«Artea ez da luxua, artea behar bat da, eta hori desagertzen bada...»

Egurrezko hiru piezaz osatu du 'Okerrak' erakusketa Manu Muniategiandikoetxeak Andoaingo Basteron

Manu Muniategiandikoetxea, Okerrak erakusketako pieza bati begira. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Andoain
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Erakusketa jarri behar duen aretoa ondo aztertzea eta ezagutzea gustatzen zaio. Horregatik, Andoaingo Bastero Kulturgunean (Gipuzkoa) zabaldu berri duen erakusketa jarri aurretik makinatxo bat bisita egin zituen bertara, bere lana ingurunera ondo egokitzeko: «Beste artista batzuek espazio hau nola erabili izan duten begiratu dut, eta ezaugarriak bertatik bertara ikusi, neurriak hartu...». Segituan antzeman zion espazioa «ez dela neutroa», eta «bere horretan duela indarra». «Espazioarekin berarekin jolastu behar duzu. Kontran joatea oso zaila izaten da. Banekien gutxi gorabehera nondik joan zitekeen, baina bertatik bertara egiaztatu nahi nuen».

«Babes gisa» lan aukera desberdinak prest izatea gustatzen zaio Manu Muniategiandikoetxeari (Bergara, Gipuzkoa, 1966). Basteroko espaziorako, pintura eta eskultura nahasian sartzea zuenhasierako asmoa, baina segituan konturatu zen espazioak margolanak «jan» egiten zituela: «Aretoa, ez dirudien arren, oso handia da. Neurriak hartu artean engainatu egiten du. Kultur etxe gehienetako aretoak izaten dira gela arruntak, lauki zuzenak. Baina, hemen, bestelako aukera batzuk sortzen dira. Espazioak agintzen du, eta azkenean egurrez egindako piezak baino ez ditugu jarri. Egurra oso ondo geratzen da hemen. Eta jarri orduko ikusi genuen horrela behar zuela. Geroz eta elementu gehiago kendu, geroz eta garbiago egon, orduan eta hobeto zegoela».

Hiru pieza, osotasun bat

Okerrak. Colección de curvas izenburua du erakusketak, Itxaso Mendiluze izan da komisarioa,eta azaroaren 16ra arte egongo da zabalik. Egurrezko hiru piezak osatzen dute, aski desberdin diren arren, osotasun baten isla diren hiru piezak. Alexander Rodtxenko artista errusiar konstruktibistaren obra batetik abiatuta sorturikoa da erakusketaren ernamuin den pieza, hain zuzen ere, sabaitik zintzilik dagoen esfera moduko bat. «Gustatzen zait beste artista batzuen lanak hartu eta, ikerketa baten ondoren, nire egitea. Rodtxenko pintorea izan zen aurrenik, baina gero eskulturak egin zituen, 32 eskultura orotara. Bere 22. eskulturatik abiatuta sortu dut nik hau. Maketa bat da, egia esan, baina hori bera zintzilikatzeko aukera ematen dute halako aretoek, saltzea helburu ez duten aretoek, alegia».

Lan hori sabaitik zintzilik, beste bat lurrean paraturik, eta hirugarrena horman eskegita. Hiru moldeak erabili ditu Muniategiandikoetxeak, erakusketa aretoaren berezitasunek bultzatuta. Rodtxenkoren esferaren bertsioa egiteko erabilitako egurraren soberakinak erabili zituen beste bi piezak, tamaina handikoak horiek, sortzeko. Lurrean jarritakoak zirkunferentzia bat osatzen du, lau egur piezarekin, eta horman dagoenak «ilargi formak» hartzen ditu. «Jolas baten modukoa izan da niretzat. Piezekin jolasten hasi, eta forma desberdinak agertzen dira, eta hainbat sortzaileren eraginak azaltzen zaizkit. Abangoardien lengoaia moduko bat. Beste batzuen hizkuntzarekin jolastea izan da asmoa. Aurreko mendeko erakusketa baten bertsioa izan liteke».

Ibilbide luze oparoko sortzailea da Muniategiandikoetxea, bere burua, oroz gain, margolaritzat duena. «Nik ez dut pieza hauetako egurra landu. Egurra ekarri egin didate, eta nik muntaketa lana egin dut, piezekin jolastu. Eznaiz sentitzen arotz, ezta eskultore ere. Tira, eskultore, pixka bat bai, materiala nola erabiltzen dudan kontuan hartuta. Ni izatez pintorea naiz, eta lan hauek badute eskulturatik zerbait, baina era berean oso planoan egindakoak dira».

Etorkizunarekin kezkaturik

Ez da geldirik egoten den artista Muniategiandikoetxea. Bi hamarkadatik gora daramatza erakusketak egiten, bereak nahiz kolektiboak. Egungo egoerarekin ez dago lasai. «Krisia dela eta, aukerak urritzen ari dira. Murrizketak egin behar dituztenean, kultura izaten da beti lehenengo kaltetua. Eta horrela doakigu. Bi urtetan ia desegin egin da aurreko hamar edo hamabost urteetan egindakoa. Atzerapena izugarrizkoa da. Eta hori dena gero berriro martxan jartzea ezinezkoa izango da. Ematen du artea luxu bat dela, baina artea behar bat da, eta hori desagertzen bada...». Egungo egoera «latza» da Muniategiandikoetxearen hitzetan: «Arte zentro eta areto asko ari dira murrizten erakusketak eta ekoizpenak, baita desagertzen ere». Horri aurre egiteko0, konponbide bakarra sortzailearen beraren «birziklatzea» da: «Gure belaunaldikoak erromantikoak gara artea ulertzeko moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.