Egia izeneko antzerki obrarekin irabazi du Donostia Hiriko Kutxa Literatur saria Arrate Egañak, antzerkiaren alorrean. Aurelia Arkotxak, Imanol Eliasek, Daniel Landartek, Ana Toledok eta Patri Urkizuk osaturiko epaimahaiak Egañaren lana hautatu du, sariketara aurkezturiko hamasei lanen artean. Atzo eguerdian jakinarazi zuten garaileak nor izan diren sariketaren 52. ekitaldian.Komunikazio tresna berriek izan ditzaketen arriskuen ingurukoa da, besteak beste, sarituriko antzezlana —20.000 euroko saria eman diote—. Arrate Egaña 1998an agertu zen plazara, Baporea saria irabazi baitzuen Pritzesa puzkertia liburuarekin. Geroztik, umeentzako beste hiru lan argitaratu ditu, eta nobela bat ere idatzi du: Kixmi (Elkar, 2005).
Euskarazko ipuinen arloan, Mikel Zubeldiaren Marlboro Gizona saritu dute, 10.000 eurorekin. Iñaki Aldekoak, Miren Azkaratek, Enkarni Genuak, Jon Kortazarrek eta Maria Jose Olaziregik osaturiko epaimahaiak «aho batez» erabaki du Zubeldiaren lana dela aurkezturiko 56en artean onena. «Erritmo zalua, orekatua eta estilo jasoa» duela nabarmendu du epaimahaiak. Zubeldiak bi aldiz irabazi du Euskaltzaindiaren eta BBKren literatur saria: Manikien galeria nobelarekin, 2004an; eta Ekilibristaren polka lanarekin, 2008an.
Aurtengo sariketara, 1.250 lan aurkeztu dira guztira (1.178 gaztelaniaz eta 72 euskaraz). Horietatik, 990 ipuinak dira (934 gaztelaniaz eta 56 euskaraz), eta260, berriz, antzerki lanak(244 gaztelaniaz eta 16 euskaraz). Iazko datuekin alderatuta,%14 hazi da aurkezturiko lanen kopurua, eta bereziki hazkunde handia izan da antzerkiei dagokienez, %60 hazi baita.
Gaztelaniaz, Oscar Sanzen De la misma pasta saritu dute antzerkiaren alorrean, eta Juan Jesus Fernandez De Retenaren Pregúntaselo a Katherina Meier, berriz, ipuinen atalean.
Arrate Egañak eta Mikel Zubeldiak irabazi dituzte Donostia Hiriko Kutxa sariak
Antzerkiaren alorrekoa eskuratu du Egañak, 'Egia' lanarekin, eta ipuinarena Zubeldiak, 'Marlboro gizona'-rekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu