ARTgia sorguneak neguko arte azoka zabalduko du aurten ere. Aurreko aldietako esperientzia ona baliatu dute hirugarren urtez Eguberrietako arte garaikidearen merkatua antolatzeko. Erakusketa baten bitartez, Arabako zein Gasteizko artisten lanak ikusgai jarri eta haien salerosketa sustatzea du helburu azokak. Zabalik da dagoeneko, eta urtarrilaren 12ra bitarte iraungo du.
Erakusketa kolektiboa izango da oraingoan ere, eta hemeretzi artistaren lanak egongo dira ikusgai denera. Horietako batzuk hasiberriak dira; beste batzuek, ordea, ibilbide bat egina dute artearen alorrean. «Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen, kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura», adierazi du Kristina Urizarbarrenak, merkatuaren koordinatzaileak. Besteak beste, Unai Etxebarriaren, Lorea Morlesinen, Maitane Argoteren, Iñaki Alvarezen, Alba Tojoren, Uxue Ruiz de Arkauteren eta Ines Gonzalez de Zarateren lanek osatzen dute erakusketa.
Askotariko piezak dira: margoak, argazkiak, zeramikazko piezak, ikatz ziriz egindako marrazkiak, ilustrazioak... 30 lan baino gehiago izango dira guztira, eta 20 eta 800 euro arteko prezioa dute. Azokarako berariaz sortu dituzte batzuk, hain zuzen. Ines Gonzalez de Zarateren kasua da hori, esaterako. «Zeramika eta larrua uztartzen ditut nire lanetan. Beste erakusketa baterako probatu nuen teknika hori, eta aurten pieza berriak sortu ditut azokarako». Hirugarren urtea du azokan artistak, eta uste du aukera «bikaina» dela askotariko artistekin erakusketa partekatzea.
Maitane Argotek, berriz, lehen aldia du azokan. Mihise gaineko olio margoak ekarri ditu, tamaina txiki eta ertainekoak gehienak, salmenta errazteko helburuarekin. «Tamaina handikoak zailagoak dira saltzen normalean. Hala ere, denetarik ekarri dut, ikusgai egon daitezen gutxienez». Emakumearen eta lurraren arteko loturaz mintzo da haren artelanetan. Victor Fernandezek ere tamaina ertaineko bi margo aurkeztu ditu azokan, paperaren gainean teknika mistoan egindakoak. Argentinara iaz egindako bidaia bateko bi paisaia irudikatu ditu artistak.
Yune Estibarizen obrak ez dira sortu berriak, halere. Ezta Miguel Alfredo Hernandez Busto Zirika artistarenak ere. Saldu gabe eta inon erakusgai jarri gabe etxean pilatuta dituzten lanak «birziklatzea» erabaki dute biek. Argazki formatukoak dira bi artistek erakusketara eraman dituzten lanak. «Beste bizitza bat emateko aukera egokia da», adierazi du Estibarezek.
Hiru urtean, 75 artista
«Artisten erakusleiho izateko jaio ginen, artistaren eta publikoaren artean zubi berriak sortzeko eta artea oparitu nahi dutenentzako aukerak parez pare zabaltzeko», adierazi du Urizarbarrenak. Gasteizko Enebada galeriarekin elkarlanean antolatu zituzten aurreko bi aldiak, baina, hura itxi dutenez, aurten ARTgia aretoak antolatu du neguko azoka. Hiru urtean 75 artistak parte hartu dute azokan; gehienak emakumeak izan dira, gainera. Urtez urte helburuak bete direla adierazi du Urizarbarrenak, eta aurrerantzean ere hazten jarraitzeko asmoa dute. «Kontzeptu aldaketa bat proposatzen dugu, apustu bat, herritarrak aktibo izan daitezen tokiko artea bultzatzerakoan. Lurrinak edo galtzerdiak oparitu beharrean Arabako artea oparitzen badugu?», nabarmendu du Urizarbarrenak.
Egitasmoaren barruan ez da soilik erakusketa izango. Izan ere, azokaren barruan, sorkuntza tailer bat eskainiko du Edurne Herran artistak, hilaren 28an. Alemanian bizi da egun, baina Eguberrietako oporren harira Gasteizera egingo duen bisita baliatuko dute ikastaroa egiteko. Doakoa izango da, eta irekia. ARTgia aretoan bertan egingo dute, eta erakusketarako propio sortuko ditu piezak tailerrean.
Artea ere opari izan dadin
Erakusketa baten bidez artelanen salerosketa sustatzeko azoka antolatu dute ARTgian, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu