Dario I.ak, Persiako enperadoreak, Susa hiriburuan eraiki berri zuen palazioaren paretetan material guztien jatorria idaztea agindu zuen K.a. V. mendean, egungo produktuen etiketek baino informazio dezente gehiago utziz etorkizunerako. Zera idaztea agindu zuen: «Zedroen egurra Libano izeneko mendi batetik ekarri zen; asiriarrek Babiloniara eraman zuten eta handik, kariar eta joniarrek Susara ekarri zuten. Teka Gandhara eta Karmaniatik ekarri zen; hemen erabili zen urrea Sardis eta Baktrianatik ekarri zen; harria, lapis lazulia eta koralina, Sogdianatik; turkesa, Korasmiatik; zilarra eta kobrea Egiptotik ekarri ziren. Pareta apaintzeko erabili zen dekorazioa Joniatik etorri zen; bolia, Etiopiatik, Indiatik eta Arakosiatik».
Denbora-pasa polita da mapan lurralde historiko horiek guztiak bilatzea, baina, lana errazte aldera, laburbildu dezagun esanez hiru kontinentetako materialak biltzen zituela Susako palazioak: gaur egungo Greziatik zetorren harria, Libano eta Pakistandik egurra, Egipto eta Etiopiatik metalak eta bolia, Uzbekistan eta Turkmenistanetik harribitxiak, eta Turkia zein Afganistanetik urrea. Persiarra garaiko inperio boteretsuena zen eta menperatzen zituen lurralde guztien aberastasunak bereganatuz eta erakutsiz aldarrikatzen zuen bere indarra.
Dariorena eredu ederra da, bere antzinatasunagatik eta, batez ere, idatzita utzi zigulako galdu ditugun material horien guztien jatorria. Baina ez da salbuespena: zeramika greziar arkaiko zein klasikoaren adibide ederrenetarikoak etruriarren hilobietan topatu dira, italiar penintsulan; Conqueseko Sainte Foy-ren eskultura-erlikarioa, IX. mendekoa, erromatar kameuz josita dago, auskalo nondik ekarriak. Eta XVI. mendetik aurrera europarrak mundua ustiatzen hasi ginenetik, sareak zabaldu eta konplexuago egiten hasi ziren: espainiarrak eta portugesak Japoniara iritsi zirenean bertatik ekarri zituzten propio haientzat egindako artelanak, bionboak eta lakazko kutxak, Iruñeko katedralean daudenak kasu. Horietako batzuk Mexikora bidali ziren aurretik, bertan atal berriak gehitu eta inperioko hiriburura (Espainiara) jarraitu zuten gero. Eta nondik datoz hain kastizoak diren Manilako mantoiak? Bada, izenak esaten duenaren kontra, Txinatik.
Globalizazioa ez da kontu berria. Gaur egungo lur arraroak persiarrek sogdianoei lapurtzen zizkieten lapis lazuli eta koralina dira. Ziur persiarrak ez zirela meatzera jaisten, gaur egun amerikarrak jaisten ez diren bezala. Ez naiz ekonomialaria eta ez dakit zer gertatuko den muga-zergen kontuarekin, baina gauza bat argi dut: elkartruke globala ez da sekula guztiz etengo, eta ustiaketa eta esplotazioa ez dira amaituko.