Artearen bestelako talaia

Alkizako lurretan dagoen Ur Mara ez da ohiko museo bat; erakustoki izateaz gain, artista eta arte zaleen topagune izan nahi du, bere zentzurik zabalenenean.

Ur Mara museoan erakusketak antolatzen diren berotegia, eta kanpoan erakusgai dauden eskulturetako bat. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKIPRESS.
Alkiza
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Umana Alkiza eta Asteasuren (Gipuzkoa) arteko mugan dagoen lursail baten toponimoa da, etimologikoki urak e(ra)mana esan nahi omen duena. Hortik dator, hain zuzen ere, Ur Mara izena. «Hasieran, Umana mantendu nahi genuen, baina erreferentzia asko zituela ikusirik, antzeko zerbait jartzea otu zitzaigun, orduan sortu zen Ur Mara», esan du Koldobika Jauregi eskultore (Alkiza, 1959) eta gune horretako sortzaile nagusiak. Izenak dakar izana. Eta, Ur Mararen kasuan ere halaxe da. Izan ere, Ur Marak uraren, —aberatsa den zerbaiten—, igarotze «xuabea» adierazten du. Elurra mara-mara nola, ura ere hala. Alkizatik datorren erreka bertatik igarotzen baita. Ur Marak ingurunea adierazten du, baina badu zerbait artetik ere. Tokiak berak bezalaxe.

Asteasutik Alkizarako bidean, garai batean Baldosas Jarri enpresa eta untxi haztegi bat zeuden tokitik irits daiteke Ur Marara, oinez. «Hasiera-hasieratik argi izan genuen gune honetan ez genuela nahi ez aparkalekurik, ez asfaltorik, ez umeak jolasteko parkerik, ez eta mahairik. Masifikaziorik ez, beraz». Autoa uzten den tokitik gurdibide bat hartu eta berehala iristen da sarrerara, zementuz eginiko aterpe batera. Handik basoan barrena aldapa gora eginda aurki ditzakegu Ur Marako gune nagusiak: egurrez egindako txabola bat, egurats zabalera irekitako auditoriuma, eta harrizko eskulturak eta berotegi bat daudeneko zabaltokia. Guztiek dute euren historia. «Berez guztia egurats zabalean egiteko asmoa bazen ere, hemengo eguraldiak ez du horretarako aukerarik ematen». Hori dela eta, moldatu egin dituzte sarrerako aterpea, egurrezko txabola eta berotegia.

Ur Mara orain urte eta erditik dago martxan, baina asmoa lehenagokoa da. Artea, natura eta etnografia uztartzen dituen proiektu honetan interesa zutenen artean auzolanean eraikia da guztia. «Artearen balioa krisian dagoen garai honetan, ikuspegi alternatibo kritiko eraikitzaile batetik eraiki da Ur Mara». Ideia Alemaniatik ekarri zuen. «Han badaude filosofia honetan oinarritzen diren guneak. Aldea da han diru askorekin egiten dituztela, eta hemen gutxirekin». Lurrak, guztira hamaika hektareako saila, pribatuak, Jauregiren familiarenak, badira ere, gunea guztiei irekia dago. «Sarrera doakoa da. Ikusleek ez dute sarrerarik ordaindu beharrik sartzeko, ez eta artistek euren lanak erakusteko ere». Hala ere, bisita gidatuak eta eskola taldeentzako jarduerak egin daitezke, aurrez hitzartuta.

Irekia eta parte hartzailea

Ur Mara ez da ohiko museo bat. Ingurune naturalean kokatutako espazio berezi bat da: irekia eta parte hartzailea. Berotegia, hainbat artistaren lanak erakusteko erabiltzeaz gain, kontzertuak eta bestelako jarduera batzuk egiteko baliatzen da. Uztailean bertan, esate baterako, akordeoi eta biolontxelo kontzertu bat eskaini zuten, eta uztailaren 29tik abuztuaren 4ra bitarte, Paper eta Artista Liburuaren II. Tailerra antolatu zuten. Han, besteak beste landaretik abiatu eta papera nola egiten den erakutsi zuten. Papergintza Ur Maran oso errotua dagoen gaia da. Aurrera begira, papera egiteko erabiltzen diren urki bereziak (Betula papirifera) eta papiroak landatzeko asmoa dago. Gainera, ekialdeko kaligrafian aditua den hawaiitar bat, eta Kaliforniako arte terapeuta bat ere ekarri nahi dituzte. Hazitik arteraino jardunaldien barruan biltzea pentsatu dute. Hori guztia artea da: paperean hitza da mezua; eskulturan ez, ordea.

Jauregi eskultore autodidakta da; bere kasara hasi zen egurra eta harria landuz sormen lanak gorpuzten. «Harriak eta egurrak berez dute nortasuna. Artistak istripuak eragin eta izorratu egiten ditu bere mezua helarazteko, zerbait kontatzeko». Jauregiren arabera, materialak berak berez bere prozesua jarraitzen du. Hortaz, arteak berak ez du baliorik ez bada zerbait adierazteko. «Arteari balio handiegia ematen zaio; artea beti hor egongo den eta balio erlatiboa duen zerbait da». Geure ingurunea eta geure burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digun tresna gisa ikusten du artea Jauregik. Horretarako, baina, beharrezkoa ikusten du erakusketetan erakusgai egon ohi diren artelanak aurkeztu eta euren sortze testuinguruan kokatzea. «Ondoren, bakoitzak bere gogoeta egin dezake, baina ikusleari pieza testuinguruan kokatzea ezinbestekoa da artistaren lana ondo uler dezan. Alde horretatik, gaur egungo museoak zaharkiturik daude, arteak ez baitu mugarik». Hain zuzen ere, hori da berotegian erakusten diren erakusketekin egiten dena. Artistei esperimentatzeko aukera ematen dien laborategia da, eta ondoren, emaitza jendeari aurkeztu eta erakusten zaio.

Krisi garaian, martxan

Krisia da gaur egungo testuinguruan hitzik aipatuenetakoa. Krisiak, baina, Ur Mara proiektua geldiarazi beharrean bizkortu egin du. «Esku artean genituen bestelako gauzak nahiko geldirik egotean, Ur Marari abiada emateko aprobetxatu dugu». Auzolanean egina izatean, azpiegituretan ez dute ia dirurik gastatu, eta diru kontuak ez dira oztopo izan eurentzat. Izan ere, erakundeetatik ez dute inolako laguntzarik jaso.

Hala ere, gogotsu ari dira lanean, eta badute aurreragoko asmorik ere. Dorre eoliko batzuk jarri nahi dituzte gunea argiztatzeko beharrezko energia lortzeko, eta komun lehorrak egitekoak ere badira. Gainera, bere historia duen zaharberritutako egurrezko txabolari eman nahi diote erabilera. Henry David Thoureau idazle, olerkari, filosofo eta pentsalari estatubatuarraren Walden saiakeran oinarrituta eraiki zuten. Orain, mundu osoko mezuen gordeleku bilakatzeko Hitzaren babesa proiekturako partaide bila dabiltza. Mundu osoari irekita dago Ur Mara. Sarreran bertan, tibetar ikurrin batzuk ikus daitezke, Ropka-Euskadi GKEak laguntzen dituen errefuxiatu tibetarren omenez. Han idatzitako otoitz haizeak zabaltzen omen ditu. Ur Marako mezuak ere zabalduko dira, proiektu iraunkorra baita, eta irauteko sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.