Arte garaikidearen basotik zeharkaldi bat egitea da Arcotik ibiltzea. Zeharkaldi aski kaotikoa; orain dibertigarria, orain zorabiagarria. Erraldoia da azoka, eta asko dago ikusteko, asko. Basoan aurrera egin ahala, baina, gero eta gutxiago ikusteko arriskua ere hor dago. Goraino betetzen dira begiak irudiz, kolorez, formaz, testuraz, eta, amaiera alderako, etsigarria bihur daiteke lan interesgarri askoren ondotik ibili, baina haiengana tentuz hurbiltzeko indarrik edo buruan lekurik ez izatea.
«Azken hamarkadako azokarik onena». Titulu hori utzi du 38. Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak. Bost eguneko zurrunbiloaren ondoren, profesionalen zein erosleen gorakada nabarmendu du Carlos Urrozek gidatutako taldeak. Aurten ere lehen bi egunak profesionalentzat gorde dituzte, eta hurrengoak publiko orokorrarentzat. Baina izan, azoka bat da Arco. Eta merkatu horren azpiak ezagutzen ez dituenari arrotza egin dakioke salerosketa hain gertu sentitzea; erakustokietako gelatxoetako sartu-irtenak edo belarrira nahigabe sartzen direnak. «Zenbatean dago?», bildumagileak. «Berrogei», galeristak. «Lekua izanez gero, sekulakoa da». Bildumagileak: «Hori da arazoa; lekua».
Arazoa ez da dirua. Edo bai. Aurten obrarik garestiena Miroren Personnage et oiseau (1963) koadroa izan da, lau milioitik gorako prezioan saldu du Lelong galeriak. Hurrengo biak ere izen potoloenak: Pollocken Sun-scape 2,1 milioi eurotan saldu dute, eta Kandinskyren Au milieu 1, 85 milioitan. Ingurura begira, jolasa izan daiteke asmatzea zein etorri den erostera, zein bisitatzera. Bigarrenetakoa bazara, beste jolas bat izan daiteke pentsatzea zer eramango zenukeen etxera, jakinda nekez eraman ahalko duzula ezer. Zenbakiak zoratzekoak baitira kasurik gehienetan. Sentsazioa ere izan dezake batek milioidunen artetik ari dela. Ikasle gazte batzuk agertzen diren arte, motxilak zintzilik.
Barrura sartu eta lehen gauza plano bat hartzea da aholkua, egin nahi duzun bidea zehazteko, buruan dituzunak lokalizatzeko. Planoak plano, edozein erraz galtzen den arren hemen. Ifema guneko 7 eta 9 pabiloi ia osoak hartzen ditu azokak, eta egitarau orokorra da haren oinarria; 166 galeriarekin aurten, iaz baino sei gehiago. Bederatzigarrenean biltzen dira galeria gehientsuenak eta zazpigarrenean historikoenak. Horien artean izan da Bilboko Carreras Mugica. Azken urteetan bera izan da Madrilera gerturatu den Euskal Herriko galeria bakarra, eta euskal artearen izen handiak eraman dituzte, eskulturari lotutakoak asko: Juan Perez Agirregoikoa, Txomin Badiola, June Crespo, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Xabi Salaberria, Asier Mendizabal, Itziar Okariz...
Bada, antolatzaileen titulu bera eman du Ignacio Mujika galeristak, jada Bilbotik: «Guretzat ere azken hamarkadako urterik onena izan da». Pozik daude eramandako ia artista guztien lanak «mugitu» dituztelako, eta, gainera, norabide askotan. «Hori gustatzen zaigu, dibertsitatea egotea. Berme bat da: instituzioak, Lisboako bildumagile bat, Madrilgo beste bat, Bruselako bat, Donostiakoa...». Madrilgo Reina Sofia museoak egindako erosketak borobildu du bereziki aurtengoa galeriarentzat: June Cresporen bi eskultura, Azucena Vieitesen Juguemos a prisioneras (1993-1996) instalazioko 36 marrazki, eta Nestor Basterretxearen 1958ko koadro bat, Composición de grises erosi dizkiete. Hala, erakustokia prestatzeko lan luzeak bere fruituak eman dituen gorputzaldiarekin geratu dira galeriakoak.
Baina handik kanpo ere topatu ahal izan dira Euskal Herriko artisten lanak: Esther Ferrer Angels Barcelona galerian, Alain Urrutia Casado Santapaun, Sergio Prego EtHallen... Moises Perez de Albenizek bildu ditu asko; egun Madrilen dago Iruñean hasi zen galeria, eta Euskal Herriko artea bilatzeko erreferentziazko gunea da oraindik ere azokan; aurten, besteak beste, Itziar Okarizen, Miren Doizen eta Ana Laura Alaezen obrak izan dituzte elkarren ondoan.
Ibilian-ibilian, deigarriak egiten dira lan ugari, baina aurrez ezagutu ezean, obren azalean geratzen da bisitaria. Bere esku geratzen da gero arakatze lana. Juana de Aizpuru galerian, esaterako, mezurik ez duten kartelekin topa zitekeen ikuslea, kartoi itxurakoak baina brontzezkoak; Fernando Sanchez Castilloren Hojarasca lana, edukiz hustutako iraultzari egin liezaiokeena keinu.
Hurbil zegoen Santiago Serraren Ninot, Espainiako erregearen lau metroko eskultura, erosi eta urtebetean erretzeko baldintzarekin izan dena salgai. Jendez inguratuta etengabe, azokako lanik mediatikoena izan da. Ez du, baina, estimu handirik lortu profesionalen artean.
Barruan baina kanpoan
Sail orokorraren bueltan, programa paraleloek jantzi dute azoka. Opening izan da horietako bat. zeinak zazpi urtetik beherako galeriak hartu dituen. Harrobi itxura hartu ohi du,datorren azokaren sail orokorrera jauzia egitea jokatzen baitute. 21 izan dira aurten, 9 pabiloiaren azkenean. Eta beste muturrean, azoka eremura sartu eta bertan, Dialogos saila. Belaunaldi eta testuinguru ezberdinetako artista biren obrak aurrez aurre izan dira, binaka eta errenkadan. 13 galeria eta 26 artista. Txileko Santiagotik heldutako Patricia Ready galerian, kasurako, Voluspa Jarpa eta Cecilia Vicuña artisten obra izan da parez pare, hitzik gabeko hizketan. Itsasgarri gorriz beteta zegoen erakustokia hirugarren egunerako, saldutakoaren marka. «Sekula ez naiz izan halako salmenta masibo baten testigu», zioen galeristak.
Festaren parte, Peru izan da aurten protagonista, herrialde gonbidatuaren rolean. Ez du espazio handia hartu; 15 galeria, 23 artistaren lanekin, Limakoak gehienak. Sharon Lerner komisarioak eman dio forma eta zentzua atalari, eta ehunak, zeramikak eta margoak nagusitu dira, ardatz baten bueltan: Kolon aurreko kulturen eta garaikidearen arteko segida.
Arte argitalpenei gordetako gune koloretsuak osatu du Arcoren barrua. Kanpoan, azokaren itzala luzatuz doa urterik urtera. Zortzi erakusketa paralelo ireki dira azoka egunetan hiriko beste gune batzuetan, ia denak Peruri lotutakoak. Matadero kultur zentroan, esaterako, Amazonias erakusketa izan da, eta Arco bisitatuta etorriz gero, nabarmena da aldea: bigarrena ez da artisten lanak ezagutzeko tokirik onena. Horregatik da azoka. Hala dio Mujikak: «Azokak zalaparta bat dira, 200 galeriatik gora, bakoitza hamar artistarekin, milaka obra... ezinezkoa da ikusteko. Artista baten ibilbideari kasu egin diozunean eta ezagutzen duzunean, bere obra bat erostea erabakitzen baduzu, horretarako izan behar luke azokak. Askotan, bildumazaleak oso eskura dituzten galerietara ez dira joaten, baina Arcora doaz gero. Eta instituzioek, berdin».
Asko dira, halere, Arcora artea ikustera joan direnak. Eta azokak izan dezake haiengan harra pizteko indarra. Baliatu beharrekoa Mujikarentzat: «Guri gustatuko litzaigukeena da jendea egunerokoan ikustea galerietara joaten. Baina beldur bat-edo dago; jende gutxi egoten delako, erostera barik ikustera zoazelako... Askok dute sentsazioa molestatzera doazela, baina guztiz kontrakoa da; erakusketa bat atondu ondoren,jendeak ikustea nahi duzu. Publikoak egin behar duena da ikusi, ikusi, ikusi; horrela bakarrik izan ahal izango du irizpide bat. Azokak ondo daude salmentak errematatzeko; arteaz gozatzeko, beste guztia dago».
Artearen azpiak eta azalak
Igandean itxi zituen ateak Madrilgo Arco Arte Garaikidearen Azokak, eta «azken hamarkadako azokarik onena» izan da antolatzaileentzat. Euskal Herriko galeria bakarra izan da, baina artista asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu