Zinema. Estreinaldiak

Arrisku handiko voyeurismoa

Aretoetara ailegatu da François Ozonen 'Dans la maison', Donostian Urrezko Maskorra eskuratu ondoren

Zinemarekin eta literaturarekin jokatzen du filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, aurten ez da eztabaidarik izan Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren gainean. Jakina denez, François Ozonen Dans la maison filmak eskuratu zuen sari gutiziatuta, eta inor gutxi ausartu da epaimahaiaren erabakia kritikatzen. Donostian arrakastaz estreinatu aurretik, filma Torontoko zinemaldian ikusteko aukera izan zuten, eta, han ere, sari garrantzitsu bat lortu zuen: kritikarien Fropresci saria, hain zuzen.

Urteetako ibilbide artistikoari esker, zinemagile frantziarrak nolabaiteko prestigioa irabazia zuen, baina denen ahotan jarriko zuen film handi bat falta zuen. Dirudienez, Dans la maison-ek funtzio hori betetzen ahal du. Genero ia guztietan trebatua da, eta komediatik musikalera doan filmografia luze bezain gorabeheratsua du Ozonek. Hauek dira orain arte egin dituen film nabarmenenak: Gouttes d´eau sur pierres brûlantes, Swimming Pool eta Le temps qui reste .

Zinema estatubatuarraren miresle handia da frantziarra, eta behin baino gehiagotan Woody Allen izatera jolastu da. Oraingo honetan, Manhattaneko zinemagile kutunarengana inoiz baino gehiago hurbiltzea lortu du, eta horren ondorioa izan da orain arteko haren filmik borobilena.

Izan ere, garai bateko Allenengandik asko du Dans la maison-ek: bizimodu burgesaren kritika egiten du, eta, era berean, klase sozial horrenganako nolabaiteko lilura ere agertzen du. Komedia ukitua eta osagai misteriotsu edo beltzak ere uztartuko ditu filmak, askotan Allenek egin duen modu bertsuan. Azkenik, artearen eta errealitatearen inguruko gogoeta da film osoa.

Antzezlana abiapuntu

Dans la maison-en iturburuak ez du zerikusirik zinemagile estatubatuarrarekin. Juan Mayorga idazle espainiarraren antzezlan batean oinarritu da Ozon; El chico de la última fila izeneko lanean. Horren berririk izan, eta hura zinemara eramateko gogoa izan zuen zuzendariak. Esan eta egin; elkarrizketaz josia zegoen antzezlana moldatzeari ekin zion François Ozonek berak, harena baita filmaren gidoia ere.

Filmak kontatzen duen istorioa irakasle beterano baten eta bere ikasleetako baten arteko harremanean oinarritzen da. Irakasleak institutu batean lan egiten du, eta literatura irakasten du. Guztiz gogogabetuta dago, urtetik urtera izaten dituen ikasleen maila gero eta kaskarragoa delako.

Ikasturtearen hasiera nobedade batekin abiatuko da. Frantzian martxan jarriko den probako programa batean hartuko du parte eskolak, eta, horren ondorioz, ikasle guztiek uniformez joan beharko dute eskolara. Esperimentu horrek are gehiago ozpinduko du irakaslea.

Ikasturtea hasita, ikasle baten idazlanek atentzioa emanen diote. Bere ikaskideen aldean, diferente idazten du Claude gazteak. Zuzenduko dizkion lanekin, gero eta jakin-min handiagoa sentitzen hasiko dira irakaslea eta bere emaztea.

Interesa ez da guztiz akademikoa. Clauden idazlanen bitartez, ikaskide baten familia baten xehetasun guztiak ezagutzeko aukera izanen dute. Voyeur izateko aukera, ustez inolako arriskurik hartu gabe. Halako adikzio moduko bat sortuko dio Clauderen lanak, eta bide horretan segitzeko animatuko dute.

Baina Claude ikasle oso azkarra izaki, berehala ohartuko da zein joko maltzurretan ari diren literatura irakaslea eta haren emaztea. Eta hortaz probetxu atera nahiko du. Berak hartuko du egoeraren gidaritza; hortik aurrera, gainerako pertsonaiak hark markatuko duen erritmora dantzatuko dira.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko interpretazio interesgarri bat da Dans la maison-ek ikusleari proposatzen diona; maila ugari dituen jolas metaliterarioa da, ispilu joko maltzur bat.

Fabrice Luchini aktore beteranoak jokatu du literatura irakaslearen rola. Claude gaztearena, berriz, Ernst Umhauer aktore ezezagunak egin du. Eta hirukiaren hirugarren erpinean Kristin Scott Thomas dotorea dago, irakaslearen emaztearena egiten.

'DANS LA MAISON'

Zuzendaria: François Ozon.

Aktoreak: Kristin Scott Thomas, Emmanuelle Seigner, Fabrice Luchini, Diana Stewart, Denis Menochet, Jean-François Balmer Fabrice Colson, Ernst Umhauer. Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 105 minutu.

Estreinaldia:Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.