Arte komunitatearen jo puntuan da Lisboa

Arte garaikidearen zirkuituan lekua irabazten ari da Portugalgo hiriburua. Arco arte azoka hirugarren urtez zabaldu dute asteburuan, eta zenbait euskal artistaren lanak ere erakutsi dituzte bertan.

Lisboa arte garaikidearen zirkuituan irabazten ari den indarraren erakusgarri izan da arte azoka. ITZIAR UGARTE IRIZAR.
itziar ugarte irizar
Lisboa
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Nazioarteko arte garaikidearen enkontrua hartu du Lisboak azken egunotan. Ostegunean abiatu zen Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokaren hirugarren edizioa, eta, gaur artean, galerista, bildumagile, komisario eta sektoreko profesionalen arteko gurutzaketa etengabea izan da Fabrica Cordoaria Nacional eraikineko pasilloetan. Harrizko horma eta egurrezko teilatu zaharraren pean, hamalau herrialdetako 72 galeria bildu dira denera; portugaldarrak eta espainiarrak gehienak, baina baita Latinoamerikatik eta Afrikatik estreinakoz heldutakoak ere. Museo eta galeria berrien bidetik, arte garaikidea Lisboan eta Portugalen, oro har, tokia irabazten ari dela erakutsi nahi izan zuen iaz Arcok, eta irudi hori sendotzera egin du aurten, eskaintza indartuta.

Euskal Herritik, Bilboko Carreras Mugica galeria izan da parte hartu den bakarra. Aurrenekoz izan dira Lisboan, eta arte garaikidean bereganatzen ari den arreta berretsi du Guillermo Mugica galeristak: «Gero eta espazio gehiago du zirkuituan. Arte komunitate indartsua du, eta asko babesten dute elkar. Uneotan proiekzioa ikaragarria da. Giroan igartzen da iritsi ahalaz bat; erakusketak daude, eztabaidatzeko elkartzen diren taldeak... Babes horri esker ari dira hazten, eta besteei erakusten hemen zer ari den gertatzen». Inaugurazio egunetik «jende asko eta interes handia» sumatu du azokako joan-etorrian Mugicak, hala bisitarietan nola erosleetan. Besteak beste, Asier Mendizabal, Pello Irazu, Eduardo Txillida eta Erlea Manerosen lanekin osatu dute eurek erakustokia. Mugatua da galeria bakoitzak azokan duen espazioa, baina alde ona ikusten dio horri Mugicak: «Jendeak azoka oso-osorik ikus dezake, eta asko eskertzen dute».

Madrilgo Arcon ere Carreras Mugica izan da aurten euskal galeria bakarra. Inguruan, Bilbon, batik bat, «erortzen» ikusi dituzte galeriak: «Inbertsio ekonomiko bat eskatzen du halako azoketan parte hartzeak, eta galeria asko ez daude arriskua hartzeko prest. Guk beharrezkoa ikusten dugu; saltzen ez baduzu ere, artisten lana sustatzen duzu».

Euskal artista gehiago

Euskal Herritik kanpo mugitzen diren beste galeria batzuek erakutsi dituzte, halaber, euskal artisten lanak Lisboan; Esther Ferrer, Miguel Angel Gaueca, Aitor Ortiz, Prudencio Irabal, Itziar Okariz eta Iñaki Garmendiarenak, hain justu. Azken bienak Moises Perez de Albeniz galeriak erakutsi ditu; Okarizen Si yo soy yo y tú eres tú (2011) eta Garmendiaren Txitxarro (2010-2011) serieko hiru lan. Duela bost urte Madrilera lekualdatu zen arte, Iruñean egin zuen bidea galeriak, eta euskal artisten lanen aldeko apustuari eusten diotela dio Perez de Albeniz galeristak: «Azkenean, 18 urte egin ditut Iruñean. Hango artistei erantzun behar nien orduan, eta Madrilera joatean haietako zenbait gorde ditut. Okariz eta Garmendia bezala, artista batengan sinesten duzunean, luzea eta iraunkorra da harremana. Baina Madrilen estrategia ezin da horren lokala izan; lokala nazioarteko testuinguruan jarri ezean, niretzat ez du zentzurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.