' erakusketak. Modus Vivendi' bildumako obrak dira denak, eta urriaren 2ra bitarte egongo dira ikusgai

Mysterion. Artea ez dago espero den lekuan erakusketako pieza batzuk Zarauzko Photomuseumen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Zarautz
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Euren artean zerikusirik ez duten 30 obra inguru elkarren ondoan jarri eta batzen dituen puntu amankomuna bilatu die Jose Ramon Amondarain artistak. Fernando Garate eta Estrella Gomara arte bildumagileen Modus Vivendi bildumako artelanak dira denak. Amondarain bera komisario dela, honela izendatu dute erakusketa: Mysterion. Artea ez dago espero den lekuan. Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumeko hormak izango dira lan horien guztien erakusleiho urriaren 2ra bitarte.

Nazioarteko 27 artista biltzen ditu erakusketak: Wolfgang Tillmans, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola, Thomas Ruff, Paul M. Smith, Juan Usle, Vasco Araujo, Roland Fischer, Unai San Martin, Richard Pare, Shirin Neshat, Dario Urzai, John Baldessari, Georges Rousse, Alberto Garcia-Alix, Jose Ramon Amondarain, Sergio Prego, Leandro Feal, Carlos Irijalba, Ibon Mainar, Miguel Rio Branco, June Crespo, Andres Serrano, Per Barclay, Nan Goldin, Ian Wallace eta Jorg Sasse. Euren ibilbidean, argazkigintza erabili izan dute gehienek beste alor batzuetan esperimentatzeko, hala nola pinturan, arkitekturan eta idazketan.

Amondarainen hitzetan, obren hautaketak ez dio diskurtso egitura jakin bati erantzuten. Aldiz, piezak elkarren ondoan jartzeak nolabaiteko lotura formal bat ematen die. «Horregatik, artelan bakoitzak den edo izatera iritsi nahi zuen hori izateari uzten dio erakusketa honetan». Are, gaineratu du lan bakoitzak erakusketa osoari gehitzen zaion ezkutuko zati bat erakusten duela; obra bakoitzak berez ez duen zerbait, alegia.

Nabarmendu du obrek eta haien arteko harremanek, egileen garrantziaz haratago, Rupert Sheldrakek «erresonantzia morfikoa» deritzona gorpuzten dutela eta memoria kolektiboaren printzipioari erreparatzen diotela. «Talde bakoitzak bere historia du, zeinak kide guztiak lotzen dituen eta sarbidea duten». Horrela, «egileen arteko iragarri ezinezko elkarrizketak eta ustekabeko ahaidetasunak osatzen dute erakusketa».

Bildumagileengandik jaso zuen Amondarainek erakusketa osatzeko proposamena, eta berea izan da, beraz, koadroei zentzu edo ordena bat emateko ardura ere. Antzekotasunen logika baten gainean lotu ditu artistak eta euren lanak. «Geruza horiek azaleratuz eta gehituz doaz gainerako lanekin, errusiar mendia balira bezala, beren estratu ezberdinak zeharkatuz». Beraz, kulturalki esanahi bat bilatzeko nahiaren aurrean jarriko du erakusketak ikuslea. Izan ere, Amondarainen arabera, transmisio helburu argia duen ekosistema kultural baten bidez gauzatzen da artistaren lana. «Obrak igortzen duen errealitatearekiko loturan, eragina izan behar du ikuslearengan». Eta, hain zuzen, horixe du helburu Mysterion erakusketak.

Pozik mintzatu da museoko zuzendari Martxel Altuna: «Ohore handi bat da gurea bezalako museo batentzat artista horien guztien lanak hemen edukitzea». Bildumaren bi jabeek eta Amondarainek berak egin zioten museoari lanok ikusgai jartzeko proposamena. «Eta guk, noski, baietz. Aukera izugarria zen guretzat», azaldu du. «Donostian zegoen bilduma hau, beraz, nahiz eta egileak urrutikoak izan, Donostiatik bertatik ekarri ditugu piezak. Zortea izan dugu horregatik».

«Deskubrimendu bat»

Adierazi du museoko langileentzat «deskubrimendu bat» izan dela Modus Vivendi bilduma, ez baitzuten lehenagotik haren berri. «Hemen dugun hau bilduma horren lagin txiki bat besterik ez da; askoz ere pieza gehiago dira bilduma horren parte».

Amondarainen lana eta erakusketarekin izandako konpromisoa nabarmendu ditu gero zuzendariak. «Hark eman dio, eskuzabaltasun osoz, zentzua eta ordena orain hemen dugunari. Ikusleari gustatuko zaio, ziur nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.