Bilboko Zazpikaleetan, Jardines kaleko etxe batean, bada txoko ezezagun eta sekretu bat artea eta sukaldaritza tradizionala uztartzen dituena: Epelde&Mardaras. Arte galeria eta jatetxea, dena bat. Emilia Epelde (Erandio, 1960) da bertako jabe eta gidari. Baita bizikide ere. «Emakume independente eta familiako amatzat» du bere burua. «Jendea epel uzten ez duen norbait». Hala, bere etxeko ateak zabaldu zituen duela hamar urte inguru negozioa sortzeko. Aurrez, ikasketaz psikologoa, ofizioa kudeatzeko moduekin ados ez, eta uztea erabaki zuen benetan gustatzen zitzaiona egiteko. «Beti egin izan dut nahi izan dudana, ez dut ezer egin behartuta, eta pentsatzen dudana esateko ohitura dut». Arte galeria bat ireki zuen Bilboko San Frantzisko auzoan, euskal artisten lanak ezagutarazteko. Hala egin zen, besteak beste, Jose Luis Zumetaren lagun, eta elkarrekin okupatu zituzten hainbat espazio Bizkaiko hiriburuan. Duela gutxi negozio berria ireki du lehen arte galeria zegoen tokian: moda, artea eta gastronomia uztartzen dituen Contenedor. Art, Food & Drink. Urte hauetan guztietan egindako lanaren fruitua dela nabarmendu du. «Ez naiz sekula geldirik egon».
Galerista ezaguna, arrain saltzaileen alaba eta sukaldariaren biloba. Nor da Emilia Epelde?
Bizitza osoa lanean eman dudan emakume bat naiz. Txikitatik, etxean, arrandegian, lagundu beharra zegoen. Horrek benetako lan gogorra zer den jakiteko aukera eman, eta bultzatu ninduen ikastera. Argi nuen ez nuela niretzat nahi nire gurasoek egunero 04:30ean gupidarik gabe jaikiz izan zuten bizitza.
Psikologia aukeratu zenuen.
Psikologia ikasi, eta arin atera nuen lizentzia. Karrera ikasten nengoela, unibertsitatean ez nuen profesionaltasunik ikusten, eta Zaldibarko psikiatrikora joan nintzen. Lotsarik gabe agertu nintzen, eta behatzaile gisa egoten utzi zidaten. Karrera amaitu baino lehen, berehala, espezialitatea egiten hasi nintzen.
Zergatik psikologia?
18 urterekin neure burua aztertzen hasi nintzen. Psikoanalisia gustatzen zitzaidala argi neukan. Prestakuntza ikastaroak, mintegiak eta bestelakoak egiten hasi nintzen, psikologia klinikoan espezializatu nintzen arte. Ikasketak amaitu bezain laster, baja bat bete nuen Zaldibarren. Gerora, Eusko Jaurlaritzak lanpostu bat atera zuen ospitalez kanpoko enpresentzat, eta urtebeteko kontratua lortu nuen. Ostean, oposizio bat atera zen anbulatorioetan lanean ari ziren lehen psikologo klinikoentzat, eta hura ere lortu nuen.
Proposatzen zenuen guztia lortzen ari zinen.
Bai, baina lana errukigabe eginez. Astelehenetik astelehenera. Ez zegoen atsedenik. Asteburuetan Zamudion elkartzen ginen, Valentin Barenblit analista instituzional bat etortzen zelako. Psikiatrikoen eraldaketa garaia zen, gaixo kronikoentzako etxebizitza babestuak hasi ziren. Oso garai kitzikagarria eta polita izan zen.
Zerk ematen zizun atentzioa psikoanalisian?
Autoezagutzak. Norbere emozioak detektatu eta maneiatzen saiatzeak. Nork bere burua ulertzeko eta hausnartzeko ariketa horrek lagun dezake bestea ulertzen. Ardura handiko lanbidea da, eta kontzientzia handiz egin behar da. Hainbesteraino, non 31 urte nituela Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen plazako anbulatorioko kontsultan eserita, erabaki bainuen erretiroa hartu arte ez nuela horrela jarraitu nahi.
Egun, asko hitz egiten da osasun mentalaren garrantziaz. Zein zen orduko egoera?
Osasun mentala, osasunaren ahizpa pobrea izan da beti. Lehen gutxietsi egiten zen, beti zegoen buruko gaixotasuna zutenekiko estigma bat, eta bertute horretatik herritarrak artatzeko baliabide sozialak oso txikiak ziren. Hain dira txikiak, ezinezkoa baitzen denetara iristea. Horregatik erabaki nuen uztea. Are gehiago, urte hauetako bilakaera txikia izan da, baina orduan baino baliabide gehiago dago. Utzi nuenean nire plaza amortizatu egin zuten, eta uztearen arrazoietako bat eskaerari ezin erantzutea izan zen. Ezinezkoa zen, eta ni bakarrik nintzen arriskuaren aurrean. Ate birakarien politika hasi zen ospitaleratze psikiatrikoetan. Gaur egun, buruko osasunera oso baliabide gutxi bideratzen dira. Osakidetzaren gainbehera duela 30 urte hasi zen. Osasun publikoaren egoera oso kezkagarria da.
Hobetzen ez denak okerrera egiten duela pentsatuz, erabaki zenuen hura ez zela zuretzat.
Australiara joan nintzen, eta urtebete eman nuen bidaiatzen inolako erantzukizunik gabe. Lan egin beharrik gabe. Egia esan, asko gozatu nuen. Jakin-min handia nuen herrialdea ezagutzeko.
Itzuli zinen.
Itzultzean, orain dela urte gutxi arte nire bazkide izan denarekin elkartu, eta fabrika batean zeukan lana utz zezan animatu nuen, pintura gustatzen baitzitzaion. Hala, San Frantzisko auzoan lonja bat hartu, eta arte garaikideko galeria bat ireki genuen.
Pintura zale zinen zu ere?
Pintura beti gustatu izan zait, museoak ikusteko bidaiatzen nuen, eta bisitatzen nituen herrialdeetan pinakoteka garrantzitsuak bilatzen nituen. Lonjan, Arte Ederretako materiala genuen, eta espazioa martxan jarri eta abiarazteko konpondu genuen. Erakusketak egitea bururatu zitzaidan, margolariei beraien lana erakuts zezaten errazteko, saltzen saiatzeko; euskal margolariak, batez ere. Beti saiatzen naiz hurbilenak zaintzen.
Jose Luis Zumeta, tartean.
Lagun baten bidez ezagutu genuen. Pare bat margolanekin etorri zen Donostiatik abentura honen irekieran laguntzera. Lehen egunetik maite izan genuen elkar. Harekiko apustu sendoa egin genuen. Hunkitzen ninduen pintore bat zen.
Nolakoa zen Zumeta?
Jose Luis nahiko tipo librea zen pintatzen, eta oso ondo ezagutzen zuen pintura. Arnasa hartzea beharrezkoa zuen pintatzeko. Distantzia laburretan, oso dibertigarria zen. Barre asko egiten nuen harekin. Oso tipo azkarra zen, bizitzea gustatzen zitzaion, bidaiatzea. Urte batzuetan asko maitatu genuen elkar, gero ez hainbeste. Ez zitzaion publizitatea interesatzen; gogoratzen dut behin EITBri eman zion elkarrizketa baterako ikaragarri konbentzitu behar izan nuela. Baina hedapen hori gabe, askoz zailagoa zen dena. Lan handiko urte biziak eta aberasgarriak izan ziren.
Zein eboluzio izan du sorkuntza plastikoak urte hauetan?
Orduan ari zen orain kontzeptuala esaten zaiona hasten. Ezezaguna den alor bat da niretzat. Edozein motatako sorkuntza plastikoren aurrean nagoenean, zerbait egon behar da: misterioa, ebidentzia edo dena delakoa, pixka bat hunkitu edo mugituko nauena. Sorkuntza artistikoak osasuna du gaur egun, baina ez mugak gainditzeko behar dituen laguntzak. Sukaldariak eta artistak esportatzen ditugun herrialde bat gara. Baina bildumagintzaren tradiziorik gabe jarraitzen dugu, eta arte garaikideko galeria bat mantentzea ekintza heroikoa da.
Artelanen merkatua moteltzen hasi zen 2010eko hamarkadan.
Horren aurretik, 2000tik 2010era, beste abentura batean murgildu ginen: Bilbon eraitsi edo erabilera aldatu zuten eraikinak okupatzen genituen. Uribitarteko gordetegi frankoa izan zen lehena. Zumeta bi bider hiru metroko koadroak margotzen ari zen, eta espazioa behar genuen hura sartzeko. San Frantziskoko lokalean ez ginen sartzen, eta ez genuen instituzioen laguntzarik nahi, horrek ematen dizun askatasunagatik. Urtebete egin nuen biltegiaren atzetik, lortu nuen arte. Hemeretzi egunetan erakusketa areto handi bat atondu genuen. Zirraragarria izan zen. 2000. urteko udan Zumetaren erakusketa bat egon zen bertan.
Zer helburu zenuen?
Egiten nuenarekin hunkitzea, batik bat. Eta dirua irabaztea, gauzak egiten jarraitzeko. Gertu dugun jendea sustatzea, eta bestea jende askori muturrekoa ematea. Tematu egin nintzen, eta hainbeste baliabiderik gabe gauza handiak egin daitezkeela erakusteko gogoa nuen. Galeria bat edozein motatako sorkuntza artistikoa sustatzen duen enpresa bat da, eta galeria bat nahi duzun bezala sortzen duzu. Helburua artistek tailerretan egiten duten lana erakustea da, sustatu eta saltzen saiatzea, eta, atzerriarekin kromoak trukatuz gero, hobeto.
Muturrekoa, nori?
Garai hartako Bilboko nire kide galeristei. Etengabe gutxiesten gintuztelako. Biziki arbuiatzen gintuzten. Harrezkero, ez dut berriro galeriarik zapaldu Bilbon, lankide horiek hitzarmena egin baitzuten Guggenheimekin eta BBKrekin, beren galeriak sustatzeko laguntzarekin obra saltzeko. Eta lehen bileran jarri zuten baldintza bakarra izan zen gu ez ginela tratu horretan sartuko.
Zergatik?
Biltegi frankoan sortu genuen urte askotan Bilbon izan den erakusketa pribatu arrakastatsuena.
Nahi baino gutxiago iraun zuen.
2010ean, gutxi gorabehera, krisian murgilduta, artea saltzeari utzi zitzaion. Jaitsiera ikusgarria izan zen. Orduan bururatu zitzaidan Bilbora etortzen ziren turistak etxera igo behar nituela.
Hain zuzen, egoitza, galeria nagusia, beti egon da zuen etxean.
Zortea dugu etxe pribilegiatu bat dugulako. Erakusketak genituen bertan, arte galeria bat. Halaber, etxean ere psikologia kontsulta zegoen, eta duela gutxi arte aritu naiz jendea kontsultan hartzen.
Pazienteetatik turistetara…
Panfleto batzuk egin nituen: Pintxos&Arts (Pintxoak eta artelanak). Gizon amerikar bat etorri zen. Janariz lepo bete nuen gizajoa. Baina, horrez gain, betiko jendeari kasu egiten genion. Hiruzpalau pieza saldu genituen libratzeko. Handik hilabete batzuetara, etxeko telefonoak jo zuen. Etxean ematen nituen ustezko menuei buruzko elkarrizketa bat egin nahi zidan kazetari bat zen. Egingo zidan publizitatea jakinda, onartu eta oso ondo saldu nion. Dena asmatuta. Galeria bisitatzen zuten bitartean, 50 pertsonari eman ahal niela jaten esan nion. Erreportajea atera eta jendea deitzen hasi zen. Larritu egin nintzen, gauza bat familiari jaten ematea delako, eta beste bat, kanpoko jendeari. Lagun batek abenturara bultzatu ninduen, eta Epelde&Mardaras jatetxean, nire etxean, gaur arte beti jan da nik jarritakoa. Beti, erreserbarekin.
Harrera ona eta urte bikainak izan ondoren, pandemiak dena aldatu zuen. Contenedor. Art, Food & Drink sortu behar izan duzu orain gutxi.
Pandemiara arte gauzak nahiko ondo zihoazen, baina ostalaritzan bakarrik aritzen nintzen. Pandemiarekin, langabezian geratu nintzen lehen aldiz. Lehen astean, gobernuaren aginduz ohean geratzea paregabea iruditzen zitzaidan, baina bigarrenean, berriz, ileak puntan jartzen hasi zitzaizkidan. Gastuak berdinak ziren, eta diru sarrerarik ez zegoen. Buruari bueltaka hala imajinatzen nuen gaur egun Contenedor. Art, Food & Drink dena. Trapuketariak, gastronomia eta moda batzen ditu.
Artea, gastronomia eta moda eskutik helduta doaz zure egunerokoan. Nola uztartzen dira?
Zerikusi handia dute. Begia oso eginda daukazunean mota guztietako erakusketak muntatzeko, lagungarria da. Edertasunaren mundua janariarekiko, modarekiko, arte eta sorkuntzarekiko eta, oro har, desberdinekiko gustuaren izendatzaile komuna da.