Euskal Herriko arte moderno eta garaikideari lotua eman zuen bizitza Xabier Saenz de Gorbeak (Getxo, 1951). Arlo guztietan, gainera: ikertzaile, sustatzaile, irakasle, kritikari eta erakusketetako komisario izan zen, besteak beste. Baita sortzaile ere, neurri apalagoan.
Bartzelonako Unibertsitatean ikasi, eta Artearen Historian lizentziatu zen. Gerora, 1971n, urte batzuk lehenago aitak Bilbon irekitako Windsor galeriaren ardura hartu eta euskal artearen lehen lerrora eraman zuen, Roberto anaiarekin batera. Euskal Artisten Elkarteko kide izan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Kontseilurako aholkulari lanetan ere ibili zen, 1988tik 1991ra bitartean. Euskal artearen aditu gisara, gainera, ikerketa egitasmo askotan hartu zuen parte. Bilboko Arte Ederren Oteiza eta Errepublikako Artea edota Donostiako San Telmoko 30ko hamarkadako euskal artea eta artista proiektuek, kasurako, haren ekarpena jaso zuten.Ikerketan, gainera, lan oparoa utzi zuen, eta euskal arte eta artistei buruzko saiakera eta monografiko ugari argitaratu zituen. Remigio Mendiburu artistaren lanaere katalogatu zuen.
Arte kritikari gisara, iruzkinak egin zituen hedabide eta argitalpen askotan: esaterako, Deia, Radio Euskadi, Arteguia, Ondare, Batik eta Ceramica-n. Ikuspegi kritikoa azaldu zuen bere idazkietan. Artearen izaera politikoa aldarrikatu zuen —«nik ulertzen dut artea kontu politiko gisa, aldarrikapen gisa, eta galdera gisa», esan zion BERRIAri 2013an—, eta zorrotz aztertu zuen instituzioen eta kulturaren arteko harremana. 2012an Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan, garratz aritu zen administrazioaren jarreraren inguruan: «Kultura egitea ez da museo batean sarrerak saltzea, herritar kontziente, aske eta kritikoak sortzea baizik». Gainera, sortzaileen arteko eta sortzaileen eta gizartearen arteko elkarrekintza eta lokarrien alde aritu zen. Bere egin zuen transmisioaren erronka hura, batik bat Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle gisara. Artearen balio kate osoan —ikerketatik banaketaraino— atalez atal egindako lanak Gure Artea saria ekarri zion 2012an.
Arte erakusketen komisario modura egin zuen Saenz de Gorbeak, akaso, lan gehien. Orotara, berrehun erakusketa baino gehiago antolatu eta koordinatu zituen. Azken uneraino heldu zion jardun horri: egunotan ikusgai dago hark antolatutako azken erakusketa, Gernikako (Bizkaia) Euskal Herria museoan, Bartzelonako Gernikak. 1937 izenpean. Gernikako museo hori eta Picassoren Gernika koadroa bera elementu iraunkorrak dira, hain zuzen, Saenz de Gorbearen ibilbide profesionalean.
HILBERRIA. Xabier Saenz de Gorbea
Artea ertzetik ertzera lotuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu