Solasaldirako abiapuntua jarri zuen Cosmic Tentacles estudioko buru Mikel Gonzalez Cthulhu-k hitza hartu orduko: «Artearen eta politikaren arteko harremanaren inguruan bi korronte daude: artea borrokarako tresna gisa jotzen duena batetik, eta artea ideologiarekin ezin dela prostituitu dioena bestetik. Azken ideia horren alde egiten duenak, oro har, asmo politiko argia izaten du, hots, artea borroka molde guztietatik eranztea. Zuek zer iritzi duzue?». Galderari tinko erantzun zion Kattalin Barcena musikari eta artistak, zalantzarik egin gabe: «Garai despolitizatuak ditugu hauek, baina musika ez da apolitikoa; are, ideologia ez-iraultzaileetan inoiz baino integratuago dago. Artista guztien erabakiak politikoak dira: non jotzen duten, norekin sinatzen duten edo norekin ez, zeri kantatzen dioten... Dena da politikoa».
Artea eta politika. Artea edo politika. Ala biak? Ertz eta erpin ugari dituen gai horretaz eztabaidatzeko lau artista gonbidatu zituen atzo iluntzean Gasteizko Jimmy Jazz aretoak Ez dago kerik surik gabe izeneko mahai inguru zikloaren bigarren saiora: Mikel Gonzalez Cthulhu eta Kattalin Barcenarekin batera, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, eta Belen Nevado aktore eta musikaria aritu ziren hizketan. Hasieran, Itziar Ituño aktorea eta Ion Celestino musikaria ere parte hartzekoak ziren solasaldian, baina, azkenean, ezin izan zuten. Gazteleraz egin zuten saioa, eta, hain zuzen ere ez zutelako euskaraz egin, barkamena eskatu zien antolatzaileek mahai ingurura bertaratutakoei.
Cosmic Tentacles estudioko arduradunak egindako galderari helduta, Nevadok azpimarratu zuen bere kasuan punkak eta feminismoak eman ziotela «barruak askatzeko modua», eta tresna horiekin lortu zuela bere burua artista gisa eraikitzea. Barcenaren ustez, berriz, artistek egunero hartzen dituzte ondorio politikoak dituzten erabakiak, baina askotan, «egoak» itsututa-edo, pentsatzen dute artea zerbait «mistikoa» dela, eta ezin dela joera politiko batekin lerratu. «Ergelkeria handia da pentsatzea artea zerbait konplexua dela eta politika, berriz, sinplea», erantsi zuen.
«Garai despolitizatuak ditugu hauek, baina musika ez da apolitikoa. Artista guztien erabakiak politikoak dira: non jotzen duten, norekin sinatzen duten edo norekin ez, zeri kantatzen dioten... Dena da politikoa»
KATTALIN BARCENAMusikaria
Haren ustez, inguruaz, testuinguruaz eta ondorioaz kontzientzia hartzea da, hain justu ere, edozein diziplina artistikok izan dezakeen «potentziarik askatzaileena». «Konpromiso politikotik musika egin duten artistek erakutsi dute iraultzaileak izan direla, hain justu, publikoarekin eta garaiarekin konektatzeko gai izan direlako», erantsi zuen.
Borroken «soinu banda»
Muguruzak bat egin zuen Barcenaren gogoetarekin: «Testuinguruak denok zeharkatzen gaitu; erabakirik txikienak ere badu transzendentziarik». Historian ere artearen inplikazio politikoa oso agerikoa izan dela azaldu zuen, eta gogoratu du, musikari dagokionez, gizarte mugimendu gehienek «jatorrizko soinu banda bat» izan dutela: besteak beste, aipatu zuen zer rol izan zuen chaabiak Aljeriako independentzian, zer rol soulak AEBetako eskubide zibilen aldeko mugimenduetan eta zer rol ska musikak Jamaikaren independentziarako borrokan. Politikan parte hartzen ez dutela dioten artistak, berriz, zorrotz kritikatu zituen: «Gezur handia da; izan ere, ugazabaren ahotsa dira, eta ez dute inolako arazorik multinazional batekin sinatzeko».
«Testuinguruak denok zeharkatzen gaitu; erabakirik txikienak ere badu transzendentziarik»FERMIN MUGURUZAMusikaria eta zinemagilea
Cthulhuk esaldi bakarrean laburbildu zuen eztabaidaren mamia: «Politikoki jarrera jakin bat hartu nahi ez duen artista, berez, jarrera bat hartzen ari da». Gaur egungo egoerari begira, berriz, ezkor aritu zen; azpimarratu zuen garai politiko eta sozialen isla dela artea, baina egungo «zaratarekin» arteari kasik ez zaiola uzten hausnarketarako espaziorik. Analisi horrekin ados agertu zen Nevado, eta hark ere kezka azaldu zuen artearen berehalakotasunarekin: «Zarata asko dago; ez dago tarterik gauzak patxadaz egiteko».
J Martinako musikariari ere ezkortasuna nabari zitzaion Euskal Herriko egungo musika eszenaz aritzerakoan. Barcenaren hitzetan, bada «no future sentipen bat» bere belaunaldiko gazteen artean, eta etsipen horrek isla du musikan eta oro har artean: «Ez dugu kolektibotasunaren ideia hori barneratua borrokei soinu bandak jartzeko, adibidez bere garaian Negu Gorriak-ek egin zuen moduan».
Barcenak gogora ekarri zuen J Martinako kideak Mugimendu Sozialistako militanteak direla, eta engaiamendu politikotik musika egiten dutela, baina horrelako konpromiso politiko hain nabaria ez dela ohikoa musikarien artean. Musikaren «despolitizazioarekin» ernegatuta mintzatu zen: «BECen 10.000 lagun bildu dituzu, eta ez zara kapaz izan Palestinaren aldeko bandera bat ateratzeko? Bada, ez zara nire interesekoa».
«Artea ideologiarekin ezin dela prostituitu esaten duenak, oro har, asmo politiko argia izaten du, hots, artea borroka molde guztietatik eranztea»
MIKEL GONZALEZ, 'CTHULHU'Cosmic Tentacles Studioko kidea
Egungo gizartearekin ezkorra dela aitortu zuen Muguruzak ere, baina ñabartuz «ezkor aktiboa» dela. Izan ere, nahiz eta sumatu etsipen sentipen bat badela inguruan, euskaraz kantatzen duten musikarien eta musika zirkuituen goraldi bat egoteak itxaropena ematen dio. «Energia horrek denok bultzatu behar gaitu».
Zentsurari nola aurre egin
Zentsuraren atzaparretatik ezin ihesi dabiltza artistak aspaldi, eta horri buruz gogoetatzeko parada ere izan zuten solasaldian. Cthulhuk mahaigaineratu zuen gaia: «Boterearentzat artea oso arriskutsua da gaur egun oraindik ere, eta hori bada itxaropentsua, boterearen ahultasunaren seinale delako». Zentsuraren hamaika aurpegi ezagutu ditu Muguruzak Kortatu taldea sortuz geroztiko ibilbidean, eta, horietako batzuk gogora ekarri eta gero, ondorio berera iritsi zen: «Boterea kezkaturik dago».
Barcenak, ostera, ohartarazi zuen adierazpen askatasunari mugak jartzea «normalizatzen» ari dela, baina artistak ez direla asmatzen ari horri hesia nola jarri. Bide bat proposatu zuen Cthulhuk: «Kolektiboaren indarrean dago giltza».