Arriskua eta konplizitatea

Itxitako fundizio enpresa baten etxabean hasi ziren lanean Luque Tagua eta Laura Etxebarria 1986an, eta 25 urteren ondoren, erreferentziazko antzokia da gaur egun Bilboko Fundicion aretoa zirkuitu alternatiboan

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bestelako Bilbo bat zen ordukoa. Itxi berria zen Euskalduna ontziola, eta agerikoak ziren oraindik haren arrastoak, eta urruna zen oraindik Guggenheimen museoaren itzala. Aurrera egin zuten, halere, Luque Taguak eta Laura Etxebarriak. 1986an Fundiciones Ligeras del Norte enpresarena izandako eraikina eskuratu eta kultura areto bat sortu zuten: Fundicion jarri zioten izena. Ramon y Cajal kalean hasi ziren lanean, bigarren solairuan. «Orduan Bilbok ez zuen egungoak duen postal itxurarik», azaldu du Taguak. «Garai nahasiak ziren, eta nabarmena zen krisiaren eragina, baina izan genuen, halere, aurrera egiteko ausardia hori». 25 urte bete ditu aurten aretoak, eta erreferentzia gune garrantzitsua da egun gune alternatiboen zirkuituan. Eskertza festa antolatu dute bihar, 20:00etan.

Europan ikusiak zituzten antzeko ekimenak, eta hala hasi ziren lanean; imitazioz eta senez. «Lagunak gonbidatzen hasi ginen, baina sekula ez genuen pentsatu areto bat eraikitzen amaituko genuenik. Hasi eta hamar urte geroago ohartu ginen hizkuntza administratiboa ikastea ere garrantzitsua zela, mezenas babesleen kontua oso urrun zegoela eta ekimen publikoak ere presente egon behar zuela». Orduan erabaki zuten dantza eta antzerkiaren bidegurutzeko proposamenetan espezializatu behar zutela. Orduan egin zuten leku aldaketa ere, 1996an. Francesc Macia kalera jo zuten, ibai ertzera. «Susmatzen genuen hori izango zela hiriaren ardatza, baina Guggenheim museoa muntatzen hasterako hamar urte generamatzan lanean».

«Mugan gabiltza beti». Hala azaldu du Taguak Fundicionen ildo artistikoa. «Aspaldi apurtu ziren antzerkiaren eta dantzaren arteko mugak. Gorputzaren poetikak aipatzen ditugu guk. Gorputza akzio politiko bat da, gorputz biluzi bat gaur egun ere akzio politiko bat da». Bidegurutze horretan kokatzen du bere burua Fundicionek; hitzaren eta gorputzaren arteko mugan, eta hiru dira egun dituen lan ildoak: urte osoko egitaraua, Guggenheim eta Euskalduna aretoetara ere heltzen den Dantzaldia izeneko dantza jaialdia eta dantza ikuskizunak kaleetara eramaten dituen Lekuz Leku jaialdia. Ohiko programazioetatik kanpoko eskaintza artistikoak dira, betiere, Fundicioneko kideek antolaturikoak, «arrisku maila bat duten proposamenak».

Kontsumo espektakulurik ez. «Garrantzitsua da dibertitzea, baina horretarako badira beste areto batzuk eta beste egitarau batzuk. Guk topaketak bilatzen ditugu. Mundu garaikidean bizi den artista garaikidearen duden eta galderen eta haiek konpartitzeko gogoz den publikoaren arteko topagune». Hedatzen ari omen da orain joera. «Instituzioak ere ohartu dira jadanik jendeak askoz ere harreman transbertsalagoa eskatzen duela egun. Kontsumo espektakuluen ordez, esperientzia espektakuluak nagusitzen direla. Antzerkiko laugarren horma aspaldi hautsi zen. Ez dago jadanik publikoaren eta sortzailearen arteko halako muga nabarmenik. Guk presente izan dugu pentsamendu hori beti».

Apurtutako zubiak osatzen

Aretora heldu, emanaldi bat eman eta aretoa utzi; amaitutako formula da hori, Taguaren hitzetan. Bai, behintzat, sorkuntza garaikidearen kasuan. Hori baino gehiago eskaini behar dute aretoek, eta gehiago eskaintzen saiatzen dira Fundicioneko kideak. Egonaldiak ere antolatzen dituzte, adibidez. Laguntza praktikoa eskaintzea da asmoa. Sortzaileekin eskutik joatea, finean. «Euskal Herrian ditugun azpiegiturak izan daitezke oso profesionalak agertokiaren gainean, baina oso hauskorra da haren inguruko egitura. Zabalkunde lanaz ari naiz, programatzaileekin egin beharreko kontaktu lanaz... Xedea ez da saioak lortzea soilik, programatzaileekin konplizitatea lortzea baizik. Gurean diren lanentzat hori da ideala».

Hori ala porrota. Ez dago alternatiba handirik, Taguaren hitzetan. «Sorkuntza garaikidean, maiz, hautsita daude ikuslearen eta artistaren arteko zubiak», azaldu du. Zaila da hirukiaren oreka. «Programatzaileak, ikusleak eta artistak argi ulertu behar dute gauza bat: elkar ulertu beharra dutela. Ez dira arerioak. Konplizitatea da behar-beharrezkoa». 25 urte daramatzate haiek horretan lanean, eta luzea da artista konplize horien zerrenda. Batzuk aipatu ditu Taguak: German eta Jorge Jauregi, L'Alacran-Legaleon konpainia, La Ribot artista, Asier Zabaleta... «Mundu guztia pasa da hemendik! Euskal Herrikoa eta kanpokoa. Sarbide bat izan gara kanpotik etorritakoentzat, eta laguntza gune bat, berriz, hemengo sortzaileentzat. Komunitate bat sortu dugu».

Etorkizuneko erronka

Garai zailak ziren 1986an Euskal Herrian bizi zirenak, eta egungoak ere zailak direla dio Taguak. «Mugan» bizi omen dira ekonomikoki ere. «Dirua behar da, eta baliabideak erakunde publikoetan daude. Gu hazitegi txiki bat gara, urteetako lanari esker sinesgarritasun bat lortu duena, bai etxean eta bai kanpoan. Baina beti gabiltza ertzean. Agintariek ulertu behar lukete ekimen handiek eta txikiek, denek osatzen dugula hiri bat. Ezinbestekoa da maila askotan aritzea. Handiek hor egon behar dute, ados, baina txikiak ere funtsezkoak dira. Oraindik ere zaila da, ordea, pribatuaren eta publikoaren arteko uztarketa hori». Muga horretatik mintzo da etorkizunaz. «Aretoa eta egitaraua handitzea litzateke hurrengo urratsa, baina dirua behar da horretarako. Gu heldu gara gure mugara. Erakunde publikoek erabaki beharko lukete orain proiektu hauek beren politiken barnean sartzea. Bien arteko ulermen moduko bat lortzea litzateke hoberena».

«Ez nuke kexuegi azaldu nahi», dio Taguak. «Zaila da hau, noski, baina hemen egon nahi dugulako gaude hemen». 1986an aretoa irekitzera bultzatu zuen sen eta gogo bera da, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.