Artea

Artearekin ere jolastu daiteke

Etengabe eraldatzen ari den paisaia batean murgiltzeko gonbita egin du Maria Jerezen 'Herri bat behar da mendi bat altxatzeko' erakusketak. Hiru urtetik gorako haurrentzat dago pentsatua, baita helduentzat ere. Abuztuaren 25 arte egongo da, Tabakaleran.

Maria Jerez aritsta, Tabakaleran, erakusketako elementuen artean. TABAKALERA
Maria Jerez artista, Tabakaleran, erakusketako elementuen artean. TABAKALERA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko apirilaren 26a
05:10
Entzun

«Herri bat behar da haur bat hezteko» dio esaerak, eta esaera horretatik abiatu da Maria Jerez artista Herri bat behar da mendi bat altxatzeko erakusketari izenburua jartzeko. Situ-Akzioak programa dela-eta antolatu du Donostiako Tabakalerak erakusketa, eta abuztuaren 25era arte bisitatu ahal izango da, eraikineko lehen solairuan. «Prozesu guztiak kolektiboak dira, eta jende asko behar da aurrera eramateko», gehitu zuen artistak aurkezpenean. Izan ere, bai sorkuntza prozesuan, bai eta muntatzeko orduan ere, Pasaiako (Gipuzkoa) Karmengo Ama ikastetxeko eta Herrera ikastetxeko (Donostia) haurrekin aritu da, baita familia batzuekin ere, elkarlanean.

Hiru urtetik gorako haurrak joan ahal izango dira erakusketara, baita helduak ere. Egileak etengabe aldatzen ari den paisaia batean barneratzera bultzatu nahi ditu bisitariak. Paisaia hori ez da begiratzeko bakarrik izango, artistaren hitzetan: «jolasteko, esperimentatzeko eta eraldatzeko» ere bada. Plastilinaz egindako mendiak, tira egiteko sokak, bertan sartzeko zuloak, eguzki erraldoi birakari bat, oihalak... denetarik izango dute erakusketara bertaratzen direnek. Koloreen eta testuren garrantzia azpimarratu du egileak: «Dena da ukigarria».

Aretoan dauden elementuekin egindako interakzioaren bidez, jendeari inguruan duena hobeto ulertzeko aukera eman nahi izan dio artistak. Instalazioaz ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko, «ikusle rola alde batera utzi, eta ikusle ibiltari eta parte hartzaile bilakatzea» gomendatu du Jerezek.

Ekintzak

Erakusketaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte Tabakaleran bertan. Asteburuero, 12:00etan, familientzako lantegiak egongo dira, erakusketako edukiak ezagutu eta haiekin esperimentatzeko. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira. Bestalde, datorren asteartean, Jerezek egindako dokumental bat emango dute Tabakalerako zineman: Maria va a la escuela. Belgikako ikastetxe bateko haurrek rol tradizionalei nola aurre egiten dieten kontatzen du filmak. Proiekzioaren ondoren, solasaldi bat egingo da egilearekin.

Ekainaren 1ean, 17:00etan, Blob pieza performatiboa aurkeztuko du artistak. Hartan, bi pertsonaren elkarketa azaltzen da, etengabe aldatuz doan ingurune batean. «Publikoak adi egon beharko du», azaldu zuen.

Maiatzetik uztailera bitarte, erakusketa itxita egongo den goizetan, ikastetxeekin eta bestelako taldeekin ere jarduerak egiteko asmoa dute erakusketaren antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.