Artea

Artea opari Artiumen urteurrenean

Gasteizko Artiumek ekitaldi batekin ospatu du hogeigarren urteurrena: performance bat egin du Itziar Okarizek, eta Nestor Basterretxearen lau eskultura aurkeztu ditu museoak.

Itziar Okariz artistaren performancea, gaur, Artiumen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2022ko apirilaren 26a
21:46
Entzun

Gela bat, Gasteizko Artium museoan, zementuzko eta egurrezko hormak dituena; leiho handi bat ere badu, aldi berean ate ere badena: aretoaren ertz batean mikrofono bat dago, eta aurrez aurre dozenaka bisitari, tartean erakundeetako ordezkariak, aulki banatan eserita, artistari so. Itziar Okariz artistak hartu du hitza, eta bisitariei beste gela batean imajinatzeko eskatu die; deskribatzen hasi zaie gela, baina haren argazkia oso bestelakoa da: Londresko etxebizitza bateko gela bat da, leiho bat ere baduena, jendearen kapelen, kamioien eta autoen gainetik beste leiho batzuetara ematen duena. Mahai bat ere badago, eta paper zuri batean Emakumeak eta nobela dago idatzita, letra handiekin, baina besterik ez.

2. kapitulua, V. W. performancearen parte da ariketa hori, eta Artium museoak ateak ireki zituela hogei urte bete direla ospatzeko antolatutako ekitaldi berezian aurkeztu du Okarizek. Izan ere, irakurketa eta arte garaikidea batu nahi izan ditu museoak ospakizunean, Liburuaren Nazioarteko Eguna ere pasatu dela baliatuta. Egunean zehar hainbat irakurraldi publiko egin dituzte, Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketaren harira kaleratutako Pentsatzeko leku bat argitalpena oinarri hartuta.

Okarizen arte ekintza Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena saiakeran dago oinarrituta. Idazleak emakumeen genero rolak aztertu zituen lan horretan, eta artistak pasarte bat hautatu du bere sormen lanerako. Erabateko isiltasunean ekin dio irakurtzeari. «Agertokia, niri jarraitzeko adeitasuna baduzue, aldatua zen ordurako...».

Artistak behin eta berriz irakurri du pasarte hori, esaldiz esaldi, hitzez hitz. Baina errepikapen bakoitzean hitz bat kendu du. «Niri jarraitzeko adeitasuna baduzue, aldatua zen...». Gela bera, argazkia bezala, aldatu egin da irakurraldi bakoitzean, kanpotik sartzen diren askotariko soinu eta zaratek isiltasuna hausten duten bitartean. Baina artistak etenik gabe jarraitu du, ordu erdiz, buklean, harik eta hitz bakarrarekin geratu den arte: «Gehiago». Txalo zaparrada batekin erantzun diote bertaratutakoek.

Basterretxea gehiago

Okarizen performancea amaituta, Ander eta Itziar Basterretxeak hartu dute hitza. Nestor Basterretxearen bilobak dira, eta haiek ere museoak antolatu duen irakurraldiarekin bat egin nahi izan dute. Izan ere, Basterretxea bera da hogeigarren urteurreneko beste artista gonbidatua. Artiumek artistaren lau obra jarri ditu ikusgai museoaren eraikinaren kanpoaldean.

1960an egindako bi pieza eta 2000. urtean egindako beste bi dira, eta altzairuz nahiz burdinez egindako disko forma dute: Gaua (1960), Titulurik gabe (1960-61), Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001), eta Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001). «Aitak ohitura zuen lehendik egindako obra bat hartu eta, garai berriaren testuingurutik abiatuta, itxura berri bat emateko edo beste obra bat asmatzeko», azaldu die artistaren seme Gorka Basterretxeak erakundeetako ordezkariei aurrena, eta bisitariei gero.

Beatriz Herraez museoko zuzendariak adierazi du izurria baino lehen hasi zirela Basterretxearen familiarekin hitz egiten; hainbatetan egin zutela bisita haren tailerrera ere, Hondarribiko (Gipuzkoa) Idurmendieta baserrira, eta handik ekarri dituztela. Museoak baditu lehendik ere Basterretxearen obra batzuk, halere. Horietako zenbait ikusgai daude Zeru bat, hamaika bide erakusketan. Baina museoaren bildumara batu diren azken lau pieza horiek esanahi berezia dute, artistak planotik espaziora, hots, bi dimentsiotik hiru dimentsiora jauzi egin zuen urtean egindakoak direlako.

Parez pare daude, bada, Oteiza, Txillida eta Basterretxearen lanak egun, Artium museoaren eraikinaren kanpoko aldean. Eta izen handiko artisten lanak badira ere, Herraezek gabezia batez ohartarazi ditu ordezkari politikoak: emakumezko artisten lanak falta dira. «Ebidentea da. Baina ildo horretan ari gara lanean, eta espero dugu aurki izatea baten bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.