Amador Fernandez-Savater. Ikertzailea

«Arreta ez da kontzentrazioa: presente egotea da»

Arretaren auzia da egungo gai handietako bat. «Presentziaren krisiaz» aritu da Fernandez-Savater: «saturazioak» harrapatuta dauka denen arreta, eta baldintzak ezarri behar dira askatzeko; «politikotzat» jo du hori.

ELVIRA MEGIAS.
Andoni Imaz.
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Kontzentratzeko ezina, sare sozialetako estutasuna, antsiolitikoen zabaltzea... Inguruari arretaz begiratuz gero, bistakoa da gaur egungo nahasmendu batzuek badutela lotura, hain justu, «arretaren kolapsoarekin». 2018-2019ko ikasturtean, Tabakalerak arretaren auziari buruzko ikerketa bat abiatu zuen, mintegi baten bidez, eta orduan sortutako gogoetak eta elkarrizketak liburu batean bildu dituzte orain Amador Fernandez-Savater eta Oier Etxeberria koordinatzaileek: El eclipse de la atención (Arretaren eklipsea; Ned Ediciones). Fernandez-Savater (Madril, 1974) ikertzailea da; «filosofo pirata», haren esanetan, akademiatik aparte landu izan duelako pentsamendua, jardun politikotik gertu. Gaur aurkeztuko dute liburua, Andrea Soto Calderon ikertzailearekin: 11:30ean, Donostian, Tabakalerako Medialaben.

Ezer ez dago salbu arretaren krisitik: irakurle gehienak bidean geratuko ziren honezkero.

Zerbait gertatzen ari da arretarekin, eta denok sentitzen dugu horrek baduela lotura bat teknologiarekin, abiadurarekin, prekaritatearekin... daramagun bizitzarekin. Gai horretatik abiatuta, nork bere bizitzan pentsa dezake. Gu ere horrela aritu gara: arreta ez zaigu bere hartan interesatzen, baizik eta munduaren, gizartearen eta bizitzaren adierazle gisa.

Aspaldi hasi zinen arretari buruz pentsatzen?

Problema sumatu egiten dut, beste guztiek bezala. Sareekin lotura handia zuten lanak eta militantzia egin izan ditut, eta ikusi dut nola apaldu den nire kontzentratzeko ahalmena. Eta denbora eta isiltasun falta sumatzen dut. Proiektua interesgarria izan da, hala ere, Oierrek eta biok hasieran genituen ideiak aldatu egin baitira erabat. Adibidez, orain, guretzat, nahitaez bereizi behar dira arreta eta kontzentrazioa.

Lehen kolpean, irakurtzeko kontzentrazioarekin berdindu daiteke arreta, adibidez.

Irakurketa arretaren eredu bihurtu dute ia, eta ez da arretaren modalitate bat besterik. Tuneleko arreta esaten diote, norbera bide lineal baten barruan sartzen delako. Guretzat, arreta, kontzentrazioa baino gehiago, presente egoteko modu bat da. Eta egoera bakoitzean era batera adierazten da: ez dute arreta bera arrantzan, irakasten, irakurtzen eta paseatzen ari direnek. Are gehiago: distrakzio deitzen diogun horrek berak ere izan ditzake arreta formak.

Nolakoak?

Hau da liburuko irudirik indartsuenetako bat: arreta itxarote moduko bat da. Ez tunel batean sartuta, baizik eta gertatzen ari denari irekita. Irudi hori ageri da Simone Weilen testuan; filosofoa zen, eta arreta da haren filosofiaren oinarrizko ardatzetako bat.

Hain zuzen, «presentziaren krisiaz» aritu zara liburuko testu batean. Zer ezaugarri ditu?

Ideia hori ere aldatu egin zaigu: gure ustez, egungo arazo nagusia ez da distrakzioa —topiko bihurtu den arren—, baizik eta saturazioa. Saturazioak esan nahi du igorle bakar batek, forma zentralizatu batek eskatzen duela gure arreta. Sakabanatuta egon ordez, ia denok gauza berari begira gaude: Shakiraren bideoa, ikuskizun politikoa... Egia esan, ez dago distrakzio askorik, arreta harrapatuta daukate. Egun, saturazioa problema handi bat da presentziarako.

Zer eskatzen du presente egote horrek?

Presentziak desirarekin du lotura: bakoitzak desio duenari jartzen dio arreta. Gure desira kanpotik datozen irudiek, merkantziek eta seinaleek harrapatzen baldin badute, presentziaren krisi bat dugu. Gaur gehien kostatzen dena desiraren itxarote hori da: irekita egotea, helburu baten atzetik ibili gabe.

Horretarako, denboraren jabe izan behar da.

Bai, bi batailak parean doaz: arretaz ari bagara eta ez kontzentrazioaz, desiraz ari bagara eta ez borondateaz, itxaroteak denbora eskatzen du. Denbora izatea, gauza ezezagun bat harrapatzeko, ideia propio bat sortzeko. Saturazioak nahi du guk jakitea zeri jarri behar diogun arreta, eta zer pentsatu behar dugun. «Badakit zer gertatzen ari den, eta badakit alde edo kontra nagoen». Hori gertatzen da sare sozialetan. Denborarik gabe, ez dago arretarik; kontrakoa dago: automatismoa.

Arreta errazago irudikatzen da jarduera indibidualetan. Nola eraman kolektibora?

Gure hausnarketen arabera, arretaren auzia indibiduala eta kolektiboa da aldi berean. Ezin dugu hortik ihes egin modu indibidualean. Adibidez: publizitate seinalez josita dagoen gune bat zeharkatzen ari baldin bagara, begiak itxi ditzakegu, baina gune hori ez du norbanakoak aldatuko. Horregatik, arretaren bataila kolektiboa da, eta politikoa. Lotura zuzena duelako arreta izateko behar diren baldintzekin. Liburuko autoreetako batek, Yves Cittonek, ekologiaz hitz egiten du: arreta ekosistema bat da.

Zer baldintza dira horiek?

Begira zer gertatzen ari den osasun langileekin. Arretaren alde ari dira, toki guztietan. Interesgarria da arretaren adiera bikoitz hori: arreta da gure pertzepzioa nora zuzentzen dugun, eta arreta da jendeari eskaintzen diogun hori ere. Zaintza ere arretaren forma bat da. Osasun langileek esaten dute ez dutela denborarik kontsultara doazenei arreta emateko. Horrek esan nahi du ez dutela denborarik entzuteko: automatismoa ezartzen dutela. Eta, beraz, balitekeela jendea gaizki artatzea.

Arretaren auziak badu ageriko beste alde bat: arretaren defizita; eskoletan oso hedatua dago. Nola heldu diozue horri?

Gaiari buruzko elkarrizketa bat dago. Jose Ramon Ubietok eta Marino Perez Alvarezek zalantzan jartzen dute nahasmenduaren diagnostikoa. Haien arabera, diagnostikoak esaten du pertsona batzuek minen bat dutela garunean, eta min hori medikazioarekin sendatzen dela. Baina horrek arretaren auzia despolitizatzen du, zeren, horren arabera, arretaren inguruko problemek ez lukete loturarik daramagun bizitzarekin eta arretarako baldintzekin. Erredukzionista dela esaten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.