Artea erakusteko baliabideei ere oztopoak jarri dizkie pandemiak. Museoak eta galeriak hala moduz daude irekita, eta erakusketa asko bertan behera geratu dira edo muga askorekin egin ahal izan dute aurrera. Horiek horrela, lan artistikoak publikoari eta balizko erosleei helarazteko alternatibak bilatzen hasi dira zenbait. Bilboko Moving Artists elkartea da horietako bat, eta, hilabeteetako lanaren ondoren, abian du kaltea leuntzeko proposamenetako bat: Arte Non-nahi egitasmoa. Bilboko Udalak finantzatu du, eta bertako markesinak erabiliko ditu artelanak erakusteko euskarri gisa. Horiek saltzeko, online plataforma bat ere erabiliko dute.
«Momentu hain kritiko batean sektoreari babesa emateko ekintza bat da» Arte Non-nahi, Ignacio Rodriguez kideak adierazi duenez. Uste du arte piezen salmenta sustatzea «beharrezkoa» dela egoera honetan, eta, horretarako, dagoeneko «arrakasta» izan duen molde batera jo dute. Izan ere, Arte Non-nahi sortzeko Vilniusko Menas be stogo (Sabairik gabeko artea) egitasmoa izan dute «inspirazio eta erreferentzia» nagusi. «Haren bertsioa egin dugu. Hemen antzeko gauzarik egin izan da inoiz, baina ez markesinak edo hiri altzari publikoak erabilita».
Lituaniakoak bezalaxe, artisten lanen «ikusgarritasuna» bultzatzeaz gain, erosle berriak zaletzea ere badu jopuntuan Bilboko egitasmoak. Rodriguez jakitun dago bildumazaletasuna gauza «elitista» gisa ikusten dela hainbatetan: «Artelanak eskuratzeko eta arte bilduma propioa edukitzeko aukera urruneko zeozer balitz bezala ikusten dute herritarrek». Rodriguezek eta elkarteko gainontzeko kideek ez dute uste hala izan behar duenik, eta, hortaz,errezeloak izan ditzaketen horiek animatzea ere bada egitasmoaren xedea: «Helarazi nahi dugu edonork eros ditzakeela kalitatezko pieza artistikoak». Are gehiago egun: dioenez, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz jendeak denbora gehiago igarotzen du etxean, eta askok hura apaintzeko aprobetxatu dute, Rodriguezen arabera. «Aukera paregabea dute kalitatezko artea modu errazean erosi ahal izateko».
Moving Artists elkartekoek argi dute nori zuzenduta dagoen egitasmoa: «Konturatu gara gure target-a zera dela, museora edota zinema aretoetara joaten den eta liburuak erosten dituen herritarra», zehaztu du Rodriguezek. Dioenez, kulturan interesa duten horiek «xaxatu» nahi dituzte «hurrengo urratsa» egin dezaten: «Zergatik ez erosi indarra hartzen ari den artista baten pieza eskuragarri bat? Uste dugu hortik atera daitekeela etorkizuneko bildumazalea. Ez dira gutxi profil hori betetzen dutenak».
Obrak helarazteko fasean dago orain egitasmoa, otsailaren 22ra arte. Rodriguezek dio parte hartzea «arrakasta» izaten ari dela, «aurreikusitako langa gaindituta» baitzuten iragan ostiralerako. «Dozena erdi eskultura bidali dizkigute, baina nagusiki argazkiak eta pintura bidaltzen ari dira: teknika ezberdinekin egindako arte plastiko bisualak». Horien artetik 40 aukeratuko ditu Moving Artists elkarteko eta Okela Sormen Lantegiko kideek osatutako epaimahaiak, Bilboko markesinetan erakutsi daitezen. «Ahalik eta hautaketa orekatuena izan dadin saiatuko gara, askotariko ikuspuntuak erakutsi daitezen. Argazkiak, pintura... Heltzen zaigunaren arabera lehenetsiko ditugu batak edo besteak». Apirilaren 6tik aurrera ikusi ahalko dira Bilboko kaleetan, hamabost egunez, eta online plataforman eskuratu ahal izango dira bai erakutsiko diren horiek baita hautaketatik kanpo geratutakoak ere, maiatzaren 15era arte.
«Arazo estrukturala»
Birusak eragindako egoerak ekimena antolatzea «azkartu» duen arren, artisten prekarizazioa «aspaldiko arazoa» dela dio Rodriguezek, ez baita pandemiaren ondorioz sortu. «Estrukturala eta endemikoa da. Aurretik jakitun geunden sektoreak urteak zeramatzala arazo eta praktika batzuk egonkortzen, eta COVID-19ak dena leherrarazi du». Areago, 2008ko krisiaren aurretik sortutako egoera dela nabarmendu du. Krisialdi ekonomikoa mugarritzat hartzen da edozein sektoreren beherakadan, baina, artearen kasuan, eztenkada bat izan zen, sorburua bainoago. «Dena den, ez zuen lagundu, aurretik bazegoen prekaritatea okertu baitzuen. Krisialdietan, artea bigarren mailako zeozer bilakatzen da, eta, museo publikoak gorabehera, kutsu elitista hartzen du».
Artearen salerosketari orobat eragin die bai duela hamarkada pasatxoko krisialdiak, baita azken urtekoak ere, baina, sektorearen gainontzeko ertzekin gertatu den bezala, hari ere aurretik zetozkion buruhausteak. Rodriguezek dioenez, artearen merkatua «oso konplexua» da, «lobby asko» baitaude, eta, horrenbestez, «traba handiak daude artistarentzat, publikoaren zati handi batentzat helezinak» bihurtzen baititu merkatuak artelan batzuk, paradoxikoki. «Gehien arduratzen gaituen kontua da, bereziki azpimarratu nahiko genukeena: merkatuak batere osasuntsuak ez diren praktika asko jaso ditu, eta artearen salerosketak bultzada argiagoa behar du, zalantzarik gabe».
Bilakaera hori dela-eta, Moving Artistseko kideek jopuntua aldatzea erabaki zuten 2019an. Bi urte lehenago sortu zen elkartea, eta «gatazka edota isolamendu egoeran zeuden herrialdeetan» jarri zuten hasieran arreta, Rodriguezek azaldu duenez: hala nola Afganistanen, Iraken eta Palestinan, hemengo artistak gogoan edukiz, betiere. «Bidaietatik itzultzean, ez genuen soilik hango egoera aztertzen; ispiluan begiratzeko ariketa egiten genuen, tokiko arte garaikidearen praktika nolakoa zen ikusteko». Alderaketa ariketa horiek baliagarri izan zitzaizkien «sektorearen larritasunaz» jabetzeko, eta, hortaz, tokiko egoera hobetzeko lan egitea erabaki zuten duela bi urte. «Praktika artistiko garaikidea bultzatzeko proiektuak diseinatzen hasi ginen, eta, pandemiaren ondorioz, ahalegin handiagoa egin behar izan dugu».
2020a urte «gogorra» izan dela dio Rodriguezek, eta, iazko eta aurtengo egoitza artistikoak bertan behera utzi behar izan dituzten arren, beste hainbat egitasmo garatu dituzte. Besteak beste, seminario bat antolatuko dute martxoan, non «artearen eta filosofiaren arloetako nazioarteko erreferenteek hausnartuko» baituten. Halaber, Arte Non-nahi «hedatuko» dute aurki, egitasmoaren beste bertsio batzuei ekingo baitiete. «Introspekzio asko egin dugu, eta esperientzia berriak diseinatu».
Artearen erakusleiho berriak
Arte Non-nahi egitasmoak 40 artelan erakutsiko ditu Bilboko markesinetan. Apirilaren 6tik aurrera erakutsiko dituzte heltzen zaizkien lanen artean hautatutakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu