Artearen hogei gorputz adar

Gorputza ardatz duten hogei artista garaikideren lanak bildu dituzte Bilboko Berreginen Museoan, eta bildumako eskultura klasikoen kopien parean ikus ditzake bisitariak, urtarrilaren 29ra arte

Victor Baladoch artistaren bi argazki, antzinateko artelan klasikoen kopiak biltzen dituen BIlboko Berreginen Museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bisitarien mugimenduek sortutako haize ikararik txikiena nahikoa da sabaitik hari garden banari lotuta zintzilik dauden Maria Rubio Tortosaren tarlatana hari beltzezko bizkarrezurrari eta pelbisari eragiteko. Hauskor bezain zamagabe dirudite Bilboko Berreginen Museoko airean flotatzen, eta indartu baino ez du egiten inpresio hori justu haien atzean dagoen brontzezko Delfosko aurigaren eskulturaren kopiak, hura ere beltza, baina erabat tente, sendo eta ikaragaitz. Guztira, Euskal Herrian sortutako edo Euskal Herriarekin harreman estua duten 20 artistaren lan bana biltzen ditu museoan 20 gorputz, 20 artista erakusketak, eta ibilbidean etengabea da sorkuntza garaikidearen eta antzinako artelanen arteko hartu-emana. Besteak beste, Joseba Eskubi, Ixone Sadaba, Jessica Llorente, Zuhar Iruretagoiena, Elena Goñi, Zigor Baraiazarra eta Manu Arregiren lanak ikus daitezke, eta urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik.

«Askorik erabiltzen ez diren espazioak berreskuratzea izan da nire asmoa, beste kolore bat emanez, eta, agian, bestelako publiko bati ere zabalduz». Fidel Diez Mesak egin ditu komisario lanak, eta, dioenez, hasieratik izan zuen argi gorputza izango zela erakusketaren ardatza, eta horren arabera joan da, gero, artista taldea osatzen. Berez, medikua da ofizioz Diez Mesa, baina urteak daramatza Euskal Herriko artearen nondik norakoak gertutik jarraitzen, eta aurrez ere beste erakusketa kolektibo bat antolatu zuen iaz, Bilbon, Euskal Herriko UnibertsitatearenBizkaia aretoan. «Ez da onargarria hemen dauden lanen mailako piezak kutxetan gordeta gelditzea edota Instagramen bakarrik erakutsi ahal izatea: ikusgaitasuna eman behar zaie».

Mariam Puertas eta Andrea Abaigar artisten lan batekin hasten da ibilbidea. Hiru emakume ikus daitezke irudian: etxeko sukalde batekoa dirudien mahaiaren atzealdean daude, barruko arropa eta bainujantziekin jantzita, eskuez ardo botilei heltzen eta kamerari desafioz bezala begiratzen. Praxiteles eskultore klasikoaren Dionisoko Hermesen eskulturaren kopia bat dute ondoan. Komisarioak azaldu du jolasa: «Alde batean, antzinatearen edertasunaren kanon klasikoa, eta bestean, emakume errealak». Diez Mesak dioenez, arrakasta handia izan du bi artelanen arteko talka horrek sare sozialetan. «Biralizatu egin da».

Hain zuzen ere, museoko piezak hartu ditu langaitzat Joseba Eskubik. Eskultura klasikoen kopiak fotografiatu ditu lehenik horretarako, eta digitalki manipulatu ditu gero. Aldi berean, erdi antzemangarria eta artegagarria den irudi multzo bat osatu du artistak; igar daiteke oraindik ere antzinateko figuren edertasunaren arrastoren bat artelanetan, baina masa amorfo moduko bat bilakatzen da marmola tarteka, eta identifikatzen zail diren figurak sortzen ditu horrek.

Argazki eta foto muntatzeez gain, erakusketan badira bideo piezak, eskulturak, margolanak eta instalazioak ere. Ogiz sortutako gorputz adarrak sortu ditu Zigor Baraiazarra artistak, esaterako, eta papera josiz egin ditu bere marrazkiak Lusaba artistak. Izan, gorputza baitute erakusketa lan guztiek ardatza, eta, gainera, emakumezkoek sortutakoak dira bildumako lan gehienak, komisarioak zehaztu duenez. «Artisten zerrenda begiratzen duen bisitaria berehala ohartuko da horretaz, eta badago gogoetarako gai bat hor».

Courbet irauli bat

Gustave Courbet artistaren Unibertsoaren jatorria margolan ezagunaren kontrapuntutzat aurkezten du Elena Goñi artistak Bilboko Berreginen Museoan jarri duen autorretratu sorta. Hankak zabalduta dagoen emakume baten aluaren lehen planoko irudikapen errealista eskaintzen du aurrez aurre Courbeten lanak zehazki, kanpotik begira dagoenaren ikuspuntutik, betiere; eta, hain justu, kontrako talaiatik margotu ditu Goñik bere hankak eta gerrialdea erakusketako piezetan. Buruko min gogorrak izan zituen sasoi batean margotu zituen lanok artistak. Sasoi luzeak eman behar izan zituen ohean, eta denbora tarte horretan, bere hankak ziren maizen ikusten zituen gorputz atalak. Eta horregatik egin du gizonaren ikuspegitik ez baizik emakumearen ikuspegitik margotutako Unibertsoaren jatorriaren aipamena.

Jessica Llorente artistaren argazkiek ixten dute ibilbidea. Giza barrunbeen txatalak ikus daitezke irudietan, zientzia ikerketetarako xaflatan moztu ohi diren moduan moztuta, eta ia piktorikoa dirudi emaitzak. Haren ondoan, hilarri zahar baten kopia ikus daiteke, museoko zutabe sendoetako baten atzean erdi ezkutaturik. Diez Mesaren azalpena: «Erakusketa hau bukatzen da, ba, guztiok bukatuko dugun bezala. Egon da ibilbidea bukatu eta berehala ardo bat hartzera joateko beharra sentitu duenik, eta bai, hori da ideia: ospa dezagun une honetan bizirik gaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.