KRITIKA. Antzerkia

Arratoia, ez hain amorrarazita

Claudio Tolcachir da 'Rabia' obrako antzezle bakarra
Claudio Tolcachir da 'Rabia' obrako antzezle bakarra.
2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

‘Rabia’

Jatorrizko testua: Sergio Bizzio. Egokitzapena: Claudio Tolcachir, Lautaro Perotti, Maria Garcia de Oteyza, Monica Acevedo. Zuzendariak: Claudio Tolcachir, Lautaro Perotti. Antzezlea: Claudio Tolcachir. Argiztapena: Juan Gomez Cornejo. Soinu espazioa: Sandra Vicente. Bideoa eta eszenografia: Emilio Valenzuela. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Apirilak 20.

Claudio Tolcachir eta Lauro Perotti, Timbre 4 konpainia ospetsuaren sortzaileak, Argentinako antzerkiaren puntako erreferentzia ditugu. Euren lanen kalitate-bermeak beti pizten du publiko zabalaren zein adituaren jakin-mina. Baina, bada hiri bat, Donostia, non orain dela urte batzuk taldearen La omisión de la familia Coleman gogoangarria programatu zuten Antzoki Zaharrean. Garai hartan zale asko ez omen zen ohartu; hala ere, joan ginenak liluratuta irten ginen antzokitik. Larunbateko emanaldian gauza bera gertatu zen: antzokiak mukuru betetzen dituzten artisten lana ikusgai, eta eserleku libreak zeuden. Bitxia gutxienez bada. 

Rabia ikuskizuna Sergio Bizzioren (Argentina, 1956) izen bereko eleberriaren egokitzapena daukagu. Gaur arte hamabi argitalpen dituen liburuak Rosa neskamea eta Jose Maria eraikuntzako langilea ditu protagonista. Maitasunezko harremanak hasi berriak dituztela, gizonak obretako nagusia hiltzen du, eta, gordeleku batean beharrean, Rosaren ugazaben etxean bilatzen du ezkutalekua. Inork ere ez daki han bizi dela —ezta Rosak ere— eta, hartara, zelatan ematen ditu egunak, asteak, urteak. Arratoi baten konpainia baino ez dauka, eta era horretan bakarturik, mamu eta klase-arrakalen bidegabekerien lekuko bihurturik, Rosarekiko maitasuna areagotzen zaio. 

Aktore gisa duen gaitasuna berregiaztatu zuen Tolcachirrek testuaren narratzailearen zein protagonisten esanak gorpuzten zituenean, ahotsa eta modulazioa sotilki aldatuz nahiz dicendi (esaneko) aditzak erabiliz. Tolcachirrek Bizzioren testutik aukeraturiko pasarteak hitzez hitz aletu zizkigun. Hartara, egokitzapena baino gehiago, testuaren laburpena izan dela esatea legoke, kontakizun antzeztua. Gorpuzkera oso zaindua, mintzoaren bolumena guztiz egokia kontatzen ari zenerako, kontentzioa nagusi. Arazoa da liburua irakurrita duenak antzemango duela testuaren tentsioa, eta, bereziki, narrazio bihurtu den antzezpen honetan Jose Mariaren klase-amorrazioa gozotu, epeldu egiten dela, nahiz eta haren bakarrizketaz publikoaren arretaren jabe erabatekoa izan aktorea. Arratoiaren sinboloak indarra galtzen duela ere esango nuke.

Eszenografia maisulana, hori bai. Eskailera mugikor bat besterik ez oholtza erdian. Argiak eta itzalak maisuki diseinatuta, bideo proiekzioa eta soinu-banda bezala. Etxeko zaratak, kalekoak, ahotsen hainbat erreberberazio. Aspaldian ez dugu ikusi maila honetako lana arlo honetan. Hau guztia esanda, Tolcachir eta Perotti abizenak apuntatu agendan hurrengorako. Eta azkena: jakizue Tolcachirrek besaburua aterata antzeztu zuela larunbatekoa. Bi aldiz meritua, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.