Artea ernarazten duten erroak

Bilboko Lumbreras galeriak 25 urte bete ditu aurten. Ez zaio bisitaririk falta, baina artearen merkatua «ia desagertu» izanak aurrera jarraitzea baldintzatzen dio.

Juan Manuel Lumbreras, izen bereko galeriaren sortzailea, 25. urteurrenaren harira egindako erakusketaren atarian, Ondare aretoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Mende laurden bete du aurten Bilboko Lumbreras galeriak. 25 urtek aise ematen dute aukera gorabeheratarako, eta galeria ez da salbuespena izan: 1995ean ireki zen lehen aldiz, baina bi urte geroago hasierako gunea halako hiru zen lokal batera mugitu zuten, gaur egun arte; krisiek zedarritutako proiektua izan da, sortu zenean «krisi potoloa» baitzegoen, Juan Manuel Lumbreras sortzailearen hitzetan, eta 2008koa ere pairatu izan behar baitzuten; eta, hori gutxi balitz bezala, digitalizazioaren mehatxua ate joka dute dagoeneko. Testuingurua gorabehera, ordea, urte horietan «proiektuaren lerro nagusiak ez dira aldatu, berretsi baizik». Urteurrenaren harira, lerroon 64 lagin jarri dituzte ikusgai Bilboko Ondare aretoan, apirilaren 30era arte.

Hasieratik arteez inguratuta egon da Lumbreras: «Artisten familia batean jaio nintzen, eta, beraz, niri osmosi bidez heldu zitzaidan arteekiko afizioa». Etxean beti musika klasikoa entzun zitekeela dio, eta, gainera, ohikoak zitzaizkion antzerkiak edo zarzuelak ikusteko osterak; baita museoetara egindako bisitak ere. Ekonomiako ikasle zela, Mari Jose Darribas emazteak eta biek lehen artelana erosi zuten, «etxea apaintzeko marrazkitxo bat», eta hortik aurrera bildumazaletasunaren bideari ekin zioten: «Mundu guztiak erosten zuenarekin hasi ginen geure bilduma egiten: 1970eko hamarkadan, 25 arte galeria zeuden Bilbon, gehienak tokiko artistei eskainiak, eta Madrilgo eta Parisko eskolek ere oihartzuna zuten».

Hasierako bilduma hornituz joan ziren, eta, 27 urtez bildumagile izan ondoren, «mahaiaren beste aldera igarotzea» erabaki zuten, lagunek akuilatuta, hein batean. 1994an otu zitzaien galeria bat sortzeko proiektua; hurrengo urtean gauzatu zuten, eta Manolo Valdesen erakusketa batekin eman zioten hasiera. 150 metro koadro zituen hasierako lokalak, baina ez zen aski proiektua osoki garatzeko, eta, horrenbestez, 450 metro koadroko azalera duen egungo lokalera lekualdatu zuten galeria. «Toki oso handia da, obra oso handiak dituzten artistak erakutsi ahal izateko. Bilbon bazeuden hiruzpalau obra handi erakuts zitzaketen galeriak, baina ez gisa horretako 15 edo 20 obra erakuts zitzakeenik. Alde horretatik, hutsune bat bete nahi izan genuen». Hori hala izanda, galeristak azpimarratu du jauzia «kualitatiboa baino gehiago, kuantitatiboa» izan zela: «Galeria berrian hiru areto daude, eta hainbat erakusketa egin ditzakegu aldi berean».

Urteetako lanaren ondorioz, mende bukaeran zegoen hutsunea 184 artistaren 345 erakusketa indibidualekin eta beste hainbat kolektiborekin bete dute. Hala, arteak eragiten dion «emozioz eta pasioz» blaitu da galeriari esker, baina, era berean, «errespetu handia» eragiten dio hango jardunak. «Artelan bat saltzen duzunean, egiazkoa dela egiaztatzen duzu; zure gain hartzen duzu erantzukizun hori». Horrez gain, bildumagileak aholkatzea ere bada galeristaren egitekoetako bat, dioenez: «Adierazi behar diezu obra nola bildu, nola gorde, nola mantendu, nola erakutsi, nola aseguratu... Egiteko horiek guztiak daude galeristaren gain».

Finean, aurrera eraman duen proiektuan inplikatu behar du galeristak, edo, bederen, hala behar lukeela uste du Lumbrerasek. Izan ere, Bilbon galeria «oso maitatua» bihurtu izanaren arrazoietako bat deritzo horri: «Galeria askotan, galerista ez da inoiz agertzen, eta hori akats larria da. Nik egunero ikasi nahi dut, baina baita irakatsi ere». Artearen formakuntzak «enpirikoa» ere izan behar duela nabarmendu du Lumbrerasek, eta hori da, bere ustez, galeriek eskain dezaketen «tresna»: artea ikusi ahal izateko abagunea, hain zuzen. Hori hala izanda, galeria bildumagileak, artistak, afizionatuak eta abar biltzeko guneak izan daitezke, eta hori izatea lortu du Lumbrerasek: «Galeriara doana eroso dago bertan. Jendea ez dator duela hamabost urte zetorren kopuru berean, baina bisitariak tantaka-tantaka etortzen dira».

Zalantzaz beteriko geroa

Lumbreras aise egonkortu da Bilboko esparru artistikoan, eta horren adibide da, besteak beste, galeristari maiz egin izan dioten galdera hau: «'Baina ez duzue itxiko, ez?'». Guneak publikoaren atxikipena baduen arren, ordea, gero eta zailago egiten zaio galdera horri ezezko erantzuna ematea: «Ez dakit itxiko dugun edo ez. Gaur egun, eramanezina da gurea bezalako galeria bat, duen espazioarekin eta dituen kostuekin». Merkatuaren «errespetua» bereganatua du aspalditik Lumbrerasek, baina «periferian» dago, eta hori «desabantaila» bat da, galeristaren ustez.

Dena den, 2008ko krisi ekonomikoa izan da galeriak izan duen inflexio punturik sakonena, eta orduko eztenkadek oraindik irauten dute. Ondoriorik behinena da hamabi urte hauetan artearen merkatua «ia desagertu» egin izana, eta, harekin batera, galeria asko ere bai: «Galerien %80 edo 90ek itxi egin dute. Bilbon lau edo bost geratzen gara bakarrik, eta, gainera, dirua galtzen ari gara». Galeristak azaldu duenez, artelanen salmentek ez dute beren horretan galeria finantzatzeko adina diru ematen, eta, horrenbestez, Lumbrerasek bere dirutik ordaindu behar ditu aparteko gastu horiek. Horrez gain, artelanen BEZa %21ekoa izateak balizko saltzaile askok atzera egitea eragin ei du.

Ertz horiek guztiek «eremua lokaztea» eragin dute, Lumbrerasen iritziz. Ekonomialaria izaki, «joerei aurre egiten ohituta» dagoela dio, eta argi du galeriaren joera nora doan. «Lumbreras bezalako galerien eredua, hau da, eredu kanonikoa, pikutara joaten ari da euskarri digitalekin. Uste dut galeria fisikoak desagertu egingo direla; jada desagertzen ari dira arrazoi ekonomikoak direla-eta».

Arlo digitalaren nagusitasuna kudeatzea izango da galeriaren hurrengo urteetako «erronka», baina dagoeneko ez da Lumbreras egongo ildo berriak gidatzen, bere alaba baizik. Izan ere, Begoña Lumbreras Darriba da galeriako zuzendaria 2011. urtetik, eta, aitari ziurtatzen dion arren «obra fisikoak ezin izango direla desagertu», helburu berrietarako aintzat hartzen ari da eremu digitala, haren aitak argitu duenez. «Erabat aldatu ditu informazioaren eta komunikazioaren arloak. Webgunea gaurkotua dago; sare sozialak berak eramaten ditu, buletina... jendea oso informatua dago».

Alderdi komunikatiboetan ez ezik, tematikoetan ere sartu du eskua zuzendari berriak. Besteak beste, artista hasiberriak hauspotzeko proiektuei heldu die berriro. Gazteen lanak galeriaren zutabeetako bat izan ziren hasierako urteetan, baina bost bat urte iraun zuen bide horrek, «XXI. mendearen hasieran lan horiekjomuga zituzten hainbat galeria sortu zituzten arte». Haiek ere astindu zituen 2008ko krisiak, halere, eta Arte Ederren fakultatera eta Bilbo Artera egiten dituzten ostera horietan konturatu ziren gazteak «gorpu» bihurtuta zeudela. «Formakuntza bukatzen dute; Bilbo Arten bekaren bat lortzen dute, agian Ertibilen ere bai... Lehen hiru urteetan, oso ondo, baina gero galerietara joaten dira, eta ez diete kasurik egiten». Horiek horrela, artista horiei obrak non erakutsi eskaintzea du xede proiektu berriak, baina, era berean, gazteei atentzioa ematea ere badu jomuga.

Ibilbide baten oparotasuna

Galeriaren etorkizuna kolokan dagoen arren, iraganera begiratzea egokitu zaie orain Lumbreraskoei: hori baita, hein batean, Bilboko Ondare aretoan ikusgai dagoen erakusketa. «Galerian ukituz joan garen arlo guztietatik pixka bat dago 64 pieza hauetan: pintura, eskultura, paperaren gainean egindako lanak, lan grafikoak...». Forma eta kolore askotako lanak, Lumbrerasen esperientziari esker modu harmonikoan antolatuta. Korronte artistikoak eta koloreak erabili ditu piezak apailatzeko irizpide gisa, eta, hala, ikuslea kontrastea ia igarri gabe igaroko da hasierako lur tonudun obretatik aldameneko urdin bizidunetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.