Artea edo jolasa?

Azken bi urteetako bere produkzioa bildu du Maria Txillidak Donostiako Ekain galeriako erakusketan

Feltrozko zirkuluak dira Txillidaren erakusketako elementu nabarmenena. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Ez naiz inoiz artista sufritzailea izan, jostaketa bilatzen dut sortzean». Baieztapen horrekin aurkeztu du Maria Txillidak (Donostia, 1960) bere azken bi urteetako artelan sorta. Erakusketa zabaldu du Donostiako Ekain galerian, eta batez ere collage-ak eta feltro zatiak erabili ditu koadroak osatzeko. Eskultura batzuk eta zintzilikario bat ere ikusgai daude.

Obra egiteko prozesuan zehar bere burua eramaten uzten duela adierazi du artistak. «Ez dakit zein zentzu daukaten... Argi dago orekaren bila jarraitzen dudala, elementu bat gehitzen diodanean kontrako aldean ere zerbait jarri behar izaten baitut». Simetria zentzu zurrunean ulertu barik, ikuslearentzat argia da bere obretan elementuen banaketak espazioan daukan garrantzia.

Materialari dagokionez, Txillidarentzat «feltroa aurkikuntza bat izan da. Kolorea oso ongi xurgatzen du gainera, eta aise moztu eta manipulatzen da». Egurrezko, kartoizko eta eskuz eginiko paperezko elementuak ere erabili ditu bere lanen sorkuntzan.

Loturak izenburua jarri dio lan sortari. Feltrozko zirkuluak dira nagusi, eta sokaz harilkatzen dira obren konposizioan. Obren ordena kronologikoa erraz asmatu daiteke. «Hasiera batean konposizio koloretsuak baztertzeko hautua egin nuen, baina denborak aurrera egin ahala ezinbestean aurkitzen nintzen berriz ere koloreak erabiltzen». Materialak ez dituela berak bilatzen dio Txillidak, «materiala bera baita niri 'har nazazu, har nazazu' dei egiten didana». Materialarekiko harremana gailentzen dela uste du, «ikusi» egiten baitu noiz hartuko duten ondo elkar Txillidak eta materialak.

Aitatzekoa da beste artista batzuek Txillidaren azken bi urtetako produkzioan izan duten eragina. Alexander Calder (Lawton, Pennsylvania, 1898 -New York, 1977) artista estatubatuarrarena da argiena. «Aitaren [Eduardo Txillida] galeria berean aritzen zen lanean, eta txikitatik izan dut harremana bere obrarekin». Joan Miro ere (Bartzelona 1893-Palma, 1983) miresten duela aitortu du, bere lanerako erreferentzia izan baita. Hirugarren inspirazio iturri bat badaukala azaldu du, bere lehengusu Juan Txillidarena. «Bere eragina ikusten diet nire lanei. Ez dakit zertan, baina argi ikusten dut, bere lanak oso gogoko ditut eta».

Jolasa lanabesa denean

Etapa berri bati heldu dio Txillidak azken bi urteotan, eta bakarrik jardun du obren konposaketan. «Paper pusketatxoekin jolasean hasten naiz, eta konturatu orduko 'Hara! Badaukat' pentsatzen dut». Profesionala ez izateak ematen dion askatasuna estimatzen du, denbora-pasa bezala ulertzen baitu sorkuntza prozesua. «Jolasa da niretzat, eta helburua gozatzea da, abestu edo dantzatu egiten dudanean bezala». Jolasak bere baitan daukan desinibizioaren erakusgarri bezala, «eskuak burua baino arinago» joaten zaizkiola argi eta garbi dauka artistak.

Behin lan sorta mardula eskuartean daukanean, jendaurrean agertzeko prest dagoela sentitzen du Txillidak, baina ez lehenago. «Bestela presiopean egingo nuke lan, eta ez nuke berdin gozatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.