Arte Eskola Sozialista eginen dute uztailaren 24tik 27ra bitartean, Donostian

Ekida egitasmoak bi formakuntza programa antolatu ditu, artea ikuspegi sozialistatik lantzeko: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa da bat; arte eszenikoen gainekoa bestea. Dagoeneko eman daiteke izena.

Ekida egitasmoaren ‘Agirretarren bandera’ antzezlaneko une bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ekida egitasmoaren ‘Agirretarren bandera’ antzezlaneko une bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko ekainaren 4a
10:59
Entzun

«Borondate politiko iraultzaileko artisten elkargune izatea helburu», Arte Eskola Sozialista sortu du Ekida egitasmoak. Hain zuzen, artea ikuspegi sozialistarekin lantzeko asmoz abiatu zuten Ekida orain hiru urte, eta aurten, aurrenekoz, eskola bat antolatu dute uda parterako: uztailaren 24tik 27ra bitarte, bi formakuntza programa eginen dituzte Donostiako Zentro Sozialistan. Artearen bi adar jorratuko dituzte horietan: muralismoa eta arte bisualak batean, eta arte eszenikoak eta antzerkia bestean –batean ala bestean hartu daiteke parte–. Antolatzaileen esanetan, gaitasun artistikoaren garapena sustatzeko parada emanen dute ikastaroek, eta horietan bistaratuko dute gaitasunok «erabat daudela lotuta motibazio politikoarekin». Dagoeneko zabaldu dute izen emateko aukera –doakoa da–.

Hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta beste antolatu dituzte, esaterako, muralismoari eta arte bisualei buruzko formakuntza programarako. Adibidez, komunismoaren sinbologiari eta iruditeriari buruzko hitzaldiak izanen dituzte —bai ikuspegi teorikotik, bai praktikotik—, baita grabatua, tipografia, kaligrafia eta mosaikogintza lantzeko tailerrak ere, eta Mark Madness artistaren erakusketa bat ere izanen da ikusgai.

Bestalde, arte eszenikoei eta antzerkiari buruzko programaren egitarauan, jarduera hauek antolatu dituzte, besteak beste: aktore entrenamenduak, gorputz adierazpena lantzeko tailerra Nagore Tamayoren eskutik, eta Maite Arciniegak gidatutako ahotsari eta dikzioari buruzko lantegia. Baita, adibidez, antzerki politikoari buruzko zenbait hitzaldi ere: Antzerki politiko marxistaren adierazle nagusiak: teoria eta obra izenekoa, kasurako.

Gainera, badira zenbait jarduera ez direnak soilik formakuntza programa bakarrari lotuta: bi egitarauetan jasota dira, adibidez, mugimendu sozialistaren oinarri politikoak esplikatzeko hitzaldia eta mahai inguru bat: Arte popularra eta arte iraultzailea egungo kapitalismoan. Uztailaren 27an eginen dute hori, 17:00etan, eta hauek izanen dira hizlariak: Jon Urzelai, Kattalin Barcena, Ion Celestino eta Aitor Bizkarra. Egitarau osoa webgunean dute argitaratuta.

Askotariko publikoari zabalik

Antolatzaileek nabarmendu dute eskolan eskainiko diren formakuntzak «artearen funtzio iraultzaileak kezkatzen duen eta bere diziplina artistikoa hortik landu nahi lukeen edonorentzat» daudela irekita. Zehaztu dute, adibidez, ez dela exijituko aldez aurreko gutxieneko jakintzarik, «ez dimentsio politikoan, ez teknikoan». Bestalde, argitu dute ikastaroak doakoak direla, eta lotarako tokia eta jatekoak ere eskainiko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.