Zinema estreinaldiak

Artalderik gabeko artzainak

Samu Fuentes zinemagile asturiarraren azken film luzeak desagertzen ari den artzaintzari eutsi nahi dioten Fernando eta Manolo anaien egunerokoa erretratatzen du.

'Los últimos pastores' filmaren fotograma bat.
'Los últimos pastores' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Fernando eta Manolo anaiak dira, eta 13 urte zituztenetik dira artzainak. Bizitza osoa daramate Europako mendietan; haien etxea han dago, eta 5.000 urte dituzten artzaintza ohiturei jarraitzen diete. Haien egunerokoa klimak eta urtaroek baldintzatzen dute. Udan 1.200 metrora egoten dira, Majada de Tordinen; eta neguan Vierrura jaisten dira, 680 metrora.

Mier anaiek 13 urtetatik egiten dute erritual hau. Orain, 70 urte inguru dituztela, eta artaldea saldu ondoren, oraindik ere artzainak diren hausnartzea dagokie. Azken hirurogei urteetan egin dute euren lana, eta ez dute besterik ezagutzen. Aldaketa garaiak datoz, baina ez dirudi haien egunerokoan eragin gehiegi dutenik. Manolok eta Fernandok haientzako ogia egiten dute, haien koilarak sortzen dituzte, oilarrak hazten dituzte eta Linda izeneko katu bat dute. Behiak ere badituzte, baina ez ditu inork jezten, eta ez dute zeini gazta saldu.

Samu Fuentes asturiarraren hirugarren film luzea da Los últimos pastores. Lehena, Miraflores, 2008. urtekoa, izen bereko jauregiari buruzko dokumentala izan zen, familia egoera zailak bizi izan dituzten gazteen harrera egoitza gisa erabiltzen dena. Bigarrena, Bajo la piel de lobo, fikziozko filma da, ehizaz bizi den gizon bakarti baten istorioa, mendi artean dagoen herri bateko azken biztanlea. Protagonistaren azalean jarri ahal izateko, Mario Casas aktoreak hainbat ekintza egiten ikasi behar izan zuen: animalientzako tranpak jarri, aztarnei jarraitu, egurra moztu, animaliak jetzi... eta Fuentesek Mier anaiak ezagutzen zituenez, haiengana joan zen laguntza eske.

Manolorekin eta Fernandorekin denbora igaro ahala, zinemagilea ohartu zen, bakartuta bizi arren, zein eskuzabalak diren Mier anaiak, zenbat gustatzen zaien solas egitea, eta zein zoriontsuak diren euren bizimoduarekin. Fuentesek argi ikusi zuen bi gizonen erretratu bat egin nahi zuela, eta hortik sortu zen Los últimos pastores filma egiteko ideia.

Istorioarentzat garrantzitsua zen artzain hauen errutinei jarraitzea, eta, beraz, urtaro aldaketek zekartena islatu behar zuen. Horretarako, hamabost egunez filmatu zituzten anaiak, eta urtebetean banatu zituzten egunak. Lantalde txiki batek Manolori eta Fernandori jarraitzen zien haien zereginetan; maiatza eta iraila artean Portudera eta Tordinen, eta urritik aurrera Vierrun.

Mendi arteko lanbroaren, urtarotik urtarora aldatzen diren koloreen eta zeruaren zabaltasuna islatzen duten irudiekin, Fuentesek iraungitzen ari den lanbide baten erretratua egin du; melankoliatik bizi duten anaien begirada erakutsiz, baina umorea galdu gabe.

'Los últimos pastores'

Zuzendaria: Samu Fuentes. Gidoilaria: Samu Fuentes. Aktoreak: dokumentala, Fernando Mier Espina eta Manolo Mier Espinaren parte hartzearekin. Argazkia: Alejo Ramos Sabugo. Musika: Paloma Peñarrubia. Generoa: dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 85 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: maiatzaren 31n estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_13913497) (/EZEZAGUNA) stranizza
Stranizza d'amuri filmaren fotograma bat.

'Stranizza d'amuri'

Zuzendaria: Beppe Fiorello. Gidoilariak: Andrea Cedrola, Beppe Fiorello. Aktoreak: Simone Raffaele Cordiano, Antonio de Matteo, Simona Malato. Argazkia: Ramiro Civita. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 134 min. Herrialdea: Italia.

Sizilia, 1982ko ekaina. Italiarrek Munduko Kopa irabaztea amesten duten bitartean, bi nerabek beren maitasun istorioa beldurrik gabe bizitzea amesten dute.

'Fainéant·es'

Zuzendaria: Karim Dridi. Gidoilariak: Karim Dridi, Emma Soisson. Aktoreak: Faddo Jullian, .jU., Odette Simoneau. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Frantzia.

Nina eta Djoul, lagun banaezinak, okupa etxe batetatik bota dituzte. Haien kamioneta zaharra hartu, eta errepidera irtengo dira, askatasun egarriz eta obsesio bakar batekin: parrandan irtetea. Topaketa inprobisatuek, denboraldi baterako lanek, kontzertuek, arazo batzuek, baina, batez ere, abentura askok zeharkatuko dute bi lagun horien bizitza nomada.

'Irena's Vow'

Zuzendaria: Louise Archambault. Gidoilaria: Dan Gordon. Aktoreak: Sophie Nelisse, Dougray Scott, Andrzej Seweryn. Argazkia: Paul Sarossy. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 121 min. Herrialdea: Kanada.

Naziek 1939an Polonia inbaditu zutenean, Irena Gut erizaina alemaniar armadarentzat lan egitera behartu eta komandante nazi baten etxezain izendatuko dute. Bere estatusak eta etniak babestuta mantendu beharrean, Gutek dena arriskatuko du dozena bat judu salbatzeko, bere nagusiaren etxean babestuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.