KRITIKA. Antzerkia

Arrosa urdina

'Kristalezko zooa' antzezlana. MIKEL MARTINEZ DE  TRESPUENTES / FOKU
'Kristalezko zooa' antzezlana. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Agus Perez.
2025eko martxoaren 25a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

'kristalezko zooa'

Ekoizpena: Arriaga antzokia, Loraldia jaialdiaren lankidetzarekin. Egilea: Tennessee Williams. Euskaratzea: Kepa Errasti. Egokitzapena eta zuzendaritza: Natalia Menendez. Zuzendari laguntzailea: Getari Etxegarai. Bideoak: Gheada. Argiak: Juan Gomez Cornejo. Eszenografia: Monica Boromello. Antzezleak: Miren Gaztañaga, Ione Irazabal, Mikel Losada, Arnatz Puertas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 21.

Ekoizpen handi bat oparitu digu Bilboko Arriaga antzokiak Loraldia jaialdiaren kolaborazioarekin. Tennessee Williamsen Kristalezko zooa-z ari gara, hots, ipar-amerikar egile handiaren lehen obra arrakastatsuaz eta XX. mendeak eman zuen antzerki-testu handienetako batez, guztietan handienaz ez esatearren.

Natalia Menendez (Madril, 1967) muntaiaren zuzendaria eta testuaren moldatzailea izatea jo behar dugu emanaldiaren tanto nagusitzat —Getari Etxegarai laguntzaile euskarazko bertsioan—. Menendezen curriculuma ikusita, atentzioa eman digu aspalditik dabilela biolentziarik ezaren estetika lantzen, «ahul, inuzente edo kurtsi izatearen ideiatik urrun». Wikipediako beste txatal batean aurkitzen dugu «bidegabekeriak, tratu txarrek edota abusuak» kezkatzen dutela, eta nik uste dut prisma horietatik ikusita are gehiago aberastuko dela eszenaratze bikain honek utzi digun zaporea.

Baina zerk egiten du Williams hain handia? Zergatik kolpatzen gaitu bihotzean eta erraietan? Zaila da lerro bakar batzuetan esatea, baina argi dago antzerkira joaten garenean horrelako drama gizatiar sakonen bat ikustea bilatzen dugula, geure ahuldadeak, geure beldurrak, geure esperantzak, geure aukera galduak aipatuko dituena. Eta horrela jarrita, berdin zaigu kontakizuna pasa den mendeko hogeita hamarreko hamarkadan kokatua izatea, berdin zaigu argumentua AEBetako hegoalde kristau fundamentalistako girokoa izatea, berdin zaigu neska protagonistak ibiltzeko zailtasunak edo buru urritasuna edukitzea. Are gehiago, nahiago horrela: zenbat eta urrunago denboran, distantzian eta kasuistikan orduan eta hobeto identifikatuko gara dramarekin, sakonago joko gaitu bihotzean eta erraietan.

Menendezen zuzendaritzaz aritu naiz gorago, zeren eta lau antzezle paregabek jardun baitute taula gainean, baina argi geratu zaigu —oraingo honetan inoiz baino gehiago— zuzendariaren eraginez eraiki dituztela era horretan lau antzezleek beren pertsonaia konplexu bezain neurtuak: Ione Irazabal, konbentzioetan preso den ama zurrunaren rolean; Mikel Losada, semearen estilo amaneratu ia antzemanezinean eta giro itogarri hartatik ihes egin nahian; Arnatz Puertas, orbangabea amak alabarentzat nahiko lukeen ezkongaiarena jokatuz… Azkenerako utzi dugu Miren Gaztañagaren rola, hitz gutxi batzuekin, gorputzaren jarrerarekin, erantzun emozionalekin eta begiradarekin eraiki duelako Blue Roseren izaera tormentatua baina aldi berean maitagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.