2013tik, hainbat garai eta teknika artistikotako artelanak hautatzen dituzte Bilboko Arte Ederren Museoko Ikerketa, Kontserbazio eta Zaharberritze adituek, eta, Iberdrola enpresaren laguntzarekin, haien egoera hobetzeko beharrezko tratamenduak aplikatzen dizkiete. Aurten, museoaren bildumako hainbat obra tratatu dituzte: Txomin Badiolaren lan multzo bat, Hermen Anglada Camarasaren margolan bat, Jose Antonio Sistiagaren beste bat, eta Julio Gonzalezek paperean egindako bost marrazki.
Bereziki aipagarria da Badiolaren Karratu solidoa, 2. zenb. instalazioa: hamar taulak eta bederatzi marrazkik osatzen dute. Eta horixe da, hain zuzen ere, artistak minimalismoaren eta arte kontzeptualaren esparruan egin zuen lehenengo lana. Horrez gainera, baina, ikusgai daude artistak dohaintzan eman dituen beste lau eskultura eta hemezortzi marrazki ere. Lau eskultura horietatik bi zaharberritu egin dituzte Izenbururik gabea eta Serie beltza 5. zenb., eta beste biak, berriz, berrargitaratu Arkitekturak eta Serie beltza 8. zenb.. Paper gaineko marrazkien multzoari dagokionez, zaharberritze lan espezifikoa egin zaio.
Nolanahi ere, ikusgai daude beste egile batzuen lanak ere. Tartean, Hermen Anglada Camarasaren Biluzia mahastiaren azpian, Julio Gonzalezen Nekazarien eta beste emakume irudi batzuen marrazkiak eta Jose Antonio Sistiagaren Bizi-ekintza. Omenaldia gure arbasoei.
Prozesu luzea
Museoko zaharberritzaileek azken helburura heltzeko darabiltzaten gidalerroak aletu ditu Maria Jesus Ruiz-Ozaita Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko buruak. Haren hitzetan, dokumentuak aztertuz eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, obra horietako bakoitzaren historia materialari buruzko informazioa lor daiteke. Esate baterako, argi ultramoreak gainazalari buruzko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria pintura geruzaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egitura eta eraikuntza bistaratzen ditu; eta azterketa estratigrafikoak pintura materiaren ezagutzan sakontzen du.
Informazio horri guztiari esker, zaharberritzaileek aukera dute obrak nola kontserbatuta dauden ebaluatzeko eta tratamendu egokiak aplikatzeko, baita artistaren jarduteko modura ahalik eta gehien hurbiltzeko ere.
Arte Ederren Museoak Txomin Badiolaren lan multzo bat egokitu du
Badiolaren obrez gainera, Hermen Anglada Camarasarenak, Jose Antonio Sistiagarenak eta Julio Gonzalezenak ere zaharberritu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu