Nazioartean bira egingo du Euskal Herriko arte garaikidearen lagin aukeratu batek. Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, Nekane Aranburuk GAUR (sic) arte garaikideko erakusketa ibiltaria antolatu du Euskal Herriko ikus-entzunezko zortzi lanekin; erakusketa Londresko PINTA Earl'2 Court Exhibition Centre jaialdian irekiko dute, ekainaren 15ean, eta 2015eko otsailera arte Hego Amerikako hainbat hiritan aurkeztuko dute: Tegucipalpan, San Josen, Mexiko Hirian, Montevideon, Cordoban (Argentina), Santiagon eta Managuan. Erakusketa ez da izango Euskal Herrian; Etxepare institutuko zuzendari Aizpea Goenagaren ustetan, helburua da hemengo artea nazioartean ezagutzera ematea. Dena den, Aranburuk egindako sailkapenaren katalogoa eskuragarri jarriko dute sarean.
Aranburuk 2011n jarri zuen martxan erakusketaren proiektua, Euskal Herriko azken urteetako arte garaikidearen bilakaera aztertzeko helburuarekin. Bilaketa horretan,hamabi artistaren ikus-entzunezko zortzi obra aukeratu ditu; lan horiek Euskal Herriko arte garaikidearen bilakaeraren ordezkariak dira, haren esanetan: «Euskal Herriko arte garaikidearen bilakaera erakusten duen dastatze sorta aukeratu dut, Etxepare institutuaren laguntzarekin, nazioarteko areto esanguratsuenetan aurkezteko. Sailkapena egitean, obraren testuingurua eta arte garaikidearen garapenean duen garrantzia baloratu ditut, lanari lehentasuna emanez artistaren izenaren edo ibilbide profesionalaren gainetik».
Aukeratutako ikus-entzunezko lanak hauek dira: Alaitz Arenaza eta Maria Ibarretxeren Sra. Polaroiska taldearen Pilota Girls, Sandra Cuesta eta Larraitz Torresen Colombina's taldearen Hacia la luz y los vegetales, Ixone Sadabaren Shipwreck with Spectator, Aitor Lajarinen Postcity, Juan Aizpitarteren Gen, Zuhar Iruretagoienaren Vexations, Saioa Olmoren Hamaika urte dantzan eta Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen Work in Progress. Obrek nazioartean ezagutzera emango dute egungo Euskal Herriko sorkuntzaren egoera, Aranbururen arabera. «GAUR izena jarri diot erakusketari, duela 50 urteko izen bereko artista taldearen izenean. Talde horretan euskal artista ezagunak zeuden, hala nola Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Arte garaikidea sortzeko eredu hori bertikala eta itxia zen; gizonezko irudi sendoek osatzen zuten. Nire ikerketan, gaur egun egoera asko aldatu dela ikusi dut; aukeratutako obren egileak ez dira horren ezagunak, eta horrek libreagoa eta denetarikoagoa egiten du erakusketa. Gainera, egile gehienak emakumeak dira, ez duela urte batzuk bezala. Erakusketa honetan, soilik bi gizonen obrak aukeratu ditut».
Irudia artearen adierazpide
Nazioartean batetik bestera mugitzeko askatasun handia izango du erakusketak, USB memoria batean eramangarria baita. «Erakusketa osoki digitala denez, ez dugu izango nazioartean ibiltzeko arazorik. Londresen Ixone Sadabak aurkeztuko du bilduma, eta ondoren Amerikako hirietan izango gara; baina gure helburua herrialde gehiagotan zabaltzea da, hemengo artearen lagin hau ahal bezainbeste ezagutaraztea».
Ehundik gora lan aztertu ditu Aranburuk, eta hiru ardatz erabil ditu aukeraketa egiteko: emakumeek egindako lanen indarra, taldean egindako lanen ugaritasuna eta diziplinarteko saltoa. «Erakusketa hau gaur egun sortzen den arte guztiaren ordezkari txiki bat da, baina ordezkaritza zabala eta askotarikoa biltzen saiatu naiz. Gainera, zortzi zenbaki egokia iruditu zait, infinitu kontzeptuaren esanahia bereganatzen duelako».
Lanetako askok hiriekin eta bidaiekin lotura dute. Sra. Polaroiska taldearen Pilota Girls bideoklipak hasiko du erakusketa. Bost minutu irauten du, eta, keinu metaforikoen bitartez, emakumea, esku pilota eta Bilboko hiria lortzen dituzte. Ixone Sadabaren hemezortzi minutuko Shipwreck with Spectactor Irakeko Halabja hirian grabatuta dago, eta Aitor Lajarinen Postcity-k Los Angelesen etorkizuna erakusten du fikziozko dokumental batean. Colombina's taldearen Hacia la luz y los vegetales, hain zuzen, road movie baten antzera egina dago, Larraitz Torresen esanetan: «Itzuli musikal baten antzeko forma dauka, baina gidoirik gabe. Mugimendua eta bidaiaren kontzeptua islatu ditugu».
Gainontzeko lanak abstraktuagoak dira. Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen Work in Progress-ek Lea-Artibaiko kautxuaren industriaren ekoizpen masiboa aurkezten du, eta modu prekarioan lan egiten duten emakumeen egoera salatu. Zuhar Iruretagoienak espazioa eta denbora landu ditu Vexations dokumentalean, izen bereko Eric Satieren obra musikala oinarri hartuta. Saioa Olmok patinetan irristan daraman emakume bat aurkezten du Hamaika urte dantzan lanean, eta Juan Aizpitartek eskultura digital baten mugimenduak ikertu ditu Gen obran. Aizpitartek matematika eta artea nahastu ditu bere lanean: «Sortutako objektu digitalaren mugak gainditzen saiatu naiz».
Artearen nazioarteko bira
'GAUR (sic)' erakusketa Londresen eta Hego Amerikan izango da: Euskal Herriko arte garaikideko zortzi obra biltzen dituNekane Aranburuk aukeratu ditu lanak, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu