Ez dakit zerk eramango zuen gure ama Egunero hasten delako irakurtzera — orain datozkit galderak, egia esan—, baina nik neuk derrigortuta irakurri nuen. Gogoan dut, gainera, nola lotsatu nintzen edizio zaharra izateaz eskola-kideen artean: besteen liburu berrien usainik ez zuen nireak.
Horrela hasi du Ramon Saizarbitoriak hitzaldia: «Zerbaitek amorrua ematenbadit da, norbaitek kalean harrapatzen nauenean esatea Ehun Metro ikastolan irakurri zuela; nire nobelak eskolan derrigortuta irakurri zituela esatea, alegia». Juan Luis Zabala idazlea izan genuen kazetari eta irakurle modura hitzaldia zuzentzen, Saizarbitoriari galderak eginez.
Martutenez galdegin beharra zegoen, zelan ez, hainbeste urtez ondutako lanaz. Entzuleoi, edo hobeto esan ikasleoi, zera esanez erantzun dio galderari Saizarbitoriak: «Ordu galduak irabazten ikasi beharko zenukete». Gogoratzeko borondateak egin duela bera idazle, eta pozgarria zaiola hain irakurle desberdinek errespetuz hartu izana liburua. Fede onez idatzia omen dela. Baina fede onez eginak daudela nobela txar asko ere gehitu dio Zabalak.
Hirurogeiko hamarkadan idatzitako Ez naiz jatorra artikuluaz galdetuta: «Euskarari modernotasuna ekarriko dion belaunaldi berri bat sortu behar da». Philip Rothen Human Stain (Giza orbana) liburuan gertatzen den modura, bera ere genetikoki beltz den zuri baten gisa bizi izan dela Donostian. Herritik etortzen ziren borono deituriko haien aldean, moderno izan nahia aldarrikatzen zuen bere sakoneko boronotasunean. «Gure aberria egiteko modua Avenidako tabernetan Martiniak euskaraz eskatzea zen». Normalak ez garela onartuta aldatu beharko dugu errealitatea, haren ustez helburuak betetzearekin beharrean, adierazleak betetzearekin obsesionatuta baikaude.
Txillida-Oteiza dikotomiaz hitz egin digu, eta idatzi beharko duela horri buruz noizbait, seguru dela lehenak euskara ikasteko saio sakonagoak egin zituela, eskatzen ziotena ematen zuela euskararen alde; «baina ideologikoki ez zenez ezer…». Baina Zabalak Saizarbitoria-Atxaga dikotomiaz galdegitean, ezer baino lehen esan du ez duela maite ona-gaiztoa zera hori. Berak Euskal Herrikoari eutsi diola, bertako irakurleei, kanpora begira egon gabe. «Ni ez naiz hasiko aeroplanoak hartzen Londresen hitzaldi bat emateko». Idazle gazteek arrisku hori dutela: euskara pausu gisa hartzea, mundu benetakora pasatzeko. Kirmen Uriberen kasua aipatu du. Munduari balio erantsi bat emateko gai izan behar dugula, ez erdaratan egiten dena egiteko. «Idazleek beste arrisku batzuk hartu beharko genituzke». Gerra zibilaz idazteko gogoa duela oraindik, beraz, gatazka deitzen den honetaz ea noiz bukatuko dugun idazten galdetu du.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa
Arriskuak hartzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu