Ibilbide luzea du musikaren esparruan Andoni Sierrak (Donostia, 1971). Piano ikasketekin hasi zuen ibilbide hori, eta, haiek bukatu aurretik, Donostiako Orfeoian kantatzen hasia zen jada. Hamabi urte egin zituen baritono gisa, eta nazioarteko orkestra eta zuzendari entzutetsuekin aritzeko aukera izan zuen. Baina ez zen horretan geratu, eta, abesbatzak zuzentzeko hainbat eskola hartu ondotik, lehenik klabezin ikasketak egin zituen, eta, ondoren, orkestra zuzendaritzakoak. 1998an, Fiat Musica eta Capilla Ad Litteram taldeak sortu zituen, eta, biak batuta, Conductus Ensemble sortu zen lau urte geroago. Sierrak hasieratik zuzentzen du taldea, eta hori bera egingo du bihar emango duten kontzertuan ere. Santa Teresa komentuan ariko dira, Donostiako Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloaren barruan. Tomas Luis de Victoria eta William Byrden lanak joko dituzte, Requiema Shakespeare eta Cervantesentzat izenburua daraman emanaldian.
Shakespeare, Cervantes, Victoria eta Byrd. Zerk elkartzen ditu lau pertsonaia horiek?
Egia esan, artistikoki, ezberdintasunak baino ez ditugu aurkitzen: estilo ezberdinak landu zituzten, ez zuten elkar ezagutu, eta besteen produkzioa existitzen zenik ere ez zuten jakin. Baina badira elkartzen dituzten beste puntu batzuk ere: garaikideak izan ziren, jeniotasun handiko sortzaileak, eta aurkezten dugun programa prestatzeko oso garrantzitsua den beste datu bat: katolikoak izan ziren laurak.
Nolakoak dira eskainiko dituzuen bi obrak? Zein ezaugarri nagusi dituzte?
Haien garaiko pertsonaia ospetsu baten hiletan entzun ahal ziren musika katolikoak programatu nahi izan nituen, hiletarako idatzitako musikarik onena, eta hortxe dago Victoriaren Officium Defunctorum obra zoragarria, bizkarrezurtzat hartu dudana, eta hortxe daude Byrden moteteak ere, programa ederki osatzen dutenak.
Antzinako musika lantzen duzue Conductus Ensemblen. Zer nabarmenduko zenuke jorratu izan duzuen errepertoriotik?
Alde batetik, eta publikoarentzat, oso errepertorio zuzena da; haren lengoaia erraz iristen da, eta publikoak eskertzen du. Bestetik, eta taldearentzat, oso errepertorio hezigarria eta esker onekoa da.
Zer du antzinako musikak, gure garaietaraino bizirik iristeko?
Arte guztietan bezala, ona den guztia bizirik iristen da gure garaietaraino.
2002. urtetik ari zara taldea zuzentzen, eta ehundik gora emanaldi egin dituzue ordutik. Badu publiko bat musika mota horrek? Euskal Herrian osasuntsu dagoela esango zenuke?
Hamalau urte daramatzat taldea zuzentzen, sortu zenetik, eta egin ditugun emanaldi horietan guztietan egiaztatu dut musika honek bere publikoa duela. Euskal Herrian musika honen egoera zein den...: dudarik ez, askoz ere hobeto egon liteke. Beste herrialde batzuetan, Frantzian eta Herbehereetan adibidez, badaude diru publikoz lagundutako orkestra barrokoak. Hemen, jaialdiak baditugu, baina aurrekontu txikia izaten dute, eta, horrela, gauza gutxiago egin daitezke.
Pianoarekin hasi zinen, baina, gero, baritono aritu zinen urtetan; klabezina ikasi zenuen, orkestra zuzendaritza ere bai... Zuzendaritzan topatu duzu zeure lekua? Horretan aritzen zara erosoen?
Dudarik gabe. Egia esan, oso gaztea nintzela jakin nuen zuzendari izan nahi nuela, baina bizitzak askotan aurkezten dizkizun bideak ez dira zuzenak.
Hainbatetan izan zara Musika Hamabostaldian. Zer esanahi du zuretzat jaialdiak?
Donostiako Musika Hamabostaldia geure jaialdia da. Donostiarra eta musikazalea den norbaitentzat, Jaialdia da.
Jaialdi berean, Andra Mari abesbatza ere zuzenduko duzu hilaren bukaeran, Frankfurteko Irratiko Orkestrarekin emango duen kontzertuan. Oso bestelako lana izango da zuretzat?
Bai, oso bestelako lana da. Antzinako Musika Zikloan dudan kontzertuan, ni naiz kontzertua zuzentzen duena, ni naiz bertsioa markatzen duena. Frankfurteko Irratiko Orkestrarekin Andra Mari abesbatzak eskainiko duen kontzertuan, berriz, orkestra zuzentzen duen maisuarentzat korua prestatzea da nire rola.
Donostiako 77. Musika Hamabostaldia. Andoni Sierra. Conductus Ensemble taldeko zuzendaria
«Arte guztietan bezala, ona dena bizirik iristen da gure garaietara»
Antzinako musika lantzen du Conductus Ensemble taldeak, eta hura gidatzen hamalau urte daramatza Sierrak. Kontzertua emango dute bihar Donostiako Musika Hamabostaldian, Santa Teresa komentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu