Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Amable Ariasek sortu eta osatu zuten Gaur taldea. Talde hark 1966an aurkeztu zuen manifestu historikoaren lehen zirriborroaren egilea izan zen Amable Arias (Bembibre del Bierzo, Espainia, 1927-Donostia, 1984). Ikuspegi marxista eta iraultzaile batetik, artea gizartearen eraldaketan eragile nahi zuen Ariasek, baina horretarako mugarik gabeko askatasun eremu izateari utzi gabe. Ariasen ikuspuntu horretatik egindako askotariko arte lanak ezagutzeko ez ezik, haren garaiko giroaren berri jakiteko ere aukera ematen du, ekainaren 8a bitarte,Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Amable Arias. Kaosari eta zoriari forma erakusketak.
Fernando Golvano arte aditu eta EHUko irakasleak apailatu duen erakusketa ez da atzera begirako bat. Artistaren askotariko obra ezezagunak aurkituko ditu bisitariak. Guztira, 150 pieza daude, Ariasek bizitzako azken 20 urteetan eginak guztiak. Orain artean inoiz erakutsi gabeko obren artean Homenaje a Puigmiquel (1980-1981), Rollo (1981-1982) , Historia de Euskalerria (1983-1984) obra ironiko eta heterodoxoak daude, eta baita Poemas fonéticos (1981) eta Espacios poéticos (1981-1982) performance poetiko soinuzkoak ere, egilearen joera abangoardistaren lekuko zuzenak.
Amable Ariasen etxeko intimitatean sartu eta hura gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute erakusketan bildutako lanetako askok. Aretoaren erdigunean haren liburutegiaren zati bat dago jasoa hainbat apalategitan. 429 ale dira guztira —liburu, katalogo eta aldizkarien artean— artistak egindako 2.480 marrazki, poema eta ohar pertsonalez hornituak. Ariasek tupamaro deitu ohi zien liburuetan egindako marrazki, poema eta ohar pertsonal horiei, tupamaroen askatasun mugimenduaren ohoretan.
Artea etxeko liburuetan
Adorno, Althusser, Barthes, Borges, Breton, Chomsky, De Beauvoir, Fromm, Gramsci, Lenin, Marx, Sartreeta Trotskiren liburuen aleak daude, besteak beste, Ariasen eskuaren ukitu artistiko kasu askotan guztiz ñimiñoa baina beti adierazgarria jasotakoen artean. «Agian hor nonbait aurkitzen nautenean, hilda egongo naiz», idatzi zuen, gaztelaniaz, Gramsciren liburu baten alearen barruan. «Baina nire obrak eta nik bat eginik jarraitzen dugu, kontraesanik gabe, garbi. Teoria eta praktika bat eginda eta… hori asko da gaurko munduan».
Ariasek artistikoki ukitutako postako gutunazal erabiliak ere ugariak eta esanguratsuak dira. Zigiluetan Francisco Franco orduko Espainiako agintari gorenaren irudia agertzea haren figuraren inguruko ikuspegi ironikoa eta kritikoa islatzeko baliatu zuen kasu askotan artistak.
Artea, Amable Ariasen kasuan, etenik gabeko jario geldiezina izan zela uzten dute agerian gisa horretako lanek; edozerk piztu eta edozein euskarri edo formatutan islatzeko moduko grina bat izan zela harentzat sormen artistikoa, konbentzio eta muga guztietatik kanpokoa, nonahitik noranahikoa.
Artea, nonahitik noranahi
Amable Ariasen 150 lan ikus daitezke Donostian, gehienak inoiz erakutsi gabeak, 'Kaosari eta zoriari forma' erakusketanArtistak etxean gordetako marrazki, poema eta oharrak dira bildutako lanetako asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu