Arrieta eta Ekai gitarristek abiatuko dute Guitaralde jaialdia, gaur, Hendaian

Festibalaren hamabigarren aldia da aurtengoa, eta Robben Ford, Diane Tell eta Thomas Fersen dira izen handiak. Larunbatera arte iraungo du

iraia vieira gil
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hamabi urte daramatza Hendaiako (Lapurdi) Guitaralde jaialdiak nazioarteko gitarra jotzaile ezagun eta hasiberriak biltzen, eta hala egingo du aurten ere. Egitaraua «ederra» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, artisten emanaldiez gain bestelako eskaintzak ere izango dira eta.

Pablo Arrietak eta Jean Marie Ekaik emango dute gaur festibaleko lehen kontzertua, 19:30ean, Les Varietes zineman. Guitaralden aurretik arituak dira biak, eta, aurten, Nire gitartxoari diskoa aurkeztuko dute. Elkarrekin egin duten lehen albuma da, eta Bernardo Atxagak hitzak jarri dizkie zenbait abestiri.

Biharko egitaraua, berriz, Habanako Duo Jade taldeak hasiko du. Gitarra bakarra joko dute, baina bi ahots izango dira oholtza gainean: Yanaysa Prieto eta Maigret Bourricaudy. Gauean, beste hiru emanaldi izango dira: Patrick Manouguianek, Alyscek eta Moh Kouyatek joko dute. «Urteetako ospea» dute hirurek, antolatzaileen hitzetan.

Maite Larburu eta Robben Ford dira ostiralean joko duten artisten artean ezagunenak. 21:00etan igoko da Larburu oholtza gainera, eta Krak bere azken diskoaren kantak interpretatuko ditu. Haren ostean joko du Fordek, 22:30ean.

Aurtengo bi izarrek itxiko dute jaialdia larunbatean: Diane Tellek eta Thomas Fersenek. Haiku bere hamalaugarren diskoan zehar «ibilbide erromantikoa» egingo du Tellek; 21:00etan joko du, Gaztelu Zahar pilotalekuan. Haren ostean arituko da Fersen leku berean, 22:30ean; gitarra eta ukelelea bateratuz, haurtzaroko garaira eraman nahi ditu entzuleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.