Bere intentzio artistikoa laburtzen saiatu zen, behin, Xavier Alvarez de Eulate artista eta fraide frantziskotarra (Donostia, 1919-Bermeo, 2012): «Koadro bakoitza arazo bat da niretzat. Nire kuriositateari materiarekin, kolorearekin eta formarekin solasean nagoela egindako ikerketan planteatzen zaiona aldiro». Arazo horiek, ordea, arte bihurtu zituen. 70 urteko ibilbidean, katalogatutako 700 bat pieza sortu zituen. Paisaiak, margolan erlijiosoak, natura hilak, erretratuak, hormairudiak, eskulturak... Betiere, figurazioa eta abstrakzioa landuz eta hainbat eragin eta teknika artistiko baliatuz. Eta, betiere, haren ezinegon pertsonal zein erlijiosoari bide eginez. Joan den ostiralean hil zen, Bermeoko frantziskotarren komentuan, 92 urterekin. Arantzazuko santutegiko beira leihoak dira haren artelan entzutetsuenetako bat.
Jada hamar bat urte zeramatzan margotu gabe. Erriberriko komentuan (Nafarroa) 40 urtetik gora egin zituen, eta, 2002an, nekatuta, hauxe aitortu zien hango kideei: «Eulatek Eulate hilko du gaur». Eta, antza, egun hartan bertan bizarra moztu zuen, eta margotzeari utzi zion betiko. Ordurako bidea aski ibilita zeukan bai espiritualitatean eta baita artean ere; bere bizitza gidatu zuten bi ardatzetan barrena, alegia.
Gurasoengandik jaso zuen erlijiozkotasuna. Frantziskotar sekularren Hirugarren Ordenako kide ziren. 1919ko apirilaren 26an jaio zen Alvarez de Eulate, familia «xume» batean, hark adierazi izan zuen bezala. Tomas aita Udaltzaingoko kaboa zen, eta Dionisia ama, berriz, «egunero meza entzuten eta Jauna hartzen zuen etxekoandre apala». Artearekiko zaletasuna ere berehala garatu zuen. «Irakurtzen ikasi berritan», Josep Segrellesek irudiztatutako San Frantziskoren Loretxoak (1927) liburuaren ale bat esku artean eduki zuenean. Haren lehen marrazkiekin «harrituta» geratu ziren La Salleko anaien Los Angeles ikastetxeko irakasle eta gelakideak.
La Salletik Arantzazuko seminariora joan zen 11 urte zituenean. Han ezagutu zituen Gonzalo Herrasti eta Isidro Garro frantziskotarrak. Marrazketa eskolak ematen zizkioten, eta bokazio artistikoa indartzen lagundu zioten. Hurrengo urteetan, Foruan (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Erriberrin jarraitu zuen bere hezibide erlijiosoarekin. 1938an, baina, soldadutza egiteko deitu zuten, eta Iruñera joan zen. Denbora zuen tarteetan — «asko ziren», esan zuen behin—, erretratuak, paisaiak eta gai erlijiosoak pintatzen zituen. 1938an bertan, esaterako, Zumalakarregi jeneralaren erretratu bat margotu zuen.
Espainiako Gerra Zibila bukatuta itzuli zen Arantzazura, eta 1942ko abenduaren 13an apaiztu. Hurrengo urteetan Latineko eta Gaztelaniako irakaslea izan zen seminarioan, eta, gainera, alderdi artistikoan sakontzen jarraitu zuen, hainbat saio eginez. Artista ospetsuenen aholkua eta bultzada bilatzeko ahaleginean, harreman ona egin zuen, esaterako, Valentin Zubiaurrerekin, eta hari margolanak erakutsi zizkion. «Asko gustatu zitzaizkiola eta bakarrik margotzen segitzeko esan zidan», adierazi zuen Alvarez de Eulatek.
Oteiza lagunaren bultzadak
Garai bertsuan, Ignacio Zuloaga ere ezagutu zuen, eta modu naturalean pintatzeko aholkatu zion. Hartara, bere lehen erakusketa atondu zuen 1949an, Donostiako Artista Berrien Lehiaketarako. Bigarren saria eman zioten. Hurrengo urtea inflexio puntu moduko bat izan zen artistaren ibilbidean. Izan ere, Arantzazuko santutegiko beira leihoak egiteko eskaera jaso zuen. Orduan ezagutu zuen Jorge Oteiza, gero, hil arte, lagun min izan zuena. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren eskolan ikasi zuen bi urtez 1950eko hamarkadaren hasieran, baina Oteizarekin eskultoreak Ciudad Lineal-en (Madril) zuen estudioan pasatako orduengatik aldatu zuen Alvarez de Eulatek bere kontzeptu plastikoa. Behin, hau esan zuen eskultoreari buruz: «Arteaz eta espazioaz duen kontzeptua oso erraz gailentzen zaie besteenei. Sentimendu estetikoak gainezka egiten dio poro guztietatik, eta harekin egonez osmosi bidez bezala ikasten da». Oteizak estimu handia zion frantziskotarrari. Kondairak dioenez, Alvarez de Eulate hormairudi bat egiten ari zen behin Oteizaren aurrean. Eskultoreari gustatu ez, eta han present zeudenek frantziskotarrari aitortzeko esan zioten. Baina Oteizak ezetz, hauxe argudiatuz: «Ez dago inor Eulateri ezer esango dionik». Marmarti fama zuen Alvarez de Eulatek.
Haren sorkuntzak etenaldia izan zuen 1960ko hamarraldian, eta hurrengoan, berriz, paisaiak bakarrik margotu zituen. 1982ko apirilean, baina, Oteizaren beste bultzada bat jaso zuen. Erriberriko tailerrera bisita egin zioten Oteizak eta Itziar Carreño haren emazteak, apirilaren 20an. Handik hilabete batzuetara honako hau aitortu zien Alvarez de Eulatek bisita haren harira: «Nire inspirazioa esnatu zuen magiazko baliabide baten modukoa izan zen. Egun hartatik inoiz ez bezala margotzen dut, eta uste dut neure burua aurkitu dudala margolari gisa». Egun hartatik aurrera, gai gehiago erabiltzen hasi zen, eta kontzeptu erlijiosoak lengoaia abstraktuetara moldatu zituen.
Adituen esanetan, Giorgio di Chirico, Jackson Pollock, Lucio Muñoz, El Greco, Pablo Picasso eta Oskar Kokotxkaren lanen eragina antzeman zitekeen Alvarez de Eulateren obran. Metzen (Frantzia), Habanan, Donostiako Loiola auzoko San Ignacio elizan eta Bergarako Magdalena baselizan daude ikusgai, besteak beste, haren lanetako batzuk. Baina ez zituen maite ez aitortza publikoa ez erakusketak. Batzuetan, lagunek tailerretik margolanak osten zizkioten, erakutsiak izan zitezen. Arte bihurtutako arazo horiek ikusiak izan zitezen.
Arte bihurtutako arazoak
Xavier Alvarez de Eulate artista hil da, Arantzazuko santutegiko beira leihoen egilea besteak beste, 92 urterekinFigurazioa eta abstrakzioa landu zituen hainbat eragin eta teknika artistiko baliatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu