Azalberritzea da mudatzea; iraganaren zati bat utzi, eta aitzina begiratzea; «amore ematen jakitea». Eta berak bizi izan duen muda kontatu eta kantatu nahi izan du Thierry Biskarik (Anhauze, Baxenabarre, 1976), kaleratu berri duen Muda diskoan. Izen artistiko gisa, aitatxirena hartua zuen bere bakarkako lehen diskoan: Manez. Sustraiak omenduz, ahaide, auzokide eta adiskide batzuen bizi parteak kontatu zituen; «lurrarekin eta komunitatearekin» zuen harremana aipatzen zuen. Orain, aitzina pauso bat da Muda, eta hamaika kantetan, «itxaropena» eman nahi du Biskarik.
Disko hau zer da zuretzat?
Lehen diskoan aipatzen nituen barnealdea eta etxaldearen segida, 1980ko eta 1990eko hamarkada, ene haurtzaroa eta nerabetasuna. Disko honek ene bizitzako beste garai bat aipatzen du, zeinean barneko lanak aipatzen ditudan. Kantuak bildu ditudanean, begi bistakoa izan da mudaren gaia. Azkenean, lotura egin dut ene bizitza pertsonaleko gauzekin eta entzun ditudan istorio batzuekin. Ez dira denak ene istorioak, baina denek dute oihartzun bat ene baitan.
Bizi izandako aldaketen isla da?
Hori da. Orain, lasaiago bizi naiz. Barne prozesu baten isla da. Mina bada, baina gaur hobeki naiz.
Esperantza eman nahi zenuen.
Bai, hori da mezua. Gaiak biziki pisuak izanik ere, bada goxotasun bat musikan, melodietan, harien bidez... Itxaropena erakusteko. Jendeari esperantza mezu bat ematea bilatzen dut, gauza dramatiko horretara erori gabe.
Amodio istorioak, hausturak, izan dituzun minak eta zauriak aipatu dituzu... Nola bizi duzu hain intimoak zaizkizun gaiak publikoki zabaltzea?
Galdera ona da. Ez dakit... Ez dakit zer ekartzen didan. Pertsonalki, pentsatzen dut orrialde bat pasatzea bezala dela. Baina egia da duda anitzekin egin dudala, beldurrarekin ere. Ez nekien zentzurik ba ote zuen jendearekin hori partekatzeak. Halarik ere, lehen kontzertuak lasaitu nau, Iruñean. Jendea jarririk zegoen, maskararekin, eta uste nuen jendea joanen zela... Baina ez.
Zergatik joanen ziren?
Beldur nintzen sobera zaila izanen zela, ilunegia. Muda... Bortitza da. Bizitza hau zaila da. Eta nik hori kontatzen dut. Emozioak partekatzen ez diren leku batetik heldu naiz: familian, herrian... Horrela da, eta hunkigarriak dira; badute beste manera bat gauzen errateko. Baina zaila da. Eta giro horretan, zaila izan zait jakitea nor nintzen eta nor izan nahi nuen. Orain, ez naiz kukutzen. Beraz, biluzten naiz baina ez da hain lanjerosa ere. Eta artistikoa da; beraz, bakoitzak nahi duen bezala ulertzen ahal du. Egia da musikalki badela ezberdintasun bat lehen diskoarekiko, eta horrek beldurra sortzen zidan. Hau ez da lehena bezain arina, aise sakonagoa da. Jeremy Garatek lan handia egin du.
Aipa dezakezu Bartak kantua?
Aturri eskuin aldean den hezegune hori dira Bartak. Etxalde batzuk badira, erdi utziak. Han, denbora pixka bat gelditua bezala da. Ibai bazterrean den lainoa, isiltasuna... Gaizki nintzelarik, hara joan eta ontsa sentitzen nintzen. Kantu horretan transmisioaren gaia gehitu dut, izkirak arrantzatzeari buruz. Ideia zera da, erratea behar dela lotura egin, eta, orduan, etorkizun bat izaten ahal dela. Malenkonia batekin egin dut. Bernard Jourdain argazkilariak egin zituen biziki argazki ederrak Bartetan. Eta, nolabait, kantu horrek lotura egiten du lehen diskoaren eta bigarrenaren artean; pixka bat aparte bezala gelditzen da.
Zer lortu nahi duzu?
Zera erakutsi nahi dut, leku batean bizi naizela eta leku horrek baduela eragina; horretaz eginak garela. Donostian bizi naizela, faltan sumatzen dut barnealdea, toki horiek duten dimentsioa... Paradisu batean bizi gara barnealdean... Batzuetan infernu ere izan daitekeena, baina paradisu. Eta diskoari loturik, egia da melodiak ere ingurumenetik heldu direla anitz. Inspirazioa ematen du.
Nola irudikatzen duzu hurrengo diskoa?
Justuki, horri buruz ari nintzen pentsaketan azken egunotan, eta ez dakit batere. Orain bizi dudana hain da erraza, ez dakit zer konta. Kantatuko dut ontsa naizela? Ez dut uste. Baina badira istorio batzuk kontatzekoak. Eta gogoa dut lekukotasun batzuk emateko eta irudimena ere lantzeko. Mundu bat sortu nahi dut, zeren arteak hori ekarri behar baitu: ireki behar du oraindik ez den gune bat, edo erdizka hor dena. Horrek bide ematen dio bakoitzari bere historia beste manera batez ikusteko. Bestela, gordinegi da, zailegi.
Eta estilo aldetik?
Gibelean zerbait utzi dut, eta orain zer? Ez dakit. Anne Brunen azken diskoa entzun dut… Eta ufa! Agian hori izan daiteke bide bat? Baina jendeek ez dute fitsik ulertuko ! [Irriak] Musika elektroniko organikoak badu zerbait, baina horren egiteko ez dut nehor ezagutzen... Biziki atxikia naiz organikoari gauzak sinpleak eta soilak direlarik, efekturik eta mikrofonorik gabe. BBAX entzutean, gogoa dut bakarrik ahotsa egiteko... Kobreekin ere maite dut lan egitea, baina desberdinki eginen nuke.
Bakarka segituko duzu?
Ni taldeetatik heldu naiz, eta kosta zait bakarrik aritzea. Behar dut partekatu musikariekin. Hori da egin dudan akats bat: diskoa egin dut musikariekin jo aitzin, eta musikariekin aritzean ohartu gara gauza batzuk ezberdin eginen genituela. Ikusiko; ez dakit oraindik. Gero, ez da ene ogibidea; beraz, askatasun bat uzten dit.
Thierry Biskari. Kantaria eta musikaria
«Arteak oraindik ez den gune bat ireki behar du»
Duela bi urte 'Manez eta kobreak' plazaratu ondoan, bigarren diskoa egin berri du Biskarik bere izenean: 'Muda'. Bizi izandako «bilakaerak eta iraultzak» musikatu dituela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu