Jon Basaguren. Musikaria

«Arriskatzeko lotsa gutxiago izan beharko genuke»

Badaki korrontearen aurka ari dela igerian. Singleak eskatzen ditu gaur egungo aroak, baina disko oso eta koherente bat sortzea izan da erronka harentzat. Bihar argitaratuko da Izaki Gardenak taldearen laugarren estudioko lana, 'Dena oskol' izenburupean.

GALDER IZAGIRRE.
Inigo Astiz
Gasteiz
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Izaki Gardenak taldeak soula eta psikodelia ukitu bat txertatu dizkio bere soinuari Dena oskol lan berrian. Bere ahotsarekin eroso sentitu da Jon Basaguren (Gasteiz, 1984), eta gizarteari begira jarrita idatzi ditu letrak. Autoekoizpen lana da, «autoekoizpen kolektiboa», zehaztu duenez. Izan ere, Gasteiz inguruko beste hainbat talderekin batera sortutako Erraia zigiluarekin kaleratuko du diskoa taldeak, bihar. Gasteizen, Hala Bedi irratiaren tabernan, patxadaz mintzo da bere asmoez.

Dentsitatea. Hitz hori etor daiteke burura diskoa entzutean. Aurri gara lanean jadanik ikusten zen abesti guztiak estetika eta soinu batean biltzeko asmoa, eta oraingoan ere esan daiteke hori izan dela asmoa.

Aurreko diskoan oso kontzienteki egin genuen hori, eta oraingo honetan bidea jarraitu dugu: disko bat konposatzera joan gara, eta ez kantak konposatzera. Are gehiago, binilo bat konposatzera jo dugu. Erabaki nuen binilo formatuan argitaratuko genuela diskoa, eta horrek zehaztu dizkigu molde batzuk: bi alde ditu binilo batek, eta erabaki nuen alde bakoitzean lau kanta joango zirela, eta ideia horren gainean ibili gara jolasean. Horregatik, ideia batzuk deskartatu ditugu, ez agian txarrak zirelako, baizik eta ez zutelako enkajatzen diskoaren ideia horretan. Formatuak bideratu du gero zer aterako zen.

Binilo bat, Spotifyren sasoian.

Bai. Urte hasieran erabaki genuen beste disko bat konposatzea. Nik banituen ideia batzuk, eta egin behar nuen zirt edo zart, grabatu edo utzi pasatzen eta ahaztu, eta erabaki genuen grabatzea. Horretarako behar nuen motibazio pixka bat, ez bainuen errepikatu nahi jadanik egindakoa, eta, gainera, ez zait gehiegi gustatzen orain musika nola egiten den eta nola zabaltzen den ere. Pentsatzen hasi nintzen, «zer gustatzen zait niri?», eta niri gustatzen zaizkit diskoak. Izango naiz zaharruno bat, baina niri disko bat entzutea gustatzen zait, ona, eta horretara jo dugu. Igual izango da korrontearen kontra joatea ere bai.

Erresistentzia keinu bat da?

Agian, bai, baina sinistuta nago badagoela jendea oraindik ere diskoekin gozatzen duena. Batzuk ezagutzen ditut, ez dira izango gehiengoa, baina badaude. Guk entzun nahi genukeen disko bat egin dugu, azkenean. Hortik aurrera, zenbat diren hori baloratzen dutenak, eta hori gustuko dutenak, ba ikusiko dugu, baina gu pozik gelditu gara.

Abentura gogo moduko batek eraman zintuzten Sevillako La Mina estudiora.

Euskal Herrian badira oso soinu ona ateratzen duten estudio pila bat, baina ez zen hori bakarrik. Nahi genuen bostok egon zazpi egunez elkarrekin bilduta. La Minak hori guztia zeukan. Raul Perez da ekoizlea, eta egin dituen lanak oso ederrak iruditzen zaizkigu. Lan egin du, adibidez, Pony Bravo, Guadalupe Plata eta Maika Makovskirekin, eta disko horien soinua asko gustatzen zaigu. Hitz egin genuen berarekin, eta ikusi genuen kontrolatzen zuela gure estiloa, baina, era berean, ez zuela batere ezagutzen nor ginen. Aurreiritzirik ez zuen, eta hori nahi genuen.

Eta nolakoa izan da Raul Perezekin lan egitea?

Etxe bat da estudioa, eta polita da bizi zaren lekuan grabatzea. Nahasketarako gauza gutxi uzten ditu zintzilik; grabatzeko momentutik joaten da nahi duen soinuaren bila.

Nolabaiteko izpiritu analogiko batez?

Bai. Oso digitala izan da dena, baina hasieratik joaten da nahi duen soinuaren bila, eta hori asko gustatu zaigu. Ez da izan batere traumatikoa, oso-oso erraza izan da. Egia da lan handia egin genuela lehenago entsegu lokalean. Han bai egon ziren dramak kantuekin.

Gustuko kanta batzuk hil egin behar izan zenituztelako?

Edo gustuko kantak ez zirelako iristen. Probatu ideia bat lokalean eta, bale, bai, baina besterik gabe. Eta kendu egin behar, diskoan ezin zelako sartu besterik gabeko kantarik. Horrekin alderatuta, oso ondo egon gara estudioan. Kantak oso itxita eraman genituen, baina Raul Perezi utzi diogu soinu aldetik bere ideia gauza zezan, eta gu joan gara grabatzera.

Orain arte egin duzuen amerikar kutsuko pop horri soul nahikotxo eta psikodelia ukitutxo bat gehitu diozue.

Bai! Horiek dira gure koktelontzira gehitu ditugun elementu berriak. Izen batzuk ere eman ditzaket, baina entzuleek esango dute. Egon dira disko batzuk asko markatu gaituztenak, eta badoa hortik kontua, bai. Liberen teklatuak askoz ere presenteago daude, eta horrek ematen dio soul ukitu hori. Koru batzuk ere oso soul girokoak egin ditugu, eta nire ahotsa erregistro grabexeagoan dago. Oso eroso nago hor.

Abestiak gero eta soilago bihurtuz zoazela dirudi: oinarri on bat, lelo on bat, zubi on bat, eta kito. Abesti erromanikoak dirudite.

Uste dut ni naizen modua islatzen dela kantetan, eta gaur egun banaiz gero eta erromanikoagoa. Sartu dugu aitzurra kanta batean baino gehiagotan eta kendu ditugu zatiak. Ez bazuten ekarpenik egiten eta iruditzen bazitzaigun luzatzen ari ginela luzatzeagatik, kendu egin ditugu. Dena abestira zuzenduta dago diskoan. Hasieratik ari zara entzuten kanta, ez dago introrik. Horretara jo dugu, baina izan daiteke hurrengoetan bestela jokatzea.

Lehen diskoko lehen kantuan aipatzen zenuen arantzak barrurantz itzulita dituen sagarroia zinela. Esaldi horrek, beharbada, azal dezake nola landu izan dituzun letrak, beti intimismorako joera batekin. Halere, esan daiteke Dena oskol orain arteko guztiak baino nabarmen sozialagoa dela.

Aurri gara orokorrean bazen oso intimista. Gertatu zitzaizkidan inguruan gauza batzuk oso hurbiletik bizi behar izan nituenak, eta erabili nuen diskoa barruan nituen gauza batzuk ateratzeko. Alde pertsonaletik gehiago zegoen. Baina disko honetan hasi behar nuenean hitzak lantzen, ez zitzaidan ateratzen pertsonaletik gehiegi esateko. Esango nuke Aurri gara antsietateari eta heriotzari edo galera bati eginiko diskoa dela, grosso modo, eta Dena oskol, aldiz, orokorragoa dela, badagoela gehiago gure sentimenduen inguruan eta ez hainbeste nire sentimenduen inguruan. Eta «gure» horretan, ateratzen zitzaizkidan etengabe oskolak, kristalezko sabaiak, harresiak... Babestu eta hesitzearen arteko metafora joko hori erabili dut, eta topo egin nuenean dena oskol hitzekin, argi izan nuen hori zela izenburua.

Diskoak ematen duen gizartearen irudia ez da bereziki baikorra. Etorkizuna abestiko esaldi hau da akaso kasurik adierazgarriena: «Hainbeste kolpek apalduak,/ erantzun beharrean,/ deprimitzen gara».

Hori da ikusten dudana. Ezin dut esan super ondo ari garela eta dena konponduko dela. Izpi batzuk badaude, baina egia esan gutxi dira. Asko kritikatzen da diskoan sumina sarean askatzen dugula, eta neure burua sartzen dut hor. Bai, haserre gaude, baina zer? Zer egiten dugu? Triste jarri. Nik ez daukat irtenbiderik, eta ez dut irtenbiderik ematen diskoan, ez dakidalako zer egin dezakegun. Arazoaren planteamendu moduko bat da, ikusten dudanaren diagnosi bat. Xumetasunetik.

Taldekideekin beti izaten dituzu gorabeherak. Oraingoan Libe Garcia de Kortazar, Danilo Foronda, Fede Egiluz eta Dani Arrizabalaga izan dituzu ondoan, baina zuzenekorako Joseba B. Lenoir sartuko da Forondaren ordez. Nola bizi izan dituzu halako aldaketa etengabeak?

Asimilatu dut sekula ez dudala talde bat izango. Ari naiz pentsatzen familia bat garela. Joseba hasierako diskoetan egon zen, eta orain bueltan dator berriz. Badago jende bat Izaki Gardenak-en orbitan, eta, bakoitzaren bizitzaren momentuaren arabera, eta geure nahien arabera, joango da osatzen momentu bakoitzean Izaki Gardenak. Taldekide guztiek esaten zidaten hasieratik Izaki Gardenak ni nintzela eta listo, eta ez emateko hainbeste buelta, eta taldea izango zela nik nahi nuena, baina ardura handia da hori, eta nahi nuen taldearekin partekatu, baina denborarekin ikusten duzu ez dela ezer pasatzen, eta ez dutela zertan izan beti taldekide berberak.

Hainbat musikari biltzen dituen Erraia kolektiboaren sustatzaile ere bazara, eta zigilu horren babesarekin kaleratu duzue diskoa.

Hori izan da disko honekin izan dugun beste erronketako bat. Nahi genuen autoekoizpena izan zedin, baina, era berean, ez zitzaidan gustatzen Durangoko Azokan ikusten dena, adibidez: taldeek erabaki behar dute Musikazuzenean ekimenaren standean beste 60 talderekin batera egon nahi duten —ez dadila gaizki ulertu, sekulako lana egiten du Musikazuzenean-ek, e!—, itsaso horretan egon, edo, hortik ateraz gero, stand propioa bakarrik jarri nahi duten. Eta, bestela, ezer ez. Diskoak diskoetxeekin ateratzea zaila dago, eta askotan musikariok ere ez dugu hori nahi izaten, eskaintzen dituzten baldintzengatik, baina ez zait gustatzen itsasoan disolbaturik edo guztiz bakarka egotearen artean hautatu beharra. Horregatik sortu genuen Erraia, plazan egoteko beste modu bat egon daitekeela pentsatzen dugulako. Gasteiz inguruko hainbat talde elkartzea izan da asmoa, autoekoizpen kolektiboaren ideia lantzeko. Ez gara ezer asmatzen ari, hor dago BideHuts, eta leku askotan daude antzeko proiektuak, baina lan hori Gasteiztik egitea izan da gure helburua.

Euskadi Irratian Zidorrean musika saioa aurkezten duzu. Ematen dizu horrek euskal musikagintzari begiratzeko talaia bat. Asko aipatzen da ikusgarritasun faltaren arazoa euskal sorkuntzan. Zer ikusten duzu zuk talaia horretatik?

Ni nago pixka bat aspertuta negar egiteaz. Sekulako kalitatea dago, disko oso ederrak argitaratzen dira urtero-urtero, eta estilo aldetik ere oso pluralak. Kritika moduan esango nuke, eta berriz ere neure burua sartzen dut hor, esperimentaziorako eta arriskatzeko lotsa txikiagoa eduki beharko genukeela. Badaude esperimentatzen eta arriskatzen duten taldeak, baina konplexu txikiagoaizan beharko genuke. Batzuetan daukagu Euskal Herriko eszenaren irudi bat pixka bat zaharkitua, eta nik uste dut gure eszenak onartzen dituela proposamen arriskatuagoak ere. Hori izango litzateke kritika.

Elkarrizketa osorik, webgune honetan: www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.