SOSLAIA. Cristina Iglesias

Arte Grafikoko Espainiako Sariaren irabazlea

Ainhoa Sarasola.
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Cristina Iglesias eskultore eta grabatu egileak (Donostia, 1956) Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen 1999an, eta Espainiako Arte Ederretako Urrezko Domina, berriz, 2015ean. Bi horiei beste aitortza bat gehitu behar die orain, Arte Grafikoko Espainiako Sari Nazionala Iglesiasi ematea erabaki baitu San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak. Arte grafikoen alorrean egin duen ibilbidea saritu diote horrela artistari. Hark eginiko «ikerketa lan etengabe eta berdingabea» nabarmendu dio epaimahaiak, baita «adierazpide grafikoko prozesuekiko eta aurrerabideekiko inplikazioa» ere. Gaineratu du Iglesiasek horiek guztiak «bere obra eskultorikoarekin paraleloan» gauzatu dituela, bere ibilbide luzean.

 

Kimika ikasketetan lizentziatu zen Iglesias, EHUn. Baina artearekiko zaletasunak Bartzelonara eraman zuen lehenik, zeramikan eta pinturan aritzeko; eta Londresera gero, Chelseako arte eskolan eskulturaren inguruan ikasketak egiteko. Behin horiek amaituta, beka bati esker, New Yorkeko Pratt institutura joan zen prestakuntzarekin jarraitzeko. Eta, ondoren, irakasle ere jardun zuen Alemanian, Bildenden Kunste akademian.

1980ko urteetan hasi zen jendaurrean bere lanak erakusten, eta kritikak harrera ona egin zion. 1986an Veneziako Biurtekoan izan zen, eta nazioartean ospea lortzen hasi zen. 1990eko urteetan, areagotu egin zen haren nazioarteko proiekzioa. Suitzan, Kanadan, Espainian, Italian, AEBetan eta Erresuma Batuan erakutsi zituen bere obrak hamarraldi hartan, eta Veneziako Biurtekoan bigarrenez parte hartu zuen. Halaber, New Yorkeko Guggenheim museoak erakusketa bat eskaini zion, zeina Bilboko museoan, Madrilen eta Chicagon ere izan baitzen ikusgai.

Ordutik aurrera ere, haren lanak mundu osoko museo eta galerietan izan dira. Haren obrak beren bildumetan dituztenen artean daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia, Parisko Pompidou, Londresko Tate, Portoko Serralves, Washingtongo Hirshorn, Los Angelesko Moca, Bartzelonako MACBA eta Bernako Kunsthall. Nazioarteko espazio publiko askotarako ere egin ditu artelanak.

Orain, Donostiako Santa Klara uharteko itsasargirako proiektu batean ari da lanean. Bere sorterrian izango duen lehen obra publikoa izango da, eta bere ibilbideko garrantzitsuenetako bat izango dela adierazia du artistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.