Musika, literatura, artea, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, bertsolaritza. Diziplina ugaritako 110 sortzaile baino gehiago bilduko ditu Loraldia jaialdiaren zortzigarren aldiak. Martxoaren 7tik 27ra, 26 ikuskizun eramango ditu festibalak Bilboko hamalau espaziotara, hilabete batez hiria berriro «euskaraz egindako kulturaren hiriburu» bihurtzeko. Hautsi zen anphora! lelopean, jaialdiak euskal kulturaren erreferenteak eta sortzaile berriak batuko ditu, azken horiei leku berezia eginez, eta, ohi bezala, diziplina ezberdinek bat egingo dute ikuskizun askotan. Udaberria badatorrela iragarri dute jaialdiko arduradunek. «Euskal kultura garaikidea hemen da; loratuko da garai latz honen arrakaletatik».
Bideo baten bidez azaldu dituzte zortzigarren aldiaren nondik norakoak Imanol Agirre zuzendari artistikoak eta Amaia Ozerin komunikazio arduradunak, jaialdian parte hartuko duten hainbat sortzailerekin, eta babesle edo bidelagun diren elkarte eta instituzioetako ordezkariekin batera. Aurtengo leloari jarraiki, egitarauko lehen ikuskaria, Hautsi da anphora kontzertua, hartu du hizpide lehenik Agirrek. «Orain dela lau hamarkada, iraganarekin apurtzeko erronka hartu zuen Pott Bandak. Loraldiak erronkari jarraipena eman nahi izan dio. Gaur ere bihar izango da. Geroari begira dator Loraldia, katebegiak garela ez baitugu ahaztu».
1980an, Bernardo Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema musikatu, eta Hautsi da anphora diskoa aurkeztu zuen. Ordorika eta Mugalaris berriro igoko dira oholtzara kantu horiekin, eta garai hartako poemei «gaurko begirada literarioa» jarriko die Atxagak. Agirre: «Seguru berriro ere zirrara sentituko dugula, dabilen harriak ez baitu goroldiorik lotu». Martxoaren 11n izango da kontzertua, Euskalduna jauregian; Korrika Kulturalarekin elkarlanean antolatu dute, eta beste zenbait herritara helduko da geroago.
Katebegiek ez dute etenik izango saio horretatik aurrera, eta talentu berrienek hartuko dute lekukoa hurrengo egunean, Zorrotzaurre irlan. Hain zuzen, «gazte sormenari eremua zabaltzea» du aurten jaialdiak berritasun nabarmenetako bat, eta, urtero sortzaile gazte ugarik parte hartzen badute ere, oraingoan plaza berezia izango dute. Loraldia Terminala. Sormen berriaren harrobia lelopean, egun osoko egitaraua hartuko du Terminal espazioak: grafiti tailerrak, Euskal Herriko beatbox txapelketa, Kresala taldearen Aztarnak. Mihisean dantza obra, Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlana, Maria Oses, Idoia eta Libe Argoitiaren Gorpuztu ikuskizuna, J Martinaren kontzertua eta Noemi DJren saioa hartuko ditu plaza berriak. Ozerin: «XIX. mendeko anforak apurtu nahi dituztenek hemen izango dute aterpe». BERRIA egunkariak babestuko du gune horretako egitaraua.
Kimu berriei plaza eskaintzearekin batera, eta, ohi bezala, euskal kulturaren hainbat erreferente gogoan izango ditu festibalak, hala nola Juan Carlos Egillor, Eulalia Abaitua eta Mikel Laboa. Eta horiei lotutako ekoizpen propioak ere aurkeztuko ditu. Egillorren sormenak emango dio hasiera festibalari, lehen egunetik jaialdia amaitu arte irudigilearen inguruko erakusketa izango baita ikusgai Bira espazioan. Pott Bandarekin izan zuen harremanaren isla da, besteak beste, Ordorikaren Hautsi da anphora diskoaren azala diseinatu izana, eta azal hori du abiapuntu erakusketak. Bilbon barrena bi bisita gidatu ere antolatu dituzte hari lotuta.
Sortzaile erreferente bat ardatz hartuta, antzezlan bat propio sortu eta aurkeztu izan du jaialdiak urtero, eta Abaitua izango da aurten obra horretako protagonista. Argazkilaria eta haren lana gogora ekarriko ditu Mira-hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan ikuskariak, martxoaren 15ean, Arriaga antzokian. Ikus-entzunezkoen bidez Abaituaren hainbat argazki erakusteaz gain, Ane Pikaza aktorea eta Maite Larburu musikaria izango dira oholtzan, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean.
Hurrengo egunean, berriz, Mikel Laboaren irudia ekarriko dute gogora, hori ere jaialdiaren beste ekoizpen baten bidez. Sortzailearen esperimentaziorako joerari jarraituz, arte bisualak, musika garaikidea eta kantua uztartuko ditu La boa. Lekeitiotik hegan izeneko lanak, eta Ensemble Kuraia, Maddi Oihenart eta Elektrart elkartuko ditu Arriaga antzokian.
Aurretik, oso bestelako ekitaldi bat ere izango da. Iaz abiatutako Bozak esperientzia digitalaren bigarren aldia hartuko du Guggenheim museoak, zeina online ere jarraitu ahal izango den. Maddalen Arzallusek gidatutako saioan, solasean eta kantuan ariko dira Lide Hernando eta Maddi Oihenart; Itziar Ugarte Irizar poetak ere parte hartuko du ekitaldian.
Diziplinak, bat eginda
Diziplina bateko eta besteko sortzaileak batuko dituzten ikuskizun ugari izango dira. Horien artean da Belar hostoak. Walt Whitman proposamena, festibalerako espresuki sortu dutena, eta martxoaren 23an Bidebarrieta liburutegian Amaia Lasa poeta eta Urbil Artola musikaria zein bere taldea elkartuko dituena. Irati Jimenezek, Begiak zabalduko zaizkizue bere saiakera literarioa abiapuntutzat hartuta, testuak, bideo lanak eta musika josiko ditu Itsasmuseumen, martxoaren 17an, Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizunean. Leku berean, hurrengo egunean, literatura eta musika izango dira osagai nagusiak Hedoi Etxarteren Sortaldekoak liburuaren aurkezpenean, Broken Brothers Brass Banden eta Xabier Erkiziaren laguntzaz eszenaratuko baitu idazleak bere unibertso poetikoa. Martxoaren 26an eta 27an ere izango da diziplina nahasketa, La Fundicionen, Ixiar Rozas, Ainara Legardon eta Rafael Martinez del Pozoren eskutik, Rozasen Unisonoa lana abiapuntu izango duen ikuskizunean.
Haatik dantza taldeak mugimendua, musika eta hitza uztartuko ditu martxoaren 19an, Guggenheim museoko atrioan, Ur obran; Koldo Izagirreren gidoia eta Pascal Gaigneren musika ditu Aiert Beobidek zuzendu duen piezak, eta Olatz Beobidek testuen interpretazioa landu du dantzariekin. Martxoaren 24an, berriz, Garaiz: 60 t.m. lana hartuko du Azkuna zentroak; Mug Mus laborategiak eta Alaia Martinek sortua, denbora du ardatz, eta, horren bueltan, bi dantzari, bi musikari eta idazle bat elkartuko ditu. Halaber, dantzaren esparruan, Aukeran dantza konpainiak Migratzaileak obra eramango du Arriagara, martxoaren 25ean.
Beste uztarketa berezi bat egingo dute martxoaren 20an, Marzana espazioan: Zaloa Ipiña artistaren lanak, Xendarineko Ahizpen ahotsak eta bermuta batuko dira bertan; Imanol Sarasola sommelierra ere bertan izango da.
Azken egunean, geroari begira jarriko da jaialdia; Alaine Agirrek sortutako Gerorik balego testua abiapuntutzat hartuta, idazlea bera, Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, eta Olatz Salvador musikaria elkartuko ditu ekitaldiak.
Saio berezia Kafe Antzokian
Martxoaren 26arekin, kontzertu berezi bat hartuko du Kafe Antzokiak: Muguruza Mani-fest izenburupean, Fermin Muguruzaren musika jarriko dute erdigunean hainbat musikarik. Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak, eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa elkartuko dira oholtzan, Muguruzaren kantuen berrikusketa bat egiteko.
Bi liburu aurkezpen ere badira egitarauan. Martxoaren 21ean, Uxue Alberdi idazleak eta Araiz Mesanza ilustratzaileak Hili liburua aurkeztuko dute, eta, hurrengo egunean, Maribel Aiertzak Ezer ez da dirudiena obra. Elkar denda banatan izango dira aurkezpenak. Beste ekintza osagarri batzuk ere izango dira jaialdiak iraun bitartean, hala nola beatbox tailerrak, Ikusle Kluba, Dantzertirekin elkarlanean antolatutako zenbait jarduera, eta David Herranzen argazki erakusketa, metroko hainbat geltokitan ikusgai.
Arrakaletatik ere loratuko da
Bilboko Loraldia jaialdiaren zortzigarren aldia martxoaren 7tik 27ra izango da, eta 110 sortzailetik gora igoko dira taulara, askotariko 26 ikuskizun emateko. «Gazte sormenari eremua» zabalduko diote aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu