«Arrazoizko susmoak» ditu Ertzaintzak

Iruña-Veleiako aztarnategiko ustezko faltsutzeak ikertzen aritu diren poliziek diote «antolatutako» maniobra bat izan zela

Cerdan eta Gil, akusatuen aulkian, Arabako 1. Zigor Epaitegian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Zantzu guztien arabera Iruña-Veleiako piezen ustezko faltsutzeak «antolatutako» maniobra bat izan zirela berretsi zuen atzo kasua ikertzen aritu zen ertzainetako batek Arabako 1. Zigor Epaitegian, epaiketaren seigarren egunean; eta zantzu horiek oinarri hartuta errepikatu zuen agenteak, ahoz gora aretoan, aurrez instrukzio faseko atestaturako idatzitako ondorio berbera: poliziaren hitzetan, erromatar ondare arkeologikoan «inoiz egindako faltsifikazio edo manipulaziorik handiena» izan zen Arabakoa. Ertzainaren hitzetan, «arrazoizko susmo guztiek» adierazten dute Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia, Ruben Cerdan ikerlaria eta Oscar Escribano geologoa bat eginda zeudela.

Babesleen presioak aipatu zituen polizia horrek epaiketan, ustez faltsutzeak egitera bultzatuko zituen motibazio posible gisa.2002an, hamar urterako hitzarmena sinatu zuen Euskotren enpresak aztarnategiko zuzendaritzarekin, eta, nahiz eta bertan aurkikuntzak egiteko beharrari buruzko aipamenik ez egin, babeslea zuzendaritza estutzen hasi zelako zantzuak ikusi ditu Ertzaintzak bere ikerketan.

Felix Lopez Arabako Museo Zerbitzuen burua ere izan zen atzo aretoan, lekuko modura deklaratzen, eta 2008an aurkikuntzak faltsuak zirela esan zuen batzordearen lana defendatu zuen nagusiki —batzordeko idazkaria izan zen—. Izan ere, Gilen inguruko babes taldeek behin baino gehiagotan salatu dutenez, Lopezek idatzi zituen batzorde haren ondorioak, eta ez aditu taldeko inork. Ebazpena idatzi zuenean adituen txostenak aurkeztu gabe zeudela ere azaldu dute, baina haien lana «serioa» izan zela esan zuen atzo Lopezek. Aktetan dagoela guztia, denek sinatu zituztela, eta inork ez zuela haiei buruzko kexarik azaldu. Erabakia politikoa izan zela frogatzen saiatu zen Gilen defentsa, eta ondorioa jakina zela, baita txostenak heldu aurretik ere. Lopezek, ezetz. Ondorio horretara heldu bazen, izan zela txostenen argudio nagusiak egindako aurkezpenetatik ezagutzen zituztelako.

Kustodia katearen etena

Epaiketako lehen egunean saioak bertan behera uzteko eskaria egin zuen Gilen defentsak, epaiketaren abiapuntu diren piezak gordetzeko prozesuan kustodia katea apurtu zelakoan. Salaketa hori ukatu egin zuendeklaratzen izan zen ertzainak lehenik, eta berdin gero Lopezek ere.

Ondarea hondatzea eta iruzur egitea egotzita, bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak Gilentzat, eta zazpi urte eta erdikoa aldundiak. Cerdanen kasuan, iruzurra egozten diote, eta bi urte eta erdiko zigorra eskatu du harentzat fiskalak, eta hiru urte eta bederatzi hilabetekoa aldundiak. Escribanok urtebeteko kartzela zigorra hitzartu zuen akusazioekin, pieza batean Veleia hitza idatzi zuela onartu ostean.

Zazpigarren epaiketa eguna da gaurkoa, eta, besteak beste, Amelia Baldeon Arabako Arkeologia Museoko zuzendari ohiak hitz egingo du, lekuko modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.