Arriaga antzokiak Guridiren musika eta bideojokoen unibertsoa uztartuko ditu

Larunbatean estreinatuko dute 'Guridi: magical bidaia' izeneko ikuskizuna; enpatia lantzen du, eta familia osoarentzako da. Angel Mirouk idatzi du testua, eta Pako Revueltasek zuzendu.

(ID_13671078) gURIDI: MGICAL BIDAIA bat ikuskizuna
Ikuskizuna sortu duen lantaldea, Bilboko Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko martxoaren 6a
05:05
Entzun

Ohituko zen jadanik. Baina Pako Revueltas zuzendaria ere urratsez urrats bakarrik iritsi da Jesus Guridi musikariaren musika eta bideojokoen mundua uztartuta egon daitezkeenik irudikatzera. Berez, konpositorearen musika oinarri zuen familia osoarentzako ikuskizun bat eskatu zion Arriaga antzokiak. Entzun zituen konpositorearen piezak, eta ez zuen jakin zer egin. «Jokoz kanpo geratu nintzen», onartu du. Baina, hain justu, bideojokoei esker topatu zuen aurrera egiteko bidea. Horren emaitza da Guridi: Magical bidaia ikuskizuna. Larunbatean estreinatuko dute, eta lau emanaldi izango ditu asteburuan. Bina larunbatean, eta bina igandean: 17:00etan lehenik, eta 19:30ean ondoren. Euskaraz izango dira saio guztiak, gaztelerazko azpidatziekin.

Musika eta antzerkia uztartuko ditu emanaldiak, eta, Revueltasek zehaztu duenez, «enpatia» izango du ardatz. 12 urteko Salva izeneko mutikoa izango da ikuskizuneko protagonista: inguruko guztiak haren nahien eta komenentziaren arabera erabiltzera ohituta dagoen bideojokoen izar bat. Baina, saioak aurrera egin ahala, pantailaz pantaila joango da jarrera aldatu beharraz konturatzen.

Angel Mirouk idatzi du testua, Carlos Imazek egin ditu musika moldaketak, baina izango du bere magia ukitua ere, emanaldirako hainbat magia efektu ere sortu baititu Jon Zabala ilusionistak. Bilboko Koral elkarteko umeen koruko 12 eta 18 urte arteko 46 abeslarik jarriko diote musika, eta bost aktore ere izango dira oholtzan: Gaizka Chamizo, Eneritz Artetxe, Na Gomes, Juanjo Otero eta Karmele Mautzola.

Ardura gehigarria

Revueltasek dioenez, «zaila» da familia osoarentzako ikuskizunak sortzea: «Ardura pedagogiko gehigarri bat du». Eta bi norabidetan egin behar da bultza, horregatik. «Oso garrantzitsua da ahalik eta ikuskizunik onena sortzea eta, era berean, gaur egungo gazteei eragiten dieten gaiak ahalik eta sakonen lantzea».

Eneritz Artetxe aktoreak nabarmendu duenez, ordea, emanaldiak ez ditu ikusleak «haur bihurtzen». Eta ezetz Juanjo Otero aktoreak ere. «Ertzez betetako pertsonaiak proposatzen ditu beti Angelek [Mirouk], anbiguoak, eta batere lauak ez direnak».

Bilboko Koral elkarteak lagun zaharra du Guridi. Elkartearen zuzendari ere izan zen konpositorea ia 30 urtez, baina, gainera, haurren koruak ere urteak daramatza haren hainbat kanta abesten. Orain, Guridiren doinu gehiago ikasi eta entseatu behar izan dituzte. Erronka handia izan dela onartu du Iñigo Alberdi elkarteko egungo zuzendariak. Uda aurretik hasi ziren lanean, eta pozik daude lortutako emaitzarekin.

Jose Luis Ormazabalek zuzenduko du korua, eta Alberto Saez Puentek lagunduko ditu pianoarekin. Guridiren musika ez ezik, Mikel Laboaren kanta bat ere emango dute, bai eta Carlos Imazek emanaldirako propio sortutako konposizio batzuk ere. Dantza pasarte bat ere izango du emanaldiak, bestetik. Tango bat dantzatuko dute Christina Gomez eta Borja Alcalde dantzariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.