Artea margotu duen komikia

Asier Mensurok atondutako 'Artea komikigintzan' erakusketa Donostian izango da ikusgai urtarrilaren 29ra arte

Angel Alonso komikilariak Brueghelen Babelgo dorrea margolanaren bertsioa egin du. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
74 komikilariren eta gidoigileren 200 irudi baino gehiagok osatzen dute Artea komigintzan, urtarrilaren 29ra arte Donostiako Okendo kultur etxean ikusteko eran izango den erakusketa. Donostiako Literaktum jaialdiak antolatu du, Telefonica fundazioaren eskutik, eta mundu osoko margolaritzako obra handiak lantzen dituzten ilustratzaile garaikideen piezak aukeratu ditu bertarako Asier Mensuro komisarioak (Irun, Gipuzkoa, 1971).

Rockwell, Freud, Bacon, Ernst, Dali, Magritte, Picasso, Mattisse, Kirchner, Munch, Klimt, Toulouse-Lautrec, Seurat, Schiele eta beste artista andana baten obrak komikien narrazioetan nola agertu eta margotu diren ikusteko erakusketa zabala da Artea komikigintzan. Erakusketako obren artean, hiru irudi ere badira euskal komikilariek egindakoak: Angel Alonsok (Pasaia, Gipuzkoa, 1967) erakusketarako propio egin du Brueghel Zaharraren Babelgo dorrea margolanaren bertsio modernoa; Iñaki Holgadoren (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) eta Harkaitz Canoren Museo bilduma komiki liburuko orri bat da beste bat, non azaltzen baitira Van Goghen Arlesko gela eta Francisco Goyaren Maiatzaren 3ko fusilamenduak; eta Luis Duran marrazkilariarena (Oñati, 1967) da hirugarrena.

Luis Gascarekin elkarlanean, Mensurok La pintura en el cómic liburu mardula argitaratu zuen 2014an, eta 2015ean Artea komikigintzan erakusketa antolatu zuen Madrilen Telefonica fundazioarentzat. Erakusketa Donostiara iritsi baino lehen Iruñean paratu zuten duela bi urte, eta beste hamar hiritan ere izan da Espainian, Katalunian eta Galizian.

Komikiaren keinuak

Pop arteko margolariek maiz baliatu izan dute komikiaren ikonografia; kontrako bidea, ordea, gutxitan aztertu da, eta ezusteko ederrak ematen ditu. «Erakusketa honek islatzen du nola inspiratzen den komikia margolari handien maisulanetan, eta nola omenduak diren binetetan eta ilustrazioetan», azaldu du Mensurok.

Batzuetan, marrazkilariak ahalik fidagarrien birsortzen du pintura obra. Beste batzuetan, koadro baten konposizioa imitatzen du, eta bere sorkuntzako pertsonaiekin ordezten ditu figurak. Mensurok dioenez, «badira irudikapen estilistikoak ere; hau da, margolari jakin baten margotzeko teknika, kolore bereziak edo argiaren erabilera kopiatzen dira». Azkenik, zenbait piezatan, pinturako ikonografia eta edukia oinarri hartuta, komikilariak egungo errealitatearen alderdiren bati buruz hausnartzen du, eta, gisa horretan, agerian uzten du artearen historiako maisulanak margotu ziren unean bezain bizirik daudela arte obrak gaur ere.

Erakusketa honek, bide batez, arte zentroen eta komikigintzaren arteko harremana sakontzen laguntzeko asmoa dauka. Mende honen hasieran azkar bizitu da harreman hori, bereziki Parisko Louvre museoaren egitasmo batek sustatuta. Izan ere, 2005ean, Fabrice Douar Louvreko editoreak eta Sebastien Gnaedig Futuropolis argitaletxeko zuzendariak bultzatuta komiki bilduma bat sortu zen, museoa bera eta hango funtsak elementu protagonistatzat dituena.

Beste museo batzuek ere berehala ulertu zuten komikiak aukera franko eskaintzen duela arte zentro handien edukiak beste modu batean zabal daitezen. Esate baterako, Parisko Orsay museoak ere komiki bilduma propioa abiatu zuen 2014an Futuropolis argitaletxearekin, tren geltokia izandako museo hartan dauden arte inpresionistaren koadroak promozionatzeko eta transmisio funtzioa betetzeko.

Artea komikigintzan erakusketako 74 komikilarien artean egile ezagunak daude: hala nola Milo Manara eta Claudio Curcio italiarrak; Arthur Suydam estatubatuarra; Frank Giroud, Enki Bilal, Clement Oubrerie, Julie Birmant, Stephane Levallois, Eric Liberge eta Nicolas de Crecy frantziarrak; Yslaire eta Christian Durieux belgikarrak; Miguelanxo Prado, David Rubin eta Brais Rodriguez galiziarrak; Jordi Gines Gin, Ruben Perellejo, Jose Luis Martin, Tyto Alba eta Paco Roca katalanak; eta gehienak espainiarrak: besteak beste, Alfonso Azpiri, Enrique Ventura, Angel de la Calle, Daniel Torres, Alvaro Ortiz, Raulo Caceres, Teresa Valero eta Mamen Moreu Bilbon bizi da.

Enkarguzko ilustrazioak

Telefonica fundazioak bere ondare artistikoko pieza onenetako batzuen bertsio libreak eskatu dizkie ilustratzaile eta komikilari entzutetsuei. Esate baterako, Moreu marrazkilariak hiru ilustrazio egin ditu hiru koadro omentzeko: Pablo Picassoren Margolaria lanean, Antoni Tapiesen Mihiztadura eta grafitia eta Rene Magritteren Goi-mailako gizartea. Juan Berriok, berriz, Maria Blanchardek Konposizio kubista obra margotu zueneko garaiari buruzko informazioa bildu du, eta orrialde bakarreko komiki bat sortu du.

Badira, gainera, Juan Gris, Paul Delvaux eta Roberto Mattaren koadroetan oinarritutako ilustrazioak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.