Artearen matematika beltza

Elena Asinsek bere ibilbide oparoan egindako bost artelanekin osatutako 'Menhirrak' erakusketa bisitatu daiteke 2019ko martxora bitarte, Nafarroako Unibertsitateko museoaren areto nagusian

Irudian, erakusketan ikusgai dagoen Menhirrak eskultura. IÑIGO URIZ / FOKU.
Naiara Elola.
Iruñea
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Agnostikoa izan arren, oso emakume espirituala zen». Angustias Freijorenak dira hitzok. Elena Asins (Madril, 1940-Azpirotz, Nafarroa, 2015) artistaz ari da. Nafarroako Unibertsitateko museoan Elena Asinsen bost artelanekin —horietako bi Freijok utzitakoak—, Menhirrak erakusketa osatu dute. Zettel, Remarkson the Foundations of Mathematics, 3 in 3 Perspective Scale, Menhirrak eskultura, eta izen bera duen bere bariazio piktoriko bat dira bost artelan horiek. Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, oso erakusketa «berezia» da. 2015ean, Asinsekin beste erakusketa bat diseinatzen ari zirela hil zen artista, eta, ondorioz, proiektua ezerezean gelditu zen.Saiakera hartatik hiru urte igaro eta gero, museoarekin izandako harreman «onagatik», Menhirrak erakusketa ia urtebetez bisitatu ahal izango da, 2019ko martxora bitarte.

Asinsek berezko zuen espiritualtasuna Ortiz-Etxague aretoan sartu orduko nabari da. Oso modu berezian argiztatu dute museoko areto hori. Argi gutxi dago. Artistaren esanak kontuan izan dituzte argiak hautatzeko orduan. Rafael Levenfeld komisarioak azaldu duenez, erakusketaren protagonistak, Menhirrak eskulturak «eskatzen» duen argia jarri dute. Izan ere, artistak ia berezko zuen mistikotasun horretatik sortutakoa da artelan hori. Hala, giro pausatua «nahita» eraiki dutela adierazi du Levenfeldek.

Komisarioaren lanketari esker, eta Menhirrak artelanak dituen proportzioengatik, erakusketan duen protagonismoa handia da. Gainera, aretoaren erdigunean kokatu dute. Asinsek 1995ean egindako obra 40 monolitoz osatutako eskultura multzo bat da. Horietako bakoitzak, oinarri modura, distiragabeko beltzez margotutako lau angeluko prisma bat du. Eta gainean, zati bat falta duen kuboa. Bigarren Mundu Gerran hildako AEBetako soldaduen omenez Normandian dauden zenbait hilerriren antza handia du lanak. Frantziako Dordoina eskualdeko Lascaux zonaldean dauden menhirrak izan zituen Asinsek inspirazio iturri. Xede bakarra du obrak: bisitariak sakratua kontzeptuaz hausnartzea.

Monolitoek elkarren artean elkarrizketa moduko bat eratzen dute. Hori zen, hain justu, Asinsen nahia: «Menhirrak oso malguak dira, ikusgai dauden espaziora egokitu daitezke. Bada aukera bata bestearen atzean jartzekoa, baina garrantzitsuena da piezen artean eratzen den hartu-emana». Sortzen diren harreman horien funtsezko faktore bilakatzen da argia. Izan ere, argiaren bitartez, beltzak diren monolitoak gris bilakatzen dira, eta izkinak ebakitako kuboen itzalak eskulturaren oinarrian islatzen dira. «Artistak proposatzen duena bidaia bat da, monolitoek dituzten ikuspegi eta itzal ezberdinetan barrena garatu daitekeen bidaia», dio Levenfeldek.

Perfekzionista zen oso Asins lanean. Freijok «langile amorratu» modura definitu du. «Orduak eta orduak ematen zituen, eta askotan jatea ere ahaztu egiten zitzaion. Gauza guztien gainetik zegoen artea». Sortzaileak artearen munduan garatutako ibilbidean, izugarrizko garrantzia izan zuten matematikek eta teknologiak, batez ere ordenagailuek. Aitzindari izan zen ordenagailuak sorkuntzarako erabiltzen. Ia «obsesio» bilakatu zen artistarentzat matematiken inguruko ikerketa, Freijoren iritziz. Ordenagailuak ikerketa hori gauzatzeko erabiltzen zituen. Bide hori jorratzen hasteko, mugarria izan zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, 1964an, IBMren laguntzaz eraiki zuten ordenagailua. Ia eraikin baten tamaina zuen. Zientzialariek erabiltzeko eraiki zuten arren, artistei esperimentatzeko aukera eman zitzaien. Asinsek berak azaldu izan zuenez, esperimentazio horren bitartez sortu zitzaion forma geometrikoekiko interesa.

Handik ia hogei urtera, 1987an, New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Computer Science departamentuan egonaldi luze bat egin zuen. «Nire bizitzako aukera izan zen; handik aurrera nire lana (mentala eta sormenezkoa) aberastu egin da, mugarik gabe, gainera», erantzun zuen artistak egonaldi hartaz galdetu ziotenean. Izan ere, ordutik aurrera, bere adierazpen plastikoa ordenagailuen bitartez egindako kalkulu sistematikoetan oinarritu zen.

Hala ere, Levenfeldek uste du Asinsen lana ez dela abstrakzioaren bidean kokatu behar: «Egia da sorkuntzaren adiera abstraktuaren eta kontzeptualaren arteko tentsioa etengabekoa dela, baina argi eta garbi, artista kontzeptuala da». Artistarentzat ordenagailuak gizateriaren «ametsa» gauzatzeko baliabide bat ziren. Izan ere, teknologiaren bitartez, hitzak, ideiak eta irudiak «manipulatzen» zituela adierazi izan zuen. Azken finean, abstraktua zena figuratibo bilakatzeko modua topatu zuen.

Gainera, oso iaioa zen hiru dimentsioko lanketatik bi dimentsioko lanketarako aldaketa gauzatzeko saltoa egiten. Erakusketan, esaterako, Menhirrak eskulturaren bi dimentsioko bertsioa dago. Freijo galeristak erosi zion duela urte asko. Nafarroako Unibertsitateko museoari utzi dio orain, erakusketak iraun bitartean. Izan ere, Freijo buru-belarri ari da Asinsen lana ezagutarazten. «Mundu mailan oso artista ezezaguna da. Ekarpen handia egin zuen, eta horrek nazioartean oihartzuna izan behar du», aldarrikatu du.

Artistaren karpetak

Aretoaren alde banatan, artistaren bi karpeta kokatu dituzte: Zettel eta Remarks on the Foundations of Mathematics. 1987an New Yorken sortuak dira; teknologiaren bidez egin zuen esperimentazioaren emaitza dira. Garai hartan, Columbiako unibertsitatean, adimen artifizialaren eta informatikaren eremuetan zuen ezagutzan sakontzeko aukera izan zuen. Esperimentazioaren bidetik garatu zuen ezagutza Menhirrak eskulturan, eta koadroan gauzatzea lortu zuen. Izan ere, plano edo bozeto izatetik, egiazko artelan bilakatu zituen, bakoitza bere eremuan. Levenfeldek adierazi duenez, bi karpetek artistaren jatorria «hobeto» ulertzen lagunduko diote bisitariari.

Zettel-ek, berriz, Asinsek aurre egin izan zion kezka bati erantzun zion: idatzitakoa irudi nola bilakatu. Artelanak Ludwig Wittgenstein filosoaren 249. aforismoa erreproduzitzen du. Ia 20 metroko luzera duen folio luze batean, hainbat aforismo islatu zituen, izaera ezberdinak dituen kuboen serie baten bidez. Ilustrazio baten antza dute, eta Asinsek, Wittegensteinek esan bezala, kuboak zuen interpretazio andanaren defentsa egin zuen: «Batzuetan ilustrazioa gauza bat bezala ikus dezakegu; beste batzuetan, beste gauza bat bezala. Beraz, intepretatzen dugu, eta ikusten dugu norbanakoak interpretatzen duen moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.