Poeta

Yolanda Castaño: «Arriskatzeko gaitasun handia ikusten diot poesia galegoari»

Galiziako poesia mugimenduko izenik bizienetako bat da Yolanda Castaño, bai egile gisa eta bai kultur eragile gisa. Espainiako Poesia Sari Nazionala jaso zuen iaz, eta sorkuntzako prekaritateaz ari da idazten egun. Donostian izan berri da.

Yolanda Castaño poeta, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Yolanda Castaño poeta, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko ekainaren 16a
05:10
Entzun

«Ni ez naiz beste ezertan aritu. Poesia nire bizitzaren, nire lanaren eta nire ahaleginaren muinean jarri duen norbait naiz». Bete-beteko apustu horrek egin du ezagun Yolanda Castaño poeta (Santiago, Galizia, 1977). 17 urte baino ez zituenean publikatu zuen bere estreinako poema bilduma, eta, errezitalez errezital, liburuz liburu, Espainiako Poesiaren Sari Nazionala irabaztera heldu zen iaz, Materia izeneko lanik berrienarekin. «Badu halako zera kanonizatzaile bat [sariak], baina batez ere duela hogeita hamar urte urratutako bide baten, orduan hartutako erabaki baten eta ordutik egindako lanaren berrespen modura hartu dut». 

Argitaratzen hasi zen bezain gazte hasi zen bere poemak hara-hona eramaten Castaño, eta maiz izan da Euskal Herrian ere. Azkena, asteon, Donostiako Poesia eta Pentsamendua jardunaldien barruan —bezperan hitz egin du BERRIArekin telefonoz—. «Asko bidaiatzen» duela dio, eta irakurleekin zein beste poetekin enkontruak motzak izaten diren arren, poesiaren ezaugarriekin ondo ezkontzen den zerbait da hori harentzat. «Poesiak formatu laburra behar du. Lurrinontzietan kontsumitzen da, ez granel eran. Genero dentsoa da, aukera ematen duena gerora ere ahogozatzen jarraitzeko». Beste era batera ere esan du: nola musikarientzat kontzertuak, hala poetarentzat errezitalak. «Zure lana beste publiko batzuengana iritsarazteko modu bat da, baina, batez ere, genero honentzat funtsezkoa den ahozkotasunarekin bat egiteko bide bat. Poesia, sortzez, ez baitzen liburuetarako sortu; bere alderdi eszenikoa duen indarguneetako bat da niretzat».

«Espainian hamar urtetik hona gertatu da gorputzaz ikuspegi feminista batetik idazten duten emakume idazleen loraldia, baina Galizian hamar urte lehenago hasi zen. Euskal literatur kritikak ere hitz egin du Galiziako poesia femeninoak euskarazko poesia garaikidean izan duen eraginaz».

YOLANDA CASTAÑOPoeta

Elevar as pálpebras (Betazalak goratu) izen zen 17 urterekin argitaratu zuen estreinako liburua, eta, handik lau urtera, 21 urterekin plazaratu zituen hurrengo biak, «eferbeszentzia handiko garai batean»: Delicia (Delizia) eta Vivimos no ciclo das erofanías (Erofanien zikloan bizi gara). Azken horri esker, Galiziako Poesiaren Kritikaren Saria irabazi zuen, eta «mugarritzat» ikusten du bere ibilbidean, «kanpoan ere parte hartzen» hasteko ateak ireki zizkiolako, «hasieran estatu barruan eta apurka baita handik kanpo ere». 

Lehen lanen inguruan, «gorputzari, erotismoari eta maitasunaren esperientziaz» idazteko bulkada oroitzen du, denborarekin indarra galtzen joan diren gaiak bere obran. «Interes horiek apaldu ahala, galdera handiak agertu zitzaizkidan: identitate pertsonalari buruzkoak eta gure irudiak bistaratzen eta isiltzen dituenei buruzkoak, betiere genero ikuspegi batetik». Horrek denak «besteekin konektatzen zuen» horretaz hausnartzera eraman zuen ondorengo lanetan. Hizkuntzaz, nagusiki. «Hizkuntza zubi bat bada, ez da zubi zuzen bat, bihurguneak eta oztopoak dituen zubi bat baizik».

«Soiltzera» egitea

Azken lanean, berriz, familiarengan jarri du arreta Castañok, ikuspegi ireki batetik, ama ez izateko hartu zuen erabakiraino. Hiru zatitan egituratu du liburua, materiaren solido, likido eta gas egoerei segika. Lehenak atzera begiratzen du, «oroimen historikoa berreskuratzeko»; bigarrenak familia orainetik eta «era zabalean» aurkezten du, «etxetik beretik hasi eta lagunetaraino»; eta azkenak proiekzioez dihardu. «Zehatzago, nahi bada, amatasunari uko egin izanaz». Hartaz dihardu, esaterako, Hitzordura ez azaltzea poemak; ginekologora egin beharreko bisita bat aipatzen hasi, eta etorkizunari atea ixteari buruz mintzo da bertan. «Nire gorputzean ikusiko dut berandu izatea./ Hitzordu horretara ez naiz azalduko», amaitzen da. Liburuko beste poema batean, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemari egindako erreferentzia zuzena ere badator.

Kontatu du «bitxia» zaiola Materia-rekin gertatu dena. Pandemian idatzi zuen —«oso bakarrik eta oso kontzentratuta»—, eta duda zuen bere senditik kanpokoentzat zein interes izan zezakeen. Aitzitik, sariez gain, irakurle askoren iritziak heltzen joan zaizkio apurka, eta liburuari ikusten dion «eklektizismoa» jendeak ondo hartu izana nabarmendu du. «Ez da kritika ofizialak baloratu ohi duen zerbait, baina bistan da irakurle arruntarentzat ez dela oztopo bat».

Eklektizismoa aipatu arren, oro har, denborarekin bere ahotsak «soiltzera» egin duela iruditzen zaio. Hizkuntzari dagokionean bederen. «Irudi poetikoak eta aparatu metaforikoa aurrez gehiago lantzera jo dut; kontzeptualki ezer sinpletu gabe, baina ildo itxuraz argitsuago bat bilatuz».

Klase arrakalaren arriskua

Ez zaio iruditzen ideia berria, baina «goraldian» sumatzen ditu letra galegoak Castañok. «Urte batzuk dira jada Galiziako poesiak osasun paregabea duela», esan du. Inpresioa du «maila bikaina» dagoela, eta «Europako beste poetika garaikide batzuen konparazioan» ikusten du hala. «Arriskatzeko gaitasun handia ikusten diot poesia galegoari, sormenerako anbizioa, eta baita autonomia ere. Ez da, inondik inora ere, aterki handiago baten barruko sukurtsal bat. Sentitu egiten da tradizio propioa duen literatura bat dela».

Zenbait kasutan, «abangoardian» dagoela ere esango luke. «Begiratu gorputzaz ikuspegi feminista batetik idazten ari diren emakume idazleen loraldia. Espainian hamar urtetik hona gertatu da hori, baina Galizian hamar urte lehenago hasi zen. Ez dut nik esaten, asko ikertu den fenomenoa da. Are, euskal literatur kritikak ere hitz egin du Galiziako poesia femeninoak euskarazko poesia garaikidean izan duen eraginaz». 

«Txanpon sinbolikoarekin ordaintzen zaigu, beste guztien sistema ekonomiko berean bizitzera behartuta gaudenean. Lan bat egiteagatik ez kobratzea aukera ema dezaketenen esku uzten badugu poesia, sekulako klase arrakalarekin amaituko dugu».YOLANDA CASTAÑOPoeta

Poeta jardunarekin paraleloan, hamaika proiektu kultural sustatzen ere aritzen da Castaño. Horien artean, Poetas Di(n)versos zikloa zuzentzen du, zeinak poeta galego bat eta nazioarteko bat elkartzen dituen astelehenero —udan salbu—, duela hamabost urtetik baino gehiagotik. Adonis, Adam Zagajewski, Ana Blandiana, Raul Zurita eta Nuno Judice igaro dira bertatik, besteak beste. Bere poltsikotik dirua jarri eta hipoteka bat ere eskatuta, idazleentzako eta itzultzaileentzako 1863 egonaldi programa ere jarri zuen martxan Coruñan, duela bost urte. 

Izan ere, idazketa inguratzen duten baldintza materialei buruzko gogoetan dabil buru-belarri azkenaldian Castaño. Haren gaineko saiakera bat argitaratzear da —«nire lehen saiakera»—, eta baita ekonomiak leku nabarmena izango duen poema liburu bat ere. «Arrisku bat» sumatzen du, «ondorio artistikoak» ere badakartzanak: «Oinordetza erromantiko baten ondorioz beharbada, zama batzuk daramatzagu arrastaka. Txanpon sinbolikoarekin ordaintzen zaigu —ikusgarritasunarekin, miresmenarekin, prestigioarekin, aitortzarekin, are, maitasunarekin...—, beste guztien sistema ekonomiko berean bizitzera behartuta gaudenean. Lan bat egiteagatik ez kobratzeko aukera eman dezaketenen esku uzten badugu poesia, sekulako klase arrakalarekin amaituko dugu. Eta horrek esan nahi du ahots asko geratuko direla kanpoan, ziurrenik deseroak, prekarioak, subertsiboak... entzunak izatea merezi duten ahotsak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.