Arte argitalpenak trukatzen

'Sistema Eragilea' katalogoa eta arte argitalpenen datu basea abiatu ditu sarean Tractora kooperatibak. Gaur bertan hasita, 'Mahai Editoriala' izeneko hiru topaketa egingo dituzte

Tractora artisten kooperatibako Vicente Vazquez, Usue Arrieta eta Nader Koochaki, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Arte esperimentu eta ikerketa lanak gauzatzeko eta editatzeko asmoz, 2018an -Zko argitaletxea sortu zuten Nader Koochakik (Donostia, 1983), Usue Arrietak (Arrasate, Gipuzkoa, 1979) eta Vicente Vazquezek (Tarragona, Katalunia, 1976). Lau argitalpen dituzte katalogoan, tamainaz eta formaz oso ezberdinak. Iaz plazaratu zuten Mikel Eskauriazaren Museoan itzartzea liburua, eta udan etorriko da bosgarrena: Carlos Garcia Pelaezen laneko agenda, irudi grafikoz lagundua.

Albistea orain beste bat da, ordea, berriki, joan den apirilean, Sistema Eragilea izeneko plataforma bat abiatu baitute sarean. Euskal Herriko artisten argitalpenak eta liburuak deskribatzeko eta katalogatzeko datu base bat da, momentuz 82 tituluren fitxak eta azalpenak jasotzen dituena, eta ehun egile baino haboro.

«Praktika artistikoaren alderdi garrantzitsua da argitaratze lana», Arrietaren eta Koochakiren iritzian. «Baina ahalegin horren ondoan ez dago proiekturik artisten argitalpenak deskribatzeko, jendearentzat eskuragarri ipintzeko eta gordailu bat osatzeko». Hori da sistemaeragilea.eus gunearen helburua, argitalpenen erregistroa eta katalogoen trukea bultzatuko dituen tresna bat sortzea. «Espero dugu datu base hau baliagarria izango dela komisario, historialari, ikasle, irakurle eta artista guztientzat».

Sarean katalogo hori sortzeaz batera, Mahai Editoriala izeneko hiru topaketa antolatu dituzte, arte liburuak eta argitalpenak jendaurrean aurkezteko, trukatzeko eta saltzeko. Lehen hitzordua Iruñeko Katakraken izango da gaur bertan, Bilboko Artiatxen bihar, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoan maiatzaren 15ean.

Argitalpen horietako bakoitza zein eskuk egin duen eta zein mahaitan eratua izan den ezagutarazi nahi dute, eta artista batzuen eta besteen elkarretaratzeak eta solasaldiak sustatu. Artistei, diseinatzaileei eta editoreei beren lanak zabaltzeko aukera eskainiko die Mahai Editoriala-k.

Katakraken hamahiru argitalpenen aurkezpenak egingo dituzte gaur, 10:00etatik 14:00etara aurrena, eta 16:00etatik 20:00etara ondoren. Egile eta talde hauek parte hartuko dute: Marijose Rekalde, Pedro Marco Landa, Taxio Ardanaz, Amaia Molinet, Arturo eta Fito Rodriguez, Maite Redondo, Guillermo Vera, Peio Izkue, Carlos Irijalba, Mendia Etxebarria, Mikel Cabrerizo, Orekari Studio eta Maslow Industries.

Bihar, Bilboko Artiatx espazioan, 10:00etatik 14:30era, bederatzi izango dira: Laura Diez, Ivan Gomez, Pablo Marte, Mattin Artiach, Mikel Eskauriaza, Saioa Olmo, Alberto Diez, Larraitz Torres eta Ismael Iglesias.

Datorren astean, larunbatean, hamabost lagun solastatuko dira Azpeitiko Dinamoa sormen gunean: Belen Cerezo, Onintza Etxebeste, Julen Agirre Egibar, Sarah Rasines, Ibon Aranberri, Xabier Erkizia, Filiep Tacq, Amaia Urra, Ion Munduate, Nader Koochaki, Kimia Kamvari, Peio Agirre, Joxean Muñoz, Oier Etxeberria eta Sandra Cuesta.

Hizlari bakoitzak 25 minutuko erakustaldia egingo du; ekitaldiak doakoak izango dira, eta saio guztiak streaming bitartez segitu ahal izango dira -Zko argitaletxearen YouTube eta Instagram kanaletan.

Bien bitartean, Sistema Eragilea-k aukera ematen du egileekin kontaktuan jartzeko eta haien liburuak erosteko.

Sarbidea zabalik

Sistema Eragilea-ren hazia 2018ko Durangoko Azokan erne zen. «Stand erdi bat hartu genuen han, gure katalogoko lanekin; eta orduan sentitu genituen hutsunea, premia eta desira artisten argitalpenak bistaratzeko», azaldu du Arrietak. «Arte argitalpenak egiteko tradizio bat badago, baina jendeak ez du ezagutzen. Azokan izandako sentipenetatik eratorritako ideia da».

Hiru aste dira plataforma eta datu basea publiko egin dituztela. «Gaur egungo argitalpenak erregistratzen hasi gara, baina helburua da atzera egitea, eta stockik ere ez duten argitalpenak berdin jasotzea», argitu du Koochakik. «Erabaki dugu artistei sarbidea zabalik uztea, ikusteko zein motatako lanak erregistratzen dituzten. Aurrena artisten argitalpenak sartzen ari dira, baina baliteke ondoren era askotako argitalpenen fitxak etortzea, baita aspaldikoak ere. Orain instituzionala iruditzen zaigun liburu bat, agian funtsezkoa bihur liteke etorkizunean».

Beste bilduma batzuetako datu baseak arakatzeko premia aurreikusten dute. «Artium, Tabakalera, Arteleku, San Telmo, Arte Ederren Museoa, Sancho El Sabio... Kasuz kasu aztertu beharko dira. Hasieran, saiatu ginen datuen migrazioak antolatzen, baina ez da batere erraza, bakoitzak bere katalogazio sistema erabiltzen baitu. Barrutik ezagutu behar dira artxiboak, eta horrek lanketa espezifikoa eskatzen du. Asmoa da bilatzaileak noizbait integratu ditzala beste datu base horiek».

Tractoraren espazio berria

Argitaletxea, argitalpenen sareko katalogoa eta topaketak: hiru egitasmo horiek aurrera ateratzeko ahalegina Tractora artisten kooperatibari zor zaio. Bost lagunek sortu zuten elkartea 2013an: Arrietak, Vazquezek, Koochakik, Marc Vivesek eta Ainara Elgoibarrek. Proiektu bizigarriak dituzte, eta berriz ere albistea ekarriko dute laster, heldu den ekainean Atoi arte espazioa zabaltzekoak baitira Bilboko Iparragirre kaleko 66 zenbakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.