Artea arma gisa aldarrikatzeko

Imanol Marrodanek 'Arma isilak gerra lasaietarako' obra aurkeztu du Oteiza museoan. Arteak testuinguruari erantzun behar diola adierazi du lan horretan, eta naturaren suntsipena kritikatu

Imanol Marrondanen proiektu berriko Revelar y Rebelar pieza, Oteiza museoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Altzuza
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Arte oro politika da». Hori da Imanol Marrodan artista bilbotarrak helarazi duen ideia nagusia Arma isilak gerra lasaietarako proiektuaren aurkezpenean, Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa). Marrondanek azken urteetan egindako gogoeta sakon baten ondorio da lana, eta harreman estua du naturarekin. Irailaren 30era arte egongo da ikusgai.

Museoaren Interbentzioak zikloaren barruan dago obra. Ziklo hori artisten eta Jorge Oteizaren obraren arteko elkargunea da, eta programako hamargarrena da Marrodanen proiektua. Artistak 2011tik gaur arte sortutako zazpi piezak osatzen dute: lau eskulturak, Proiektu pertsonala izeneko diagramak, Revelar y Rebelar interbentzioak (Errebelatu eta matxinatu), eta Elurra Anbotoko tontorrean obrak.

Marrodanek adierazi du proiektuak zerikusia duela Oteizaren lanarekin eta hark artea ulertzeko zuen moduarekin: «Oteizak pentsatzen zuen arteak testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoari erantzun behar ziola; hori da, nire ustez, sormen garaikidearen ardatza». Azaldu duenez, zazpi urte eman ditu proiektua sortzen; ondorioz, obrak harekin batera egin du aurrera, eta, bera bezala, aldatuz joan da.

Artearen inguruko gogoeta sakona egin du urteotan artistak, eta hausnarketa horren ondorioak diagrama batean jaso ditu. Erakusketan dago, eta gainontzeko pieza guztien abiapuntua da.«Arte garaikidea sortzen igaro dudan denbora laburbiltzen du eskema horrek; denbora horretan lortutako baieztapen batzuk biltzen ditu, baita zenbait galdera ere».

Proiektuaren beste zati garrantzitsu bat Revelar y Rebelar pieza da: artistak Revbelart hitz jokoa jarri du museoko leiho batean, artearen inguruko irakurketa bat proposatu nahian. «Artearen eginkizuna errebelatzea da, zerbait erakustea; baina baita zerbaiten kontra egitea ere, zerbait mugiaraztea», adierazi du.

Interbentzio hori aurretik beste toki batzuetara eraman badu ere, orain berezitasun bat du: museoa inguratzen duen paisaia naturalaren aurrean jarri du. Xehetasun horrek garrantzi handia du, haren hitzetan: «Interbentzio horren bitartez, adierazi nahi dut natura dela gure jatorria, gure abiapuntua eta, halabeharrez, gure itzulera. Ez badugu Lurra suntsitu nahi, erroetara itzuli beharko dugu».

Elurra Anbotoko tontorrean piezak ere lotura handia du naturarekin. Marrodanek Anboto menditik hartutako elur pixka bat jarri du ikusgai erakusketan. Mendiaren forma bera du, eta hozkailu batean egongo da proiektuak museoan igaroko duen denboran: uda osoan.Artistak azaldu duenez, elur horrek interpretazio bat baino gehiago du. «Batetik, sinbolikoa da, mendi magiko bati buruz hitz egiten duelako: han Mari bizi da, natura irudikatzen duena». Bestetik, gizakiak naturarekin duen jarreraren inguruko kritika ere bada: «Elurra hona ekartzeko eta elurraren prozesu naturala eteteko, energia baliabideak erabili ditugu. Metafora bat da, proiektua ez baita ekologikoki jasangarria».

Elurrarekin batera, Marrodanek berak sortutako Anboto liburua ere ikusgai dago. Bost urteko lanaren ondorio den argitalpen horretan, artea eta natura lotu ditu, eta mendi horren hainbat ikuspegi eskaini. Artearen eta dibulgazioaren artekoa da lana. Marrodanek aitortu du lotura berezia duela Anboto mendiarekin; nolanahi ere, haren lan gehienak daude naturarekin erlazionatuta, bera alpinista eta eskalatzailea baita.

Oteiza museoko zuzendari Gregorio Diazek ere nabarmendu du Anboto mendiak proiektuan eta museoaren espazioan duen pisua. Izan ere, Oteizak berak Anbotoko Mariren semeei lotutako obra bat egin zuen 1935. urtean, Mikelats eta Atarrabi izenekoa, eta museoan dago ikusgai. Bestalde, Diazen ustez, erakusketak iraungo duen denbora guztian espazio horretan elurra edukitzea baliagarria izan daiteke museoa inguratzen duen eremuaren kontzientzia hartzeko: «Oso paisaia boteretsua da, eta natura eremu batean dago».

Manipulazioaren kontra

Erakusketaren izenburuaren jatorria berezia da: 1986an aurkitu zuten argitalpen baten izenburua da; enkante batean topatu zuten, fotokopiagailu baten barruan. Dirudienez, dokumentua Bildelberg taldearekin lotuta zegoen, eta zenbait tresna ematen zituen gizartea kontrolatzeko. Hortaz, artistari egokia iruditu zitzaion izenburu hori hartu eta «kontrako norabidean» erabiltzea: «Izenburu hori erabili nahi izan dut erakusteko arte garaikideak tresnak edo armak dituela manipulazioari aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.