Artea partekatzearen artea

Hamasei artistak hartuko dute parte JAI Jardun Artistikoen Institutuaren aurtengo programan. Gasteizko Artiumen hasi dituzte saioak, baina abuztura bitartean, Donostiako Tabakaleran eta Oteiza museoan ere egingo dituzte egonaldiak.

JAIren bosgarren aldian parte hartuko duten artistak eta tutoreak, gaur goizean, Gasteizko Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
JAIren bosgarren aldian parte hartuko duten artistak eta tutoreak, gaur goizean, Gasteizko Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
GASTEIZ
2024ko ekainaren 26a
14:00
Entzun

«Zure lan prozesua definitzen duen zein ezagutza praktiko zara gai beste pertsona batzuei transmititzeko?». Galdera horixe proposatuko diete aurtengo JAI Jardun Artistikoen Institutuaren programan parte hartuko duten hamasei artistei. Bosgarren urtea izango du proiektuak, eta, galdera hori abiapuntutzat hartuta, prozesu artistiko «heterogeneo eta anizkunak» martxan jarriko dituzte bertan parte hartuko dutenek. Gasteizko Artium izango dute lehen egoitza, baina datozen bi hilabeteetan Donostiako Tabakaleran eta Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) ere izango dira.

Aurpegi berriak izango ditu aurtengo eskolak, baina. Hamasei artista berriri ostatua emateaz gain, bi tutore berri egongo dira aurten: Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975) eta Olatz Otalora (Algorta, Bizkaia, 1990). Aurreko urteetan parte hartu duen Asier Mendizabal, aldiz, ez da tutore gisa arituko. Itziar Okarizek (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberrik (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969) ordea, bai. Aurten ere tutore gisa jardungo dute biek. 

Irakasleak zeintzuk izango diren ere iragarri dute gaur goizean Artiumen egindako prentsaurrekoan: Patricia Dauder (Bartzelona, 1973), Jeremiah Day (Plymouth, Amerikako Estatu Batuak, 1974), Iman Issa (Kairo, 1979), Iñaki Garmendia (Ordizia, Gipuzkoa, 1972) eta Hilary Lloyd (Halifax, Erresuma Batua, 1964).

Pentsaurrekora gonbidatu dituzte proiektuan izena eman duten hamasei parte hartzaileak ere, nahiz eta ez duten hitza hartu nahi izan. Esan beharrekoa artearen bidez esango dute hurrengo hilabeteotan. 30 urteko batez besteko adina dute aurtengo ikasleek, eta arabar bat ere badago horien artean: Javier Larreina. 50 hautagai aurkeztu dira JAIren bosgarren deialdira, eta horietatik hamasei parte hartzaile hautatu dituzte; «txostenetan aurkeztutako artelanaren interesaren eta kalitatearen arabera». Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jatorri, belaunaldi eta diziplina askotakoak izan dira hautaketa batzordeko kideak.

«Sortzeko gune bat izateaz gain, trukerako eta partekatzeko gune bat izango da udako eskola»

GREGORIO DIAZ EREÑO Oteiza museoko zuzendaria

Ikastaroa Artium museoan hasi da gaur, eta uztailaren 5era arte egongo dira bertan ikasleak. Uztailaren 8tik abuztuaren 23ra arte, Tabakaleran jarraituko dute sortzen, eta 26an Gasteizera itzuliko dira. Bertan amaituko da udako eskola. Abuztuaren amaieran, parte hartzaileek egonaldi bat egingo dute Altzuzan (Nafarroa), Oteiza Museoa Fundazioa dagoen herrian. 

Partekatzea helburu

Artearen jardueraren inguruko elkarrizketak sortzea du helburu JAI udako eskolak, eta artista bakoitzak bere ikuspegia eta ekarpenak eskaintzeko diseinatuta dago ikastaroa. Horretarako, programaren metodologiak arreta handia jartzen du lantegiaren espazioan ehuntzen diren harremanetan, eta ez horrenbeste teorian. Gasteizko Artiumen egingo diren saioek lotura estua dute museoan ikusgai dauden Patricia Dauder eta Ibon Aranbarriren erakusketekin, baina, Tabakaleran, lantegiko praktika eta parte hartzaile bakoitzaren prozesuaren garapena izango dira ardatz. 

Gregorio Diaz Ereño Oteiza museoko zuzendariak argi utzi du zein den ikastaroaren gakoa: partekatzea. «Sortzeko gune bat izateaz gain, trukerako eta partekatzeko gune bat izango da udako eskola».

Diaz Ereñorekin bat datoz Okariz, Otalora eta Cesarco tutoreak. Hirurek adierazi dute metodologia praktikoa izango dela hurrengo bi hilabeteotako oinarria, eta artisten arteko harremanek egingo dutela programa aberats. Otalorak eta Cesarcok azaldu dutenez, hiru termino ezberdintzen ikasiko dute ikasleek: ezagutza, praktika eta transmisioa; eta, horien bidez, ikastaroaren hasieran proposatuko zaien galderari erantzuten saiatuko dira: «Zure lan prozesua definitzen duen zein ezagutza praktiko zara gai beste pertsona batzuei transmititzeko?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.