Artea

Artea eta zientzia Tabakaleran, Alemaniako Gobernuak babestuta

Tabakalerak 300.000 euro jasoko ditu CIRCE programaren bidez, artisten eta ikerketa zentroen elkarlana sustatzeko. Lau proiektu dira abian, eta emaitzak erakusketa batean jarriko dituzte, azaroan.

DIPCko, CIRCEko, Tabakalerako, BCBLko, BCCko eta Teknikerreko ordezkariak, hurrenez hurren, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko martxoaren 29a
18:38
Entzun

Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea programa abian jarri eta hiru urtera, Tabakalerak nabarmen indartuko du ildo hori, Alemaniako Gobernuarekin egindako kontratu baten bidez. CIRCE Creative Impact Research Centre Europe programako «laborategi» bat izango da Donostiako zentroa, artisten eta kulturaz besteko erakundeen arteko lankidetza ikertzeko asmoz. 300.000 euro jasoko ditu Berlindik, artea eta zientzia uztartzen dituzten lau proiektu sortzeko.

«Arteak ezagutza sortzen duela aldarrikatzen dugu, artea ere ikerketa dela, eta artistek etorkizuna eta ezagutza sortzen diren lekuetan egon behar dutela», azaldu du Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak. Orain arte, DIPC Donostia International Physics Center eta Tekniker ikerketa zentroekin egin izan dituzte gisa horretako elkarlanak. Aurten, bi horiez gain, BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language eta BCC Basque Culinary Center ere izango dituzte bidelagun.

Artista bat ariko da lanean ikerketa zentro horietako bakoitzarekin, eta emaitzak azaroan erakutsiko dituzte, Tabakaleran egingo duten «erakusketa handi» batean; Maria Ptqk izango da komisarioa. Emaitzen berri eman ez ezik, elkarlana bera nolakoa izango den ere aztertu nahi dute, metodologia ikertzea sektorearentzat baliagarria izan daitekeelakoan, horixe baita CIRCEren interesguneetako bat.

Tabakaleraz gain, Europako beste lau zentro hautatu dituzte CIRCE programan parte hartzeko: Berlingo u-Institut, Londresko City Unibertsitatea, Tallinngo Garage48 eta Zurich Centre for Creative Economies (Suitza).

«Arte praktikak ezinbestekoak dira krisi garaietan», Teresa Koloma CIRCEko ikerketa arduradunaren esanetan. «Artistak adituak dira ziurgabetasunari aurre egiten, ezezagunean nabigatzen eta bide berriak aurkitzen. Arteak eta zientziak, elkarrekin, sormenaren indar eraldatzailea askatu dezakete». Esan duenez, horregatik hautatu dute Tabakalera: eskarmentua duelako artisten eta zientzialarien arteko elkarlanean, eta, era berean, leku publiko bat delako, herritar guztiei irekia, eta «egungo gizartearen erronkei» heltzen laguntzen dielako horrek.

DIPCk landuko duen proiektuak Future Storage du izena, eta biltegiratze digitala ikertuko du: «Zer eragin sozial, ekonomiko eta ekologiko duen gero eta datu gehiago biltzeak, zer ordaintzen dugun denon garun kolektiboaren trukean», Ricardo Diez Muiño ikerketa zentroko zuzendariaren hitzetan. Marina Otero arkitektoa eta Eduardo Bendek NASAko ingeniaria ariko dira lanean.

Teknikerrekin elkarlanean egingo duten lanak, berriz, gizakien eta roboten arteko interakzioan ipiniko du arreta. Amaia Vicente artistarekin egingo dute proiektua, eta exoeskeletoak dituzten makinak egongo dira haren muinean, Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari orokorrak azaldu duenez, baita makinen eta erabiltzaileen arteko «konfiantza harremana» ere: «Komunikazioak erraza izan behar du, sinbiotikoa ia».

Garuna harritzeko irudiak

Irudi kontraesankorrak hautemateak erantzun bat sortzen du giza garunean. Hori esplikatu du Manuela Ruzzoli BCBLko ikertzaileak. Garunak une bakoitzean gertatu behar lukeenari buruzko espektatibak ditu, eta, ustekabeko zerbait gertatuz gero, «aukerak urratzen» zaizkio. Laura MM artistarekin batera, adimen artifizialeko algoritmo bat entrenatuko dute, kontzeptu hori erabiltzeko sormen tresna gisa.

Algoritmoak irudi batzuk sortuko ditu, moduren batean espektatibak urratuko dituztenak, eta parte hartzaileen erantzuna jasoko du, garunaren jarduna irakurriko duen sistema baten bidez, eragin horren arabera beste irudi batzuk sortzeko. «Proiektu esperimentala izango da, esperimentu bat egingo dugulako Tabakaleran: erabiltzaile bakoitzaren erantzunaren araberakoa izango da lana», kontatu du Ruzzolik.

BCC Innovation gastronomia zentro teknologikoak lehen aldiz parte hartuko du arteari lotutako proiektu batean: Food Fictions ikerketa landuko du Tabakalerarekin. Artistek eta chefek etorkizuneko janaria irudikatu, eta aztertuko dute horrek zer eragin izango duen kulturan, ingurumenean eta gizartean. Gainera, Begoña Rodriguez zentro teknologikoko zuzendariaren arabera, arreta bereziz behatuko dute zentzumenen estimulazioak jandakoaren gaineko pertzepzioa aldatzeko duen ahalmena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.