Arte gaztearen tontorra

Ertibil lehiaketara aurkeztutako hamalau artista gazteren lanak bildu dituzte Bilboko Rekalde aretoan.Herriz herri eramango dute ondoren

Into Your Mind kolektiboaren pieza, lehen planoan. Julen Alberdiren margolana, atzean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Tontorrarekin jo du tontorra Maria Azkona artista iruindarrak. Everest mendia igotzen dabilen mendizale sorta bat irudikatu du 8.848 metro lanarekin. Badu kutsu naif bat irudiak. Erraldoi pertsonak, eta txiki mendi erraldoia. Kanpalekuko bandera eta denden kolore bizia, eta hotza. Margolan horrekin lortu du artistak XXXIII. Ertibil-Bizkaia lehiaketako lehen saria, eta horregatik jarri dute Bilboko Rekalde aretoko sarreran. Lehiaketan parte hartu duten beste hamasei lan biltzen dituen erakusketako atariko modura. Uztailaren 6ra arte izango da Bilbon bilduma, eta Bizkaiko zazpi herritara eramango dute gero: Leioara, Gernikara, Lekeitiora, Barakaldora, Elorriora, Basaurira eta Sestaora. Gasteizko Montehermoso kulturgunera eramango dute ondoren.

Loreak eta arkitektura. Bi elementu horiek uztartzen ditu bigarren saria jaso duen Kristina Losa gasteiztarraren Concrete izeneko instalazioak. Hormatik zintzilik dauden bi oihal dira artelana, eta irudi sorta ageri du bakoitzak. Porlanezko arkitektura zatiak ageri ditu ezkerrekoak, bakoitza bere berezitasun eta bariazioekin. Eta loreak ageri ditu eskuinekoak, horiek ere bakoitza bere berezitasun eta bariazioekin. Eta horregatik piezaren titulua. «Hormigoia» eta «gauza zehatzak» esan nahi dituelako ingelesezko «Concrete» hitzak. Eta horregatik harriak eta loreak, paraleloan. Oihalean zintzilik.

Organikoa eta abstraktua uztartu ditu Oihana Torre artistak. Hirugarren saria eskuratu du La cacería en el bosque (Ehiza saioa basoan) argazki lanarekin. Basoan eta ilunpetan mugimenduan diruditen kubo zuri perfektuen talde bat ageri du irudiak. Argazkilariak enbor artean, ehizatuko dituzten beldur, ihes egin nahian harrapatu balitu bezala.

104 artistak aurkeztu dituzte beren lanak lehiaketara, eta haietariko hamazazpi hautatu dituzte orain erakusketarako. Saritutako hirurak, eta epaimahaiak hautatutako beste hamalau. 35 urtetik beherakoak izan behar dute sortzaileek Ertibilen aurkeztu ahal izateko, eta, beraz, Euskal Herriko sorkuntza gaztearen nondik norakoa ezagutzeko aukera eskaintzen du bildumak. Kristal gainean egindako serigrafiaz osatutako instalazio bat egin du, esaterako, Zaloa Ipiñak, diapositiba proiektore bat baliatzen du eskultura sortzeko Karlos Martinez B artistak Oblation piezan, eta pintura lan bana aurkeztu dute Julen Alberdi iruindarrak eta Leticia Gaspar bilbotarrak. Igerileku surrealista baten irudiarekin lehenak, eta hirietan egoten diren saltoki txiki baten irudiarekin besteak. Izan ere, diziplina guztietako lanak hartzen ditu erakusketa kolektiboak.

Argindarra lapurtzen

Umore eta ironia dosi nabaria du Miriam Isasiren Energia robada izeneko piezak (Lapurtutako energia). Lapurreta baten aitorpena da, berez. Artelanaren titulua ageri duten neoizko argiak zintzilikatu ditu horman artistak, baina argi horiek piztu ahal izateko energia biltzen duen bateria da piezaren klabea. Museo, gasolindegi eta banketxeetan zaintzarik gabe utzitako entxufeetan kablea sartu, eta bertatik lapurtutako argindarrarekin kargatu du bateria Isasik. Eta horixe, beraz, neoizko argiek iragartzen duten lapurtutako energia.

Baina ez da hor amaitzen artistaren zirtoa. Lapurretaz lapurreta baterian pilatutako argindarra erabiltzeko bestelako proposamenak ere egiten ditu sortzaileak: «ikusi zure filmik maiteena Guggenheimeko argindarrarekin»; «prestatu bertako arrautza parea piperrekin BBVAko energiarekin»; eta «pasa xurgagailua Queen taldearen I Want to Break Free kantarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.