Juan Gorriti. Artista

«Artea zer den ez dakit»

Aralar mendian eta baserri munduan sustraituta dago Juan Gorriti artistaren lana, eta Donostiako Miramar jauregi osoa hartzen duen erakusketan jarri du orain ikusgai.

Inigo Astiz
Donostia
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Eta zer esan nahi du ba horrek?». Donostiako Miramar jauregia betetzen duten bere ehunka piezetariko batean eserita dago Juan Gorriti artista (Oderitz, Nafarroa, 1942), eta artelanaren esanahiaz egin dio galdera bisitari batek. Hamaiketako modura jaten ari den urdaiazpiko egosiari egin dio keinu berak. «Honek, adibidez, zer esan nahi du urdaiazpiko honek? Ba gosea kentzen didala. Hemen ere berdin. Gauzak ez dira esplikatu behar, sentitu egin behar dira». Ez du arte ikasketarik egin, panikoa die diskurtsoei, axola handirik ez du diziplinen arteko mugez, eta, halere, eta akaso hain zuzen ere horregatik, arte lengoaia propio eta aberatsa garatu du Gorritik bere ibilbide artistikoan. Kontatu duenez, Jorge Oteiza eta Remigio Mendiburu ezagutu zituenean zabaldu zitzaion artearen leihatila, baina bera ez dela artista dio orain. «Artzainari hartu diot dena, eta, lan hauen bidez, artzainaren espazioa betetzen dut». Jauregiko lorategiak eta gelak betetzen ditu Aralar itsasmiran erakusketak, eta hor izango da irailaren 29ra arte. Hantxe izan da artista BERRIArekin solasean, baina aurkeztu zaizkion zirrikitu guztiak baliatu ditu elkarrizketa formal itxurako bati ihes egiteko. Piezatik piezara oinez eman ditu azalpenak, hasi da bisitariekin hizketan, eta hartu du telefonoa... «Aralar osoa ekarri dut Donostiara», laburbildu dio erakusketa telefonoko lagunari.

Jauregi osoa hartzen du erakusketak, barru eta kanpo, baina zelaian bi enbor gisakoren gainean dagoen behi horri egiten dizkio jendeak argazki gehien.

Ni Paleolitokoa naiz. Egon naiz aitaren etxean Uharte-Arakilen (Nafarroa) garia egiten, eta bueltaka eta bueltaka larrainean idiekin, eta idiek bukatzen zuten gaixoek sufritzen eta ahoa aparretan. Haurrak hori ikusi zuen: idiak eta behiak denak aparrarekin leher eginda, zeru urdin-urdin harekin, eta orain animalia hori, hainbeste sufritu duen behi hori hartu, eta aupatu egin dut, gora jarri, zuhaitzen gainean. Eta urdin hori da nik umetan ikusten nuen urdina. Haurraren oroimena hori da. Hemen ikusten den guztia da hitzik gabeko liburu bat, sentitzen dudan liburu bat.

Grabatuak ere badaude eraikin barruko aretoetan. Hori berria da. Lodiak dira paperak, eta, batzuetan, irudi batzuk dituzte, edo ehun puska batzuk bestela, eta zur puskaren bat ere bai tarteka.

Angela Moreno, sekulako grabatugilea da. Hark lagundu dit horiek egiten. Halaxe esaten nion: «Nik hauek jateko egin ditut». Eta esaten nion hori, zeren eta goldearekin, laiarekin eta baserriko lanabesekin zabiltzanean, lurra grabatzen ari zara, ari zara grabatuak egiten jateko. Grabatuak egiteko tailerrera eramaten nizkion pintzelak, eramaten nizkion apoak [barrez], denetarik eramaten nion... Nik ez dut sekula ezein diziplinatan aprobatu beharrik izan, baina ez dut sekula suspentsorik izan ere. Bizi izandakoa daukat nik. Juan Barbe ere maisu handi bat da, nahi dudan lodierakoa egiten dit papera berak, eta horren gainean egiten dut nik sentitzen dudana. Begira, [zur puska bat hartzen du eskuan], jartzen duzu hau paper baten gainean, eta grabatu bat daukazu. Gauza bat da eskolan ikasten den grabatua, eta bestea da zur honetan dagoen grabatua. Angela Morenorekin nik asko ikasi nuen. Jartzen nuen zapo bat grabatuan, edo oilo bat, eta...

Eta zer esaten zizun berak?

Ezetz eta ezetz, ez sartzeko horrelakorik! Esaten nion zerbait apurtzen bazitzaion erosiko niola nik beste bat, baina gero ateratzen zen grabatua, eta harrituta gelditzen zen. «Ze politak», esaten zidan. Topaketa bat egin genuen: bera unibertsitatekoa, eta ni basapiztia bat. Besarkatze bat izan zen. Nik diziplinez ez dakit ezer, baina egin ditudan horiek ez dira grabatuak, enkofratuak dira.

Luzio Urtubia anarkistaren omenez egindakoa da serie hori. Ezagutzen duzu bera?

Asko. Fenomeno hutsa da. Hamalau grabatu horien bidez adierazten dut nola ikusten dudan nik haren bizitza. Nik ezin dut idatzi Luzio Urtubiaren historia, baina hartzen ditut Juan Barbek egin zizkidan paperak, eta haren bizitza nola ikusten dudan adierazten dut. Luzio Urtubiaren bizitza nik nola ikusten dudan adierazten dute hamalau grabatu horiek.

Artelanekin idazten duzu zuk.

Henry Moore 25 urterekin joan zen Kretara, eta hango artzainak, hango historia eta hango guztia borobildu zituen. Kretak ukitu egin zuen. Ni Euskal Herriak. Gure sustraiek. Gure historiak. Hori egiten dut nik, idatzi, baina idatzi Frank Sinatrak bezala [kantuan hasten da]: «Nire erara».

Baserri munduko tresnak ere etengabe ageri dira zure lanetan. Tresna ikusten duzu zuk hor, baina baita hori baino gehiago ere.

Bai. Goazen, goazen pixka bat ibiltzera. [Paseoan hasten da]. Beharrak ematen du forma bat, eta forma horiek dira forma batzuk lurra lantzeko. [Zelaian zirkuluan jarritako eskulturako multzo batera heldu da]. Aralarren egoten ziren jeztokiak, eta harrespilak ere badaude, eta artzaina, eta hori guztia ikusita, artzaina, ardia, txakurra, natura, harriak, lainoak, denbora eta dena, pentsatu nuen Aralar eraman behar nuela Donostiara, eta hori egin dut. Inaugurazio egunean Roberto Ruizek aperitibo bat prestatu zuen, eta mahaiak jarri zituen hemen. Eta ikusi nuenean hori dena jendez beteta, harrespila hori dena jendearekin, pentsatu nuen: «Lortu dut!». Zeren eta txakurra falta zen bakarrik.

Eguraldiak etengabe eraldatuko ditu artelanak hemen.

Ni etorri naizenean, gaur, aldatuta zegoen dena. Hau da hankak dituen erakusketa bat. Oinez dabil. Jendea etortzen da, igotzen da eskulturetara, eta igual mugitzen du zerbait. Horregatik dago hau lanean [eskulturei iltze berriak jartzen dabilen bere ilobari egiten dio keinu]. Artista bat da.

Zure izenaz gain, lagundu zaituen jende guztiaren izena ere idatzi duzu erakusketa aurkezten duen oholean. Zergatik?

Ekipo bat gara. Familia bat. Ezingo nuke hau dena bakarrik egin. Ezinezkoa erabat, ez banu laguntza hori jaso. Indarra badaukat buruan, baina akabo. Maketak egiten dituzu, eta gero ekipoa behar da. Ohol horretan daude denak. Jontxu Gorriti Garate semea, Gailur, Sergio Irurita, burdin lanak egiten Paulo Juarros eta Juantxo Garmendia... Ekipoa behar duzu!

Eta, halere, bistakoa da hau zure barne mundua dela.

Adibidez, hemen dago Aralar. [Zirkuluan jarritako eskulturetariko batean jarri du eskua] Berdea, urdina, beltza, zuhaitzak... Urre papera ere jarri diet, hori argia delako niretzat. Eta, begira, begira denborak ze gauzak egiten dituen. Kresalak, euriak, haizeak eta eguzkiak begira ze lana egin duten eskulturaren alde honetan. [Liluraz begiratzen du egurra estaltzen duen ehun moduko bat]. Galdetzen didate ea ez didan penarik ematen, eta ez. Orain dauka forma bat, eta gero beste bat.

Erakusketan ikus daitezkeen Mikel Laboaren omenezko gitarrak egiten zenbiltzanean egon nintzen zure etxean. Barraskilo batzuk ari zinen jartzen eskultura gainean.

[Barre egiten du].

«Hauek ere eskultoreak dira», esan zenidan.

Bai! Ze bidea egiten duten! Ikusi nuen ze zilar koloreko bideak uzten zituzten, eta pila bat hartu, eta eskulturan jarri nituen. «Haiek egingo ditek», pentsatu nuen.

Artea egiteagatik zara ezagun; beti izan dut jakin-mina artea ezagutu aurretik nolakoa zinen jakiteko. Bi mundu izango dira, ezta?

Nik artea zer zen ez nekien. Txikitatik baserri lanean. Iparraldean zurgin aritu nintzen gero. Denetarik. Ebakuntza handi bat eduki nuen, eta, horren ondoren, ezin izan nuen lan horretan jarraitu, eta zaharberritze lanetan hasi nintzen. Oso polita da hori. Korrikaren lehen lekukoa, adibidez, Remigio Mendiburuk egin zuen, eta haren moldaketa bat egin nuen nik ondoren, eta orain aste batzuk ibili nintzen hura zaharberritzen, hamar egunez jarraian euripean egon zelako. Ikasten duzuna betirako hor dago. Oso gustura egon nintzen errestaurazioaren munduan orduan ere. Baina lekuz aldatu, eta joan nintzen Betelura. Errestaurazioan eta altzarien munduan aritu nintzen hor, eta orduan ezagutu nituen Remigio [Mendiburu] eta Jorge [Oteiza].

Eta zeure buruan zerbaitek klak egin zuen.

Konturatu nintzen haiek erakusten zidatena artea baldin bazen ni arte galeria batean jaio nintzela. Aralar, natura, baserriko lanak, lurra lantzea, usain haiek... Nirea da besteek egindakoaren jarraipena.

Mendia eta sortetxea dira, beraz, zure museoa?

Eskolan gogor aritzen zitzaigun maisua: «Hijo de mala raza» (arraza txarreko seme), «Al rincón» (txokora) eta halakoak. Gure aita mendiko guarda zen, maite zituen loreak, maite zuen dena, eta begira zer kantarazten ziguten eskolan. «Cálzame las alpargatas, dame la boina, dame el fusil. Voy a matar más rojos que flores tienen mayo y abril». (Ekarri espartinak, fusila eta txapela ekarri. Gorriak hiltzera noa-eta, apiril eta maiatzeko loreak baino gorri gehiago). Eskua bihotzean jarrita abesten genuen. Aitari galdetzen nion: «rojo zer da, aita?». Eta berak isiltzeko. Beldurrez. Pentsa ze maisuak eduki ditugun. Handik ahal bezain azkar atera, eta mendira ahuntzak harrapatzera, gure jostailua hori zen.

Zure obrak ikusita burura datorkidan hitzetariko bat beti da askatasuna.

Totala!

Borroka egin behar izaten duzu askatasun horri eusteko?

Bai, bai. Erakusketak egitean askotan eskatzen diot zerbait idazteko Jokin Sorozabali. Berak ongi borobiltzen du nik sentitzen dudana. Hauxe esan zidan: «Zure lan guztien ama da askatasuna eta maitasuna». Nik hitzarekin ezin dut hori esan, baina askatasuna da nire lan guztien ama. Hala da. [Lorategi sarreran dagoen Baratz-meta izeneko zintzilikatutako ehunka liburu dituen artelanera doa]. Ikusten duzu ze liburu pila dauden. Harrespila bat bezalakoa da hau, bederatzi langaz egina dago. Hau da gure espazioa. Mundu bat da. Gure sustraiak. Artzain mundua da hau. [Barrez hasten da]. Ikusten duzu hor zintzilik dagoen maleta hori?

Bai.

Gerrara ez joateagatik, boluntario aurkeztu nintzen maleta horrekin Iruñera.

Boluntario joan zinen soldaduska egitera?

1959a zen, eta Afrikan gerran zeuden. Gerrara joan, eta igual ez zinen bueltatzen. Eta, horregatik, gerrara ez joateagatik, boluntario joaten zinen. Iruñean egin nuen soldaduska. Intsumisiorik eta halakorik ez zegoen orduan.

Poza da zure lan guztietan igartzen den beste elementuetariko bat.

Nik txikitatik izan dut hori. Ni asko egon naiz amaren bularrean txikitan, ze gaixo jaio nintzen. Esan dizudan bezala, nire lan guztien ama maitasuna eta askatasuna da. Askatasuna, ostia.

Elena Asins artistak idatzi zizun erakusketa baterako testua. Zure arteaz erabat bestelakoa da harena. Guztiz emozionala da zure lana, eta guztiz kontzeptuala harena. Nolakoa zen harekin harremana?

Oso harreman handia izan dugu. Hark bere nortasuna zuen, nik badut nirea. Elena Asins izan da artista handi-handi bat. «Errekarri bat zara», esan nion.«Milaka urtez urak leundu duen dolmen bat zara». Erabat primitiboa da haren lana. Nik 500 urte ditut, baina hark 15.000 edo gehiago bazituen. Zarautzen [Gipuzkoa] jarri zituen pieza horiek pasada bat dira, eta nola zekien idazten, gainera. Ni jaio nintzen Oderitzen, mendian, nire aita mendizaina zen, eta gure espazio hau arte munduan sartzea da egin dudana. Hau ez dut nik egin.

Arte munduan nola sentitzen zara?

Nire unibertsitatea izan da Aralar. Nire unibertsitatea izan da baserria. Nire unibertsitatea izan da besteek egindakoaren jarraipena, nahiz naturak, nahiz beharrak, nahiz denborak egindakoa. Nirea ez da liburuetan ikasten. Uste dutni ez naizela artista, eta artea zer den ere ez dakit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.