Artearen praktika: jolasa eta trukeak

JAI Jardun Artistikoentzako Institutuaren egitasmoa abiatu berri dute Tabakalerako Artisten Gunean, eta abuztu amaiera arte iraungo du. Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Ibon Aranberri dira tutoreak: bitartekari lanetan ariko dira irakasle gonbidatuen eta ikasle parte hartzaileen artean.

Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Ibon Aranberri, Tabakalera atarian, Atotxako dorrearen aurrean. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Zure lan prozesuan darabilzun praktikatik zer jakintza tekniko partekatzeko gai zara?». Hori da gakoa: galdera bat, JAI egitasmoaren lehen gaia eta tresna. Jardun Artistikoentzako Institutuak hiru hilabeteko eskolak hasi ditu aste honetan, Donostian, Tabakalerako Artisten Gunean. Ekainean, uztailean eta abuztuan artista eta sortzaile talde zabal bat batuko da lanean: hiru tutore, hamabost irakasle gonbidatu, hamar ikasle eta koordinatzaile bat.

Bigarren urtea da Ibon Aranberri, Itziar Okariz eta Asier Mendizabal artistek JAI egitasmoa gidatzen dutela. Haiekin batera dira Ikerketa Batzordean Oier Etxeberria, arte garaikideen Tabakalerako arduraduna, eta Beatriz Herraez, Artium museoko zuzendaria, bi erakunde horiek elkarrekin sustatutako programa bat baita.

«Honen guztiaren hastapena, nolabait, enkargu bat da, Artiumek eta Tabakalerak egin zigutena orain dela bi urte eta erdi», azaldu du Mendizabalek. «Beti premia bat sentitu da, transmisiorako espazioak abiatzeko egitura akademikoetatik aparte; hau da: artistek zuzenean artistekin lan egiteko esparru bat, non pedagogiaren ideia bat landuko den». Lehen unetik prototipo batez mintzatu ziren, ezinezkoa baitzen eskola bat egituratzeko enkargu handia hasieratik bere forma osoan ematea. «Hazi egin beharko zuen, organismo bizidun bat balitz bezala».

Artiumetik eta Tabakaleratik igaroko ziren artistak proiektura erakartzea zenez borondateetako bat, lehen ideia izan zen, gonbidatuen zerrenda kidetasun baten edo diskurtso baten inguruan aukeratu ordez, alderantziz egitea: bi instituzio horietan urte horretan izango ziren artistekin lan egitea. «Horrek desplazatu egiten zituen gure erabakiak, eta behartzen gintuen forma sendo bat ematera. Orduan asmatu genuen aitzakia izan zen galdera bat eta beti bera egitea artista gonbidatu guztiei: zure lan prozesuan darabilzun praktikatik zer jakintza tekniko partekatzeko gai zara?».

Lisa Tan, Maria Salgado eta Maialen Lujanbio, esate baterako, Tabakalerako Komunikazio-inkomunikazio erakusketan daude orain; Artiumen, berriz, Xabier Salaberria, Patricia Esquivias eta, laster, Antonio Ballester. Nork bere jakintzak eta esperientziak trukatuko ditu JAIko ikasleekin eta parte hartzaileekin.

Narrazio lerro bat

Asterik aste, irakasle gonbidatu berriak izango dituzte ikasleek, eta aldiro gauza ezberdinak ezagutzeko parada izango dute. Bien bitartean, Mendizabal, Okariz eta Aranberri tutoreak hamabost eguneko txandak osatzen ariko dira. «Batak besteari lekukoa pasatu beharko dio», argitu du Aranberrik, «eta batek bere lan aldia bukatzen duenean, hurrengoari azaldu beharko dio zer gertatu den, zein izan diren esperientziak».

Kontakizun horrek garrantzi berezia dauka Okarizen aburuz, «sortu den oinarriaren gainean eraiki ahal izango dugulako». Mendizabal konturatzen da, «horrek narratiba forma bat hartuko duela, kontakizun lerro bat proposatuko delako ezinbestez». Aranberriren hitzez: «Kontzientzia hartzera obligatzen zaitu, sintetizatzera behartzen baitzaitu. Ez duzu deskribatu bakarrik egin behar, eman behar diozu baita ere zentzu bat. Eta hori bera ariketa bat da, azken batean».

JAIren bereizgarri funtsezkoa denez artista gonbidatuen aukeraketa neurri batean arbitrarioa izatea, haien artean ez dago aurretiazko loturarik. «Gertatzen dena gertatzen dela», dio Mendizabalek, «ariketen araberakoa izango da narratiba hau, ibili ahala eraikiko da». Eta orduan Aranberrik egin dio galdera bere buruari: «Zerk sortuko du batasuna? Egiturak egingo ditu loturak, eta ez diskurtso batek. Egitura da, guk hirurok, tutoreok eskainiko duguna». Eta Okarizek gehitu du: «Horrek definitzen du JAIren berezitasuna. Artiumen eta Tabakaleran lanean eta erakusten ari diren artistak beste sortzaile batzuekin harreman estuan egongo dira, eta denen artean jakintzen trukea gertatuko da».

Narrazioa osatze aldera, bidenabar, beste zenbait kontakizun gehiago ere landuko dira. Hain zuen, Chris Kraus idazle, editore eta arte aditu estatubatuarrak idazketa ariketa bat proposatu die parte hartzaileei lehendabiziko aste honetan. Orain uda osoan jardungo dute Ren Ebel artistaren laguntzarekin idazten, eta amaieran, Kraus berarekin bukatuko dute ariketa.

Defizit bati erantzunez

JAI egitasmoa diagnostiko zabal batetik datorrela nabarmendu du Aranberrik: «Bi instituzio hauen babesean hartu du forma, baina berez defizit bati erantzuten dio. Batetik, hutsune bat edo galera bat dago: ez artearen heziketan, baizik eta heziketa artistikoan; eta hau ez da ia inoiz bereizten». Bestetik, denbora gutxian gertatu da instituzio kulturalen hazkunde bat, eta instituzionalizazio horrek eragin handia izan du Euskal Herrian. «Instituzionalizazioak azelerazioa ekarri du: kultur eskaintza, programa eta zirkulazio ezberdin ugari. Baina beti bideratua izan da erakusketaren sistemara edo produkzioaren logikara. Eta guk ikusi genuen, harreman kontraktual horrek murriztu egiten zituela beste aukera asko. Horregatik, bestelako esperientzia batzuk eraikitzeko asmoa daukagu».

Diagnostikoak akademiarekin, unibertsitatearekin zerikusia ere badaukala iruditzen zaio Okarizi: «Artea irakasten ari da zientzia ofizialarekin zerikusia duten parametro batzuen barruan, haietatik hartuz erremintak. Prozesu praktiko eta plastikoetatik abiatuta, arteak galdu egin du pentsamendua, gauzak materialki pentsatzea». Okarizen arabera, esperimentaziorako eta trukerako espazioak sortzeko tresnak emango ditu JAIk: «Metodologia batzuk elkarren ondoan jarriko dira, eta beharbada ez dute zerikusirik izango euren artean. Hurbiltzeko bezala, urruntzeko moduak sor litezke».

Mendizabalen arabera, ez da pentsatu behar zer gertatu behar lukeen JAI eskolan, zer gertatu behar ez lukeen baizik. «Lehen egunean desegin beharreko gaizki-ulertua ikasleekin izan da; eta da, ez zaiela eskatuko ezer ekoiztea hemen dauden bitartean». Eskolaren helburua ez da izango beraien lanarekiko koherentea den hiru hilabeteko lan baten etekina gauzatzea. «Ikasleek jakintzat ematen dute, ekoizpen bat eskatuko zaiela. JAIren helburuetako bat izango da logika hori hankaz gora jartzea».

Aranberriren iritziz, «instituzio kulturalek gero eta gehiago bultzatu dute proposamenen ebentualizazio bat: gertakizunak». Jendeari estimuluak sortu, zerbait gerta dadin. «Guk alderantziz begiratzen dugu: JAIn ezer ez da gertatuko akaso, eta ezer ez gertatzearen alde ere egon gaitezke. Suspentsio egoera bat eraiki dezake JAIk hiru hilabetetan. Denboran eta erritmoan asperdura kontziente bat, guztiz bat ez datorrena instituzioen erritmoarekin».

Eskolaren ideia bide bat bezala ulertzen du Aranberrik: «Zer den baino gehiago, zer izan nahi duen. Proposizio bat. JAIren osagaietako bat da jolasaren eta jokoaren zentzua. Ariketek badaukate izaera hori, eta JAIk berak ere bai». Mendizabalek erantsi du: «Aurreikusitako helbururik ez duen jardun baten logika dauka jolasak».

Bestalde, arte dizplinen kontzeptua egoki kokatzea inportantea da Aranberrirentzat. «Gero eta gehiago, instituzioek diziplina ezberdinen arteko gurutzaketa eskaintzen dute. Ez da hori zehazki JAIren izpiritua. Diziplina ezberdinen arteko erlazio bat bultzatzeko, diziplina horiek eduki behar dute forma egonkor bat. Gure ustez praktika artistikoa da, zauden lekutik bisitatzea inguruan dituzun hizkuntza kodeak, baina ez diziplina batetik bestea kalkatuz». Praktika artistikoa eginez eta jardunez eraikitzen den horixe da, Aranbarriren ustez, «ez hainbeste diziplina edo lengoaia kontua, baizik eta nola gurutzatzen ditugun geruza ezberdinak».

Esperimentazioa interesatzen zaio Okarizi: «Materialen bitartez eta eginez pentsatuko dugu arteaz». Eta Mendizabalek esperimentala hitzaren esanahiari heldu dio: «Esperimentala da, etekin jakin bat emango ez duen prozesu bat, bere buruaren kondizioak eratzen dituena. Beraz, ez dago desiragarria den etekin horren antizipazio bat. Sortzekotan, etekin hori sortuko da jardunean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.