Miren Pastor. Argazkilaria

«Artea aretoetatik kalera eramanda, jendearen errutinan sartzen duzu»

Barakaldoko Baffest argazki jaialdian, 'Bidean' erakusketa jarri du Miren Pastorrek. Errekatxo auzoko basoan, formatu handiko hamabi argazki jarri ditu, hiru kilometro eta erdiko ibilbide batean.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Miren Pastor (Iruñea, 1985) Madrilen bizi da, baina, egunotan, Barakaldoko (Bizkaia) kaleetan dabil gora eta behera. Baffest jaialdia egiten ari dira han: hainbat sortzailek beren argazkiak jarri dituzte ikusgai hiriko bazterretan. Eta, gainera, argazkigintzaren inguruko hitzaldiak eta tailerrak ere emango dituzte. Pastorren erakusketak gizakia eta natura ditu ardatz, «eta horien aldaketa prozesuak».

Formatu handiko hamabi argazki ingurune natural batean jarri dituzu ikusgai.

Horrelako gauza bat egiten dudan lehen aldia da. Ez da oso arruntajaialdi batek proposatzea erakusketa bat basoan egitea. Normalean, aretoetara ohituta gaude, edo hiri edo herri bateko kaleetan erakusketak egitera. Horregatik, erronka handia izan da niretzat. Gehienez ere bi metro luze edo zabal diren argazkiak dira guztiak.

Artea museotik kalera, edo basora, eramatean, zein da helburua?

Oso planteamendu interesgarria da. Aretoetara joatea batzuetan esfortzu bat izan daiteke. Publiko interesatua da aretoetara joaten dena, eta, gero, beste publiko bat dago jabetu ere ez dena egiten. Artea aretoetatik kalera ateratzea, artea beste testuinguru batean kokatzea da. Jendearen errutinara daramazu erakusketa, eta opari bat egiten diozu jendeari. Nahi gabe aurkituko dute artelan bat, espero ez duten leku batean. Baffest jaialdian, ekain osoan, Barakaldoko kaleetan argazkiak egongo dira. Nireak, basoan. Kultura bisuala ez da lantzen hezkuntzan, eta horrelako gauzek asko laguntzen dute.

Bidean izena dauka erakusketak. Baina erakusketa bat baino gehiago, proiektu bat da, ezta?

Gizakiak eta naturak dituzten aldaketa prozesuen inguruko erakusketa da. Proiektuaren izenburuak esaten duen moduan, zerbait gertatzen dela edo zerbait gertatuko dela iradokitzen du, martxan dagoen zer edo zer dela proiektua bera, bidean dagoela.

Aspaldi hasi zenuen proiektua. Zein da haren ardatza?

Oso proiektu emozionala da. Gizakiak eta naturak garrantzi handia dute niretzat. Gizakiarengan zentratu nintzenean, konturatu nintzen gehien erakartzen ninduena nerabezaroa zela. Aldaketa prozesu bat da, transformazioa, fisikoki eta psikologikoki. 2011n, gazte talde bat fotografiatzen hasi nintzen, eta, gazte horiek haziz joan diren heinean, nire proiektua ere haziz joan da. Gero, parekotasun bat ikusi nuen gizakiaren eta naturaren denboren eta zikloen artean. Eta, horrela, Bidean zabalik dagoen proiektu bat bihurtu da.

Hiru etapa banatu dituzu proiektu horren barruan.

Bai, Basoa, Mendia eta Itsasoa. Lehen etapak ziurtasunik eza adierazten du, nerabezaroa, nora eza. Proiektuko argazki erreferentea basoan dagoen neska gazte bat da, ile luzeak aurpegia estaltzen diona. Ileak ez dio uzten aurrekoa ikusten. Bigarren etapan, basotik mendi tontorrera aldatzen da paisaia. Etapa gogorragoa da: harriak daude. Metaforikoki esan nahi du heldu dela momentua errealitateaz konturatzeko. Eta hirugarren etapa itsasoa da, mendian behera doan erreka, itsasoraino, barealdia. Sinbologia handiko irudiak dira. Barakaldon lehenengoz ikusgai egongo dira etapa guztietako argazkiak. Ez daude banatuta, guztiak dira bat.

Erromantizismoarekin badu zerikusirik sinbologia horrek.

Bai. Zuk, argazkilari modura, zure ideiak botatzen dituzu hor. Niri ez zait gustatzen dena esatea; gero, norberak segun eta zenbat denbora eskaintzen dien argazkiei edo argazkiekin zenbateraino konektatzen duen, sentsazio bat edo beste eragingo diote. Niretzat, basora sartzea norbere burua topatzera joateko gonbita da.

Erakusketa nola antolatu duzu Barakaldoko baso horretan?

Argazkietan natura oso presente dagoenez, argazki horiek espazio natural batean kokatzea zaila izan da. Barakaldoko Errekatxo auzoa da aukeratutako espazioa. Eta 3,5 kilometroko ibilbidean daude kokatuta. Jendeak noranzko batean edo bestean ibilbidea egin dezala da asmoa. Eta bidean argazkiekin topo egitea.

Halere, argazkiak liburuetan biltzen dituzu. Zer dela eta?

Basoa-k eta Mendia-k, bi etapa horiek, argazki liburuak dituzte. Nire lehen erakusketa egin nuenean, argazkiak erakutsi nituen, baita liburua argitaratu ere. Dena batera doa; osagarriak dira. Liburuetan argazkiak eta testuak biltzen ditut. Eta, horrela, modu errazean ikus daitezke. Datorren urtean hirugarren liburua argitaratzeko asmoa daukat: Itsasoa.

Hiru hitzaldi emango dituzu Baffest jaialdian.

Ekainaren 18an, mahai inguru bat egingo dugu, eta emakumeok artearen munduan daukagun lekuaz hitz egingo dugu. Egun horretan, Bookjockey saio bat ere egingo dut, erabat gauza berritzailea: DJ saio bat, baina argazki liburuekin. Hainbat artistaren argazkiak konparatu, nahastu eta uztartuko ditut. Eta, ekainaren 16an, argazki liburuei buruzko tailer bat emango dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.