Artea hezkuntzari so

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik

Eskulturak. Dokumentazioaz gain, eskulturak eta margolanak ere ikus daitezke eraskuketan. RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 1960ko eta 1970eko hamarraldietan arteak eta hezkuntzak izan zuten harremanaz dihardu Gasteizko Artium museoaren erakusketa berriak. Zehazki, garai horretan euskal artistek abian jarri zituzten hainbat proiektu pedagogiko, artistiko eta esperimental ditu aztergai. Jorge Oteiza ardatz hartuta, bakarka nahiz taldean egin ziren hemeretzi proiekturen kasuak ditu hizpide erakusketak. Horien artean daude, besteak beste, Debako Arte Eskola, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola, Equipo 57 eta Arte Garaikideko Euskal Eskola. Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 izeneko erakusketa ekainaren 5era arte izango da ikusgai.

Artium museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak elkarrekin egin duten proiektuaren emaitza da erakusketa, eta ikerketa lan mardul bat dauka oinarrian. Mikel Onandia, Rocio Robles Tardio eta Sergio Rubira arduratu dira lan hori burutzeaz, eta horri esker osatu dute ondoren erakusketa. Hiruren artean egin dituzte komisario lanak ere.

Areto zabal batean, eta Xabier Salaberria artistak diseinatutako egurrezko moduluetan banatuta, dokumentuak, argazkiak, filmak eta bideoak, afixak, koadernoak, liburuak, planoak, aldizkari nahiz egunkariak eta diseinu lanak ikus daitezke erakusketan. Baita hainbat artistaren artelanak ere: Oteiza, Zumeta, Ibarrola, Balerdi, Bakedano eta Basterretxearenak, beste askoren artean; eskulturak, margolanak eta grabatuak, batez ere.

Oteizaren aldarria oinarri

Jorge Oteiza da erakusketaren ardatza. Artistak euskal herritarren prestakuntza soziopolitiko, kultural eta intelektuala garatzeko modua emango zuten topaguneen beharra aldarrikatu baitzuen bere garaian. Hala adierazi zuen, esaterako, 1963an idatzi zuen Quousque Tandem...! saiakeran: «Guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere». Eskulturagintza albo batera utzi eta artistaren egiteko sozial eta politikoaz hausnartzen hasia zen ordurako, eta, hain zuzen ere, hausnarketa horrek bultzatuta jarri ziren martxan proiektu eta egitasmo asko. «Bera izan zen proiektu askoren inspiratzailea. Eta, erakusketa kasu ezberdinetan antolatuta egon arren, Jorge Oteiza ia gehienetan ageri da, modu batera edo bestera», azaldu du Onandiak.

Horregatik aukeratu dute data hori ere erakusketaren abiapunturako, komisarioaren esanetan. Amaiera urtea, berriz, beste bi gertakarirengatik hautatu dute. Batetik, Euskal Herriko Arte Ederren Eskolak, fakultate bihurtuta, aro berri bat hasi zuen urtea izan zelako 1979a; eta, bestetik, Espainiako trantsizioa deiturikoak aldaketa politiko eta sozial bat ekarri zuelako Euskal Herrira ere.

Bi hamarkada pasako tarte horretan, arteak hezkuntzaren munduan jokatu behar zuen rolaren inguruko hausnarketatik abiatuta askotariko proiektu pedagogiko esperimentalak jarri ziren praktikan, denak ere artea herritarrengana hurbildu eta haren bitartez gizartea bera eraldatzeko asmoz sortuak. «Eraikuntza nazionalaren definiziotik abiatuta, hezkuntzaren kontzesio hertsitik harago dauden hainbat elementu agertzen dira garai horretan, ikasgelatik harago doazen esperientziak dira: artisten konpromiso politiko-soziala egitasmo kultural popularretan, diseinuarekin erlazioa, arkitektonikoki gauzatutako askotariko proiektuak... Eta hori guztia oso ondo ikusten da erakusketan», azaldu du Onandiak.

Hezkuntza eta artea modu zabalean hartzen dituzten egitasmo nahiz proiektu horiek guztiak bildu eta berreskuratzeko helburuz osatu dute Artiumeko erakusketa, ezagunenak direnak gogorarazi eta «ertzetan» geratu diren beste hainbat ere lehen lerrora ekartzeko. Eta, bide batez, Oteizaren deiari erantzunez gune horien premia ere aldarrikatzeko, museoko arduradunen hitzetan.

Kolektibotasunez

Hemeretzi azterketa kasu dira erakusketak jasotzen dituenak. Eta guztiek dute artearen eta hezkuntzaren arteko lotura hori oinarri, hala haurrei bideratutakoa, nola helduei zuzendutakoa. Horien artean daude, besteak beste, Equipo 57 taldea; Biok-Esperimental proiektua; Bizkaiko Estampa Popular taldea; Gipuzkoako Artisten Elkartea; Debako Arte Eskola; Arte Garaikideko Euskal Eskola; Ikastola esperimentalak; Bilboko Arte Ederren Goi Eskola; eta Andatzako Eskola eta Aiako Lantegia.

Modu paraleloan jarri ziren martxan horietako batzuk, eta artista askok parte hartu zuten horien sorkuntzan. Horregatik, batean nahiz bestean aurki daitezke artista askoren izenak. Badira, hala ere, garrantzi berezia duten zenbaitzuk, Onandiak zehaztu duenez: Nestor Basterretxea edota Jose Antonio Sistiaga, esate baterako. Jose Luis Zumeta ere izen propioetako bat da, «hezkuntzarekin izan zituen hartu-emanengatik». «Garai hartako ezaugarri garrantzitsuetako bat da kolektibitatearen nahia. Eta proiektu eta egitasmo askotan dago nahi hori».

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu duenez, museoak martxan duen luzera begirako lan ildo baten barruan kokatzen da erakusketa. Hain zuzen ere, praktika artistikoen eta eredu pedagogiko esperimentalen arteko harremanetan sakontzen dituzten proiektuak sustatzeko helburua du museoak datozen hilabeteetan. Asmo horri lotuta daude, besteak beste, JAI praktika artistikoen institutua eta Magnet hezkuntza proiektua ere.

Gainera, datorren astean kasu jakin baten inguruan sakonduko dute. Zehazki, 1957 eta 1958 artean Oteizak Irunen (Gipuzkoa) bultzatu zuen zineklubaren inguruan. Saioa Altzuzako museoan izango da, Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.