Artea eta herria lotzeko

1977tik 2002ra bitarte Euskal Herrian garatu ziren praktika artistikoak gertakari historikoekin erlazionatzen dituen erakusketa zabaldu du Artium museoak

Areto bakar batean biltzen dira pieza denak. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Herri oso bat sartu dute Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoan; herria bera, bere gertaera historiko eta artistikoekin. Izan ere, Euskal Herrian azken ia mende erdian garatu eta nagusitu diren askotariko arte diziplinetako obrak ikus daitezke museoko areto nagusian. 1977tik hasi eta 2002rainoko tartean kokatzen da Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian izeneko erakusketa, eta hogeita bost urteko tarte horretan izandako gertaera politiko zein sozialak praktika artistikoekin lotzen ditu. Hausnarketarako tartea proposatu nahi du erakusketak, eta denera ehun obra baino gehiago daude ikusgai: eskulturak, dokumentuak, afixak, bideoak, argazkiak... Gaur zabalduko dute erakusketa, eta ez du amaiera datarik oraingoz.

Beatriz Herraez duela urtebete iritsi zen Artiumeko zuzendaritzara, eta ordutik proiektu berri bat eraikitzeko lanetan aritu da. Bada, erakusketa kolektiboa da museoko bere aroari hasiera emango dion aurreneko egitasmoa. Herraez bera arduratu da, hain zuzen, erakusketarako obrak aukeratzeaz, Miren Jaio, Elena Roseras eta Xabier Arakistain komisarioekin batera.

Horretarako, Artiumeko funtsak izan dituzte oinarri, baina beste obra gordailu batzuetako, bilduma publikoetako edo dohaintza pribatuetako lanak ere erabili dituzte. Museoak duela gutxi erositako pieza historiko batzuk ere ikus daitezke, halaber. Izen handiko artisten lanak daude horien artean: Eduardo Txillidarenak, Jorge Oteizarenak, Nestor Basterretxearenak, Agustin Ibarrolarenak, Esther Ferrerrenak, Itziar Okarizenak, Cristina Iglesiasenak eta Miren Arenzanarenak, besteak beste.

Erakusketak ez du garaiaren irakurketa kronologiko bat egiten; aitzitik, «narratiba ireki bat» planteatu nahi dio ikusleari, Herraezek adierazi duenez: «Ez da erakusketa itxi bat, etengabe eraikitzen jarraituko du». Lan batzuk kendu eta beste obra batzuk jarriko dituzte haien ordez, eta, horrela, gai desberdinen inguruko ikerketetan sakontzea da asmoa. Hori da amaiera datarik ez jartzearen arrazoia.

Hiru multzo, bakarrean

Erakusketa hiru multzotan banatzen da, baina ikuslearen begietan zaila da horiek bereiztea. Izan ere, aretoa zabalik dago ia oso-osorik: espazio zabal bat da, non obrak, artistak eta garaiak elkarren artean nahasten diren. 1977. urtea du abiapuntu erakusketak. Garrantzi handiko gertaera politiko, sozial eta kulturalen garai bati hasiera eman zion urtea izan zen, Jaiok gogoratu duenez, eta horregatik aukeratu dute urte hori hasiera puntutzat. Franco diktadorea hil ondorengo urteak ziren, eta frankismoaren eragina artean nabaria bazen ere, askatasunak bultzatutako sormen handiko garaia izan zen artista askorentzat, Euskal Herrian batez ere. Urte haietako obrak biltzen ditu aurreneko multzoak, hain zuzen, eta Joxan Artzeren esaldiak laburbiltzen du aro hori: Laino guztien azpitik... eta sasi guztien gainetik.

Testuinguru hori ulertzeko, data hori baino lehenagokoak diren artelan sail bat ere jarri dute ikusgai. Horien artean daude, esaterako, urtebete lehenago Veneziako (Italia) Biurtekoan euskal artistek bultzatu zuten gune propioaren aldeko aldarriaren afixak; mugimendu feministak 1977 eta 1986 artean erabilitako kartelak eta bestelako agiriak; Esther Ferrerren Acciones corporales (1975) fotogramez osatutako bideo instalazioa; Agustin Ibarrolaren Paisajes de Euskadi (1975-1980) ilustrazioa; eta Elena Asinsen Ritmo oblicuo-positivo (1975) pieza.

Bigarren multzoak, berriz, 1980ko obrak biltzen ditu. Ilgora izenburua jarri diote aro horri, ilargiak garai hartan artistengan izan zuen eraginagatik. Izan ere, azpikulturarekin, hedonismoarekin, drogekin edota genero-maskaradekin lotu zuten ilargiaren irudia. «Aro postmoderno gisa definitu izan duten mundu berri bat sortzear zen garai hartan, eta euskal artearengan ere eragin nabarmena izan zuen». Orduan eratu ziren, esaterako, EAE Euskal Artisten Elkartea —1983an sortu eta 1985ean desegin zen— edo EHU Euskal Herriko Unibertsitatea —harekin, Bilboko Arte Ederren Eskola zena fakultate bilakatu zen—. «Gertakari horiek guztiek eragin nabarmena izan zuten artista belaunaldi batengan. Izan ere, garai hartan hasi ziren sortzen mugimendu politiko kultural ugari, baina espazioak falta ziren», adierazi du Jaiok. Belaunaldi hartako artisten lan batzuk ikus daitezke erakusketan, hain zuzen. Esaterako, Maria Luisa Fernandezen Entre el amor y el odio (1987) eskultura, Iñaki Cerrajeriaren Cena para tres o Reunión de negocios (1984) margoa, eta Juncal Ballestinen Izenik gabe (1985) ilustrazioa.

Azkenik, hirugarren multzoak 1990eko hamarkadatik 2002ra bitarteko artelanak biltzen ditu, urte horretan zabaldu baitzen Artitum museoa. Lur azpiko urak, ur azpiko lurrak izenburua du hirugarren atal horrek, eta artista belaunaldi berri baten obrak daude ikusgai. Ordura arteko praktika artistikoak beste modu batera ulertzeko ahalegina egin zuten artistok, eta diziplina ugariko obrak sortu zituzten. Izan ere, museo eta arte espazioak ugaritu ziren garaian, globalizazio prozesuak eta digitalizazioak «tentsioa» sortu zuten euskal sortzaileengan. Kontzientzia feminista erabat barneratua zuten artistak ere nabarmendu ziren orduan.

Itziar Okariz edo Gema Intxausti dira horren adibide. «Eskulturatik datozen bi artista dira, baina euren lanek ez dute zerikusirik ordura arte eskultura moduan ulertzen genuen diziplinarekin», azaldu du Jaiok. Garai horren erakusgarri da, halaber, Ibon Aranberriren Gaur Egun (this is CNN)pieza, 2002koa, zeina Nestor Basterretxeak Eusko Legebiltzarrerako egin zuen Izaro obraren kopia bat den, baina aldaketa txiki batekin: irrati bat du barruan.

Ikerketak erakusketan

Artiumeko hainbat gune egokitu egin dituzte erakusketa eremua are gehiago zabaltzeko. «Espazioa guztiz eraldatuta dago, eta hori aro berriaren erakusgarri ere bada», esan du Jaiok. Gune berri horietako batean ikus daitezke erakusketari lotutako bi ikerlan, erakusketa formatuan. Komisario Berriak programaren testuinguruan sortutakoak dira biak. Laura Vallesek egin du 1989. A través de la arena ikerlana, eta Arena (1989) eta Zehar (1989-2011) aldizkariek artearen munduan izan zuten eragina du aztergai. Garazi Ansa historialariak, berriz, 1970etik 1990era mugimendu feministak garai hartako artistekin izandako harremana ikertu du. Ikusgai daude biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.